NAIZ
BIARRITZ

Ryanairrek ezeztatutako hegaldien artean, bi Biarritzen

«Nahasi» egin direla onartu dute Ryanairreko buruek, akatsa onartu dute. Pilotuen oporraldiak gaizki planifikatu eta 2.200 hegaldi baino gehiago utzi behar izan dituzte bertan behera. Euskal Herriaren ere izango du eraginik egoerak: bi hegaldi geratu dira bertan behera Biarritzen.

2.200 hegaldi baino gehiago ezeztatu ditu Ryanairrek urria amaiera arte. (Andres ARNOLD/AFP)
2.200 hegaldi baino gehiago ezeztatu ditu Ryanairrek urria amaiera arte. (Andres ARNOLD/AFP)

2.200 hegaldi baino gehiago utzi ditu bertan behera Ryanairrek urriaren 28a bitarte, eta aipatu egoerak izango du eraginik Euskal Herriko aireportuetan ere. Biarritz eta Gasteizkoetan egiten du lan konpainia irlandarrak, eta solik Iparraldekoan nabarituko dute ondoriorik.

Ryanairrek aditzera eman duenez, pilotuen oporraldietan egin dituzten planifikazio «akatsen» ondorioz iritsi dira dauden egoerara, baina honek 420.000 erabiltzaileengan eragingo du.

Zehazki, Londresko Stansted eta Biarritz lotzen zituen eta gaurko planifikatua zegoen hegaldia da bertan behera geratu denetariko bat; bigarrena, berriz, datorren ostegunerako zegoen planifikatua eta Dublin eta Biarritz arteko joan etorria egin behar zuen.

12.000 euroko lansaria lan egin nahi duenarentzat

Egoerari irtenbide bat aurkitu nahian dabil konpainia irlandarra. Horretarako, eta proposamen gisa, 12.000 euro eskaini ditu lan eguneko jai egunetan beharra egin nahi duten langileentzat. Komandanteek jasoko lukete aipatu diru kopurua; ofizial edo kopilotuek, aldiz, erdia jasoko lukete.

Gainsaria, baina, urria amaitu aurretik 800 hegaldi ordu osatzeko moduan diren pilotuei begira eginikoa da eta konpainiak ez luke ordainketa azaroa aurretik egingo. Europako legediaren arabera pilotuek 900 hegaldi ordu egin ditzazkete urte batean; 100 gehienez hileko.

Diru-itzultzeak

Beren hegaldia bertan behera geratu dela ikusi duten erabiltzaileek bi aukera izango dituzte. Batetik, diru-itzulketa eskatu dezakete edo, bestetik, bestelako hegaldi bat hartzeko erreserba egin dezakete. Informazio guztia Ryanairren webgunean aurkituko dute.