NAIZ
DONOSTIA

EH Bildu: «Herritarren mandatua betetzea delitutzat jo nahi izatea oso joko zikina da»

Iñaki Errazki eta Ainhoa Intxaurrandietaren defentsan atera da 2011tik 2015era Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseilua. Aipatu ordezkariek «herritarrek eskatutakoa» egin zutela adierazi dute, alegia, erraustegia gelditzea, eta herritarren mandatua betetzea delitutzat jo nahi izatea «oso joko zikina» dela salatu dute.

2011tik 2015erako Gipuzkoako Diputatuen Kontseilua, agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
2011tik 2015erako Gipuzkoako Diputatuen Kontseilua, agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

2011tik 2015era Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluko kideek agerraldia egin dute igande honetan, GHK-k Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietaren aurka iragarritako ekimen juridikoen aurrean salaketa egin eta biei «babes osoa» azaltzeko: «Izan ere, herritarrek eskatutakoa, alegia, erraustegia gelditzea, besterik ez zuten egin».

Zentzu horretan, adierazi dute «gogoz» aritu zirela behar horretan, eta gaineratu dute «harro» daudela Aldundiak egindako lau urteetan hondakinen kudeaketan emandako «urrats nabarmenengatik».

Errazkin eta Intxaurrandietaren aurkako ekimenen harira, adierazi dute GHK-k garai hartan hartutako erabakiak erakundearen beraren estatutuak eta legediak ezartzen dutenaren arabera hartu zituztela, «inolako arau hauste edo bidegabekeriarik gabe».

«Beraz, zertara dator orain eraso hau?», luzatu dute galdera. Eta erantzun bat ere proposatu dute: «Honen guztiaren atzean ez dago auzi juridikorik, ez baitago inolako deliturik. Horregatik, uste dugu demanda honekin EAJ eta PSEk mezu bat zabaldu nahi dutela: ‘Aldaketa dakarren gobernu batek, EH Bildurenak kasu, hauteskundeak irabaz ditzake, baina ezin du agindu’».

Pentsamolde hori izatea hartu duten erabakia «bezain larria» da EH Bilduko kideen ustez, «izan ere, erabakiak modu askean hartzeko dugun eskubidearen eta aukeraren aurka egiten du demanda honek; herritarren mandatua betetzea delitutzat jo nahi izatea oso joko zikina da».

«Ez dago ustelkeria kasu bat, inondik inora, ez dago diruaren bidegabeko erabilerarik, ez dago deliturik, ez dago deus, soilik aukera politiko bati bidea ixteko nahia», azpimarratu dute.