NAIZ
DONOSTIA

156.000 ikus-entzuletik gora izan dira Heineken Jazzaldi «gogoangarrian»

Bukatu berri den Heineken Jazzaldiaren 52. edizioa «gogoangarria» izan dela adierazi dute antolatzaileek. 156.000 ikus-entzuletik gora izan dira 17 agertokietako 105 emankizunetan.

The Pretenders taldeak 37.000 ikusle bildu zituen Zurriolan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
The Pretenders taldeak 37.000 ikusle bildu zituen Zurriolan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

52. Heineken Jazzaldia sentsazio honekin itxi dute antolatzaileek: «bere historiako osatuenetakoa izan da, kalitate artistiko altuarekin, eta publikoaren erantzuna sutsua izan da, ohikoa denez».

Ikus-entzuleak, guztira, 156.500 izan dira, 17.000 kontrolatutako sarbidea zuten aretoetan, eta 139.500 sarbide librekoetan. Miguel Martin zuzendariak egin du balorazioa Donostian eskaini duen agerraldian.

Trinitate plazako kontzertu bat nabarmentzea zaila dela esan du. «Saxofonisten urtea izan dela esan daiteke. Donny McCaslin eta Kamasi Washington izan ditugu, proposamen arrunt desberdinekin, baina biak ere jazz garaikideari buru eta bihotz emanak. Eta Charles Lloyd maisu hunkigarria, jakina, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria».

Kursaaleko agertokiari dagokionez, Wayne Shorter saxofoi-jotzailea aipatu du, eta horrekin batera Herbie Hancock, Hiromi pianista japoniarra eta Edmar Castañeda harpa-jotzaile kolonbiarraren emanaldia, eta Robert Glasper Experiment, jazz elektronikoaren alorrean.

Brian Ferry eta bere banda ere goraipatu ditu, eta publikoa zutik jarri eta txalo-zaparrada grinatsua eskaini ziola gogoratu.

Agertoki berdean, The Pretenders taldeak 37.000 ikusle bildu zituen.

Euskal bakarlari eta taldeei dagokienez, 30 izan dira, «guztiak maila altukoak». Aipamen berezia egin die Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasleei, beraiek izan baitute ardura omenaldiak lideratzeko: Ella Fitzgerald-ena, Thelonious Monk-ena eta Dizzy Gillespie-rena, eta John Coltrane-rena.

Laburbilduz, 105 emanaldi, 17 agertoki eta 156.000 entzule. Horiek dira 52. Heineken Jazzaldiaren zenbaki «hotzak, urteko garai honetarako tenperatura freskoekin bizitu duguna. Artisten eta entzuleen eskutik etorri da berotasuna, eta haiek bihurtuko dute gogoangarri».