NAIZ
Tarragona

Trentinek Vueltako laugarren etapa bereganatu du Tarragonan

Matteo Trentin italiarra izan da azkarrena Vueltako laugarren etapan. Esprintean erabaki da etapa eta bertan ez du areriorik izan. Chris Froomek jarraitzen du lidertzan eta bihar, berriz, sailkapen nagusiar leihatzen ari diren txirrindularien txanda izango da.

Trentin indartsu agertu da Tarragonan. (Jaime REINA / AFP)
Trentin indartsu agertu da Tarragonan. (Jaime REINA / AFP)

Quick-Step taldea ezin hobeto dabil aurtengo bueltan. Lau egunetan bi etapa garaipen eta hiru bigarren postu eskuratu ditu. Gaur esprinterrentzako aukera zen Tarragonako helmuga eta normalean Kittel edo Gaviria bezalako gizon azkarrentzako lanean aritzen den Matteo Trentinek hauen ausentzia aprobetxatu du bi besoak altxatzeko.

Gidoia markatutako etapa izan da gaurkoa. Hasieratik ihesaldi batek egin du bidea, baina azken kilometrotan tropelak irentsi ditu aurretik zebiltzan Diego Rubio eta Stephane Rosseto. Gizon azkarren taldeen arteko borroka hasi da orduan.

Etapa lasaiak izan ohi dira hauek sailkapenaren goiko partean dauden txirrindularientzat, baina erorikoek ere marka dezakete. Zentzu honetan, gaur, kaltetuenak Dani Moreno eta Domenico Pozzovivo izan dira. Lau kilometroren faltan lurrera joan dira eta denbora galdu dute helmugan. Lehenago erori da Wilco Kelderman bera ere, baina honek tropelean sartzea lortu du.

Azken zuzengunean sartuta, Juanjo Lobatok ekin dio esprintari, baina Trentinek ederki eutsi dio bere gurpilari, eta azken metrotan aise gailendu da.

Sailkapenean ez da aldaketarik egon, eta Chris Froomek jarraituko du buruan. Bihar ihesaldiarentzako aukera polita da Benicassim eta Alcossebre arteko etapa. Bigarren mailako hiru mendate eta hirugarren mailako bi gainditu beharko dituzte. Hauetako azkenekoan harrapatuko dute helmuga. Beraz, adi egon beharko dira sailkapen nagusiko gizonak ere, nahiz eta ez den alde handirik espero.