NAIZ
IRUÑEA

Migrazioen arloan lan egiten segituko dutela iragarri dute Mugak Zabalduz-eko kideek

Melillaraino joan den Mugak Zabalduz karabanako kideek ekimen honen balorazioa egin dute gaur Iruñean. Egindako lanaz harro azaldu dira eta migrazioen arloan lanean segitzeko borondatea azaldu dute.

Martxistek gaur Iruñean egin duten agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Martxistek gaur Iruñean egin duten agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

«Karabanari Bardeako tiro eremuan eman genion hasiera. Izan ere, NATOk (zeinari gure herriak ezetza borobila eman zion) eta Espainiar ejerzitoak duten ardura zuzena Afrika eta Ekialde Hurbileko gerretan aditzera eman nahi dugu. Gerra hauek heriotza, suntsiketa, gosea eta migrazioak eragiten dute. Gure ibilbidean, Madril, Sevilla, Algeciras, Tarifa, Malaga, Melilla edo Almerian, hainbat kale ta plazetan pertsona migratzaileen giza eskubideak bermatuak izan daitezela aldarrikatu dugu, inolako salbuespen eta murrizketarik gabe. Besteak beste, Atzerritarren Internamendu Zentruen aurrean, Melillako harresiaren ondoan edo Almeriako negutegietan. Azken finean, Europar Batasuna eta Estatu Espainiarreko migrazio politika hau amaitu behar dela exijitzen dugu, bai politikoki nola gizaldekoaren aldetik guztiz lotsagarria delako», azaldu dute.

«Karabana honek migrazio prozesuetan emakumeek duten protagonismoa plazaratu nahi izan du. Alde batetik, pairatzen dituzten biolentziak eta lan zapalkuntza salatu ditugu; eta beste aldetik, egitura patriarkalek emakumeen mugimenduak eta erabakitzeko aukerak murriztu arren, horren aurkako borrokari babesa eman diogu», gaineratu dute. 

«Algeciras eta Tarifako AIZ-en aurrean berehalako itxiera eskatu dugu; Almeriako negutegien aurrean lan zapalkuntzako egoera salatu dugu; Melillako harresi hiltzailea eraisketa galdegiteaz gain, askatasun osoz zirkulatzeko eskubide internazionala bete daitezela aldarrikatu dugu», esan dute.

«Melilla, eskubiderik ezako hiria da, arrazakeri soziala eta instituzionalean eraikitutako gizartea non okupazioa militarra ta poliziala jabetzen da. Hiri horretan giza eskubideen urraketa sistematikoa ematen da harresiaren bi aldeetan, eta horretaz gain, hainbat enpresa eta lobbiak harresiaren negozioaz irabazi handiak jasotzen dituzte. Beste aldetik, emakume zamarien kontrako indarkeri poliziala sistematiko baten lekukokoak izan gara. Karabanaren aurka ere, hainbat inposaketa eta oztopoak pairatu ditugu», salatu dute.

«Aipatutako guztiarengatik, argi eta ozenki adierazi nahi dugu hau ez dela amaiera, eta deialdia guztiei luzatu nahi diegu gurekin batzeko, tokian tokiko ongi etorri eta harrera ekimenetan parte hartzeko, mugak zabalduz hurrengo karabanan elkarrekin prestatzeko», azpimarratu dute.