NAIZ
GASTEIZ

Palma olioaren erabilera eteteko eskatu du Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak, Osasun Batzordean, elikagaiak egiten dizuten enpresei palma olioa gehiago ez erabiltzeko eta produktuen etiketak argiak izan daitezela eskatu die.

Gasteizko Parlamentuaren Osasun Batzordearen bilera. (LEGEBILTZARRA.EUS)
Gasteizko Parlamentuaren Osasun Batzordearen bilera. (LEGEBILTZARRA.EUS)

EH Bilduren ekimenez, palma olioaren erabilera eztabaidagai izan dute Gasteizko Legebiltzarraren Osasun Batzordean. Abstentziora jo duen PPk salbu, talde guztiek adostutako ekimenak dei egiten die elikagaiak egiten dituzten enpresei, olio mota hori erabiltzeari uko egin diezaioten.

Euskal jendartea gero eta sentsibilizatuago dago osasunari kalte egiten dioten elikagaiekin eta, koalizioak baieztatu duenez, palma olioa horietako bat da.

«Produkzio eta kontsumo intentsiboa pertsonentzat eta ingurumenarentzat oso kaltegarria da. Giza-komunitate ugarik behartuta ikusten dute euren burua bizilekuz aldatzeko, palmondoa modu intentsiboan landatzen delako. Horrela, euren bizimodua erabat aldatzera behartzen dituzte», azaldu du Eva Lopez de Arroiabe legebiltzarkide subiranistak.

«Palma olioaren produkzioa enpresa handien mesederako egiten da bereziki. Izan ere, agerikoa da lan baldintza okerretan egiten dutela lan plantazioetan dauden langileek. Gainera, ingurumenerako kaltegarriak dira eta bukaeran ateratzen den produktua arriskutsua izan daiteke osasunerako», gaineratu du.

Hala, erabilera eteteko eskaeraz gain, Parlamentuak eskatu du, aipatu olioa bezalaxe kaltegarriak izan daitezkeen substantzieak daramatzaten produktuetako informazioa argia izan dadila. Produktuen nutrizio-informazioa gainbegiratzeko ere eskatzen du ekimenak.

Era berean, instituzio guztiei, bereziki Lakuaren Osasun Saiari, eskatu zaie elikadura osasuntsu eta arduratsu baten aldeko promozioa bultza dezatela.