NAIZ
BILBO

Elkarrekin Podemos, EAE eta Nafarroaren arteko erakundeak sortzearen alde

Gernikako Estatutua berritzeko bere proposamena aurkeztu du Elkarrekin Podemosek. Bertan, eta erabakitzeko eskubideari eskainiriko tartean, EAE eta Nafarroaren arteko organo instituzionalak sortzeko aukeraren alde egin du alderdi moreak. Erabakitzeko eskubidea, baina, Estatuarekin erdietsiriko aldebiko akordio baten ondoriotzat jo du.

Elkarrekin Podemoseko arduradun nagusiak, elkarrekin Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Elkarrekin Podemoseko arduradun nagusiak, elkarrekin Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Gernikako Estatutuari egiten dio aipamena Elkarrekin Podemosen «Hobeto bizitzeko ituna» proposamenaren hasierak, autogobernuaren eguneratzearekin zerikusia duenak. Gaur aurkeztu dute txostena Bilbon, estatus politiko berriaren harira zabaldu den eztabaidari ekarpena eginez.

Oinarria argia da: Gernikako Estatutuak bere mugak ditu eta, zenbait kasutan, ez du funtzionatu. Horregatik, alor sozialean zentratuko den eta pertsonak erdigunean jarriko dituen proposamena egin du alderdi moreak, aurkezpenean adierazi dutenez. Gaineratu dute emakume eta gizonen berdintasuna dute helburu, eta euskal gizartearen «identitate eta kultura pluraltasuna» ulertzen dutela.

«Hobeto bizitzeko» saiakera horretan, eskubide sozialak «blindatzea» proposatu du Elkarrekin Podemosek, hezkuntza eta osasungintzarako eskubideak bermatuz, besteak beste. Aipamen berezia egin dio alderdi moreak etxebizitza eskubideari, eta azpimarratu du gizarte «oparo eta jasangarri» batek guztientzat sortzen dituela lanpostuak. Hauek, baina, «kalitatezkoak» izan behar dutela gaineratu du. Gainera, politika fiskala Gasteizko Parlamentuaren eskumena izatea proposatu du.

Gatazkaren konponbideari dagokionez, giza eskubideak jarri ditu bere proposamenaren erdigunean eta 36ko altxamendu frankistako, frankismoko eta ondorengo biktima guztien «memoria eta duintasuna» aitortzea aldarrikatu du.

Finean, baina, «gehiago erabakitzeko» proposamena da Elkarrekin Podemosek aurkeztu duena, alderdiko agintarien esanetan. Erabaki nahi dute gizarteak eta instituzioak harremantzeko moduaren inguruan, eta horretarako euskal erakundeak antolatzeko modu berri bat proposatuko dutela iragarri dute.

Baina erabaki nahi dute ere estatus politiko berriaren inguruan, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta, nahiz eta uste duten Estatutu berri batek ez liokeela afera horri erantzungo. Estatutu berri horrek, baina, euskaldunen izaera nazionala aitortu beharko luke, eta honen pluraltasuna onartu; Estatu espainoleko gainerako  lurraldeekin harremanak izateko borondatea erakutsi beharko luke, baita EAE eta Nafarroaren arteko organo instituzionalak sortzeko aukera eman ere; eta Euroeskualdea eratzeko aukera eman beharko luke.

Horri guztiari bide emateko, euskal alderdi politikoek erabakitze eskubidearen alde akordio bat erdiestea proposatu du alderdi moreak, aipatu akordioa Madrilera eraman eta aldebiko akordio bat bilatzeko.