Gotzon ARANBURU
DERIO

Labayru Fundazioa

Urte biziak, berpizkundekoak, izan ziren joan den mendeko 70eko hamarkadakoak Euskal Herrian. Frankismoak azken ostikadak ematearekin batera, euskal kulturaren baratzeak biziberritzea ezagutu zuen, baina ez milagroz, baizik eta aurretik hainbat eta hainbat gizon emakumek hazia ereinda zutelako. Garai hartan ernamuindutako arboletako bat Labayru Fundazioa izan zen, Bizkaian oinarrituta Euskal Herriari fruitu oparoak ematen berrogei urte daramatzana. 

Labayruko zuzendariorde Igone Etxebarria. (Gotzon ARANBURU)
Labayruko zuzendariorde Igone Etxebarria. (Gotzon ARANBURU)

Derioko Seminariora jo behar Labayruren sorrera kontatzeko. Joan den mendeko 70eko urteetan oraindik ere indarrean zegoen apaizgaitegia, eta abade izateko ikasten zuten gazteek betetzen zituzten eraikin erraldoi honetako ikasgelak eta pasilloak. Bizkaian barrena apaiz izango ziren mutil haiei euskara irakasten zieten abade maisuek, Karmelo Etxenagusiak eta Mikel Zaratek esate baterako, baina jakin-min handia zegoen orduan gizartean eta udan euskara ikasi edo landu nahi zutenak ere ate joka etorri ziren. Ikastoletan eta gau eskoletan irakasle izango zirenak, itzultzaileak, kazetariak, horiek denek behar zuten Labayru. Hala hasi ziren Derioko Udako Ikastaroak, sorreratik zortzi urtera Labayru Ikastegia legez eraiki zenean, erakunde berriaren babespean bilduko zirenak. 

Elizaren guardasolpean jaio eta koskortu zen Labayru. Hasieratik Ander Manterola, Gurutzi Arregi, Gaspar Martinez, Adolfo Arejita, aipatu dugun Karmelo Etxenagusia... horiek izan ziren Labayruren motorra. Laguntza eman zietenen artean Juan Mari Uriarte aipatu behar, ordurako Bizkaiko gotzain-laguntzaile zena. Baina bestelako kolaboratzaileak ere azaldu ziren, elkartean bazkide izango zirenak. Oraindik ere mantentzen da figura hori, eta 400 inguru dira gaur egun laguntzaileak.

Hiru lan eremu

Hasiera hasierako helburuak oso zabalak zituen Labayruk –historian eta beste giza zientzia batzuetan ere aritzeko asmoa zuen– baina berehala hiru arlotara mugatzea erabaki zuen erakundeak, eta egun ere hiru eremu hauetan egiten du behar, Igone Etxebarria zuzendariordeak azaldu digunez: euskal hizkuntza eta literatura, etnografia eta herri ondarea, eta funts bibliografikoa, azken hau batez ere beste bi arloetako lan eta ikerketetan erabili ahal izateko helburuz.

Hizkuntzari dagokionez, Labayruko jarduna lehenengo egunetik gidatzen duen leloa, inon urrezko hizkietan idatzita ez badago ere, «dakigunetik ez dakigunera» da. Mikel Zaratek erabili zuen esaldi hau kantu batean eta itsatsita geratu da etxe honetakoen mentalitatean. Etxebarriak gehiago zehaztu du: «Euskara bizitik euskara idatzira, zure herriko euskaratik bizkai euskarara, bizkaieratik euskara batura. Beste ezaugarri bat da hizkuntzaren irakastea eta ikastea literaturari lotuta egin dugula. Oinarri humanistiko argia zegoen Derion eta horren seme-alaba gara Labayrukoak». 

Bizkaiera oinarrian, baina Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko euskal literatura ere irakatsi dira Derion, hango hizkerak ezagutzeko. Horretarako gipuzkera ondo egiten zuten irakasleak hartzen ziren eta Piarres Xarriton euskaltzain lapurtarra askotan egonda dago hemen. Metodologia praktikoa, oinak lurrean izanda egindakoa, horrela definitzen du zuzendariordeak. Bizkaierari dagokionez, dialekto honen estandarizazioa bideratu duena Labayru izan da, Bizkaiko herri aginteen eskariz eta babesaz; baina ez hori bakarrik, gramatika, lexikografia eta literatura arloetan lan sakona egin du. Grafikoki azaltzeko, batua bai, jakina, hori baita azken helburua, baina «anitz» edo «korrika» berba bakar eta baztertzaile izatearekin ados ez.

Dokumentazio zentroa

Derioko Euskal Biblioteka ez da liburutegi soila, dokumentazio zentro osoa baizik. Eta handia izan ere, izugarria. Gelaz gela eraman gaitu Igonek eta berehala galdu dugu kontua; ehunka apal, milaka liburu eta dokumentu idatzi, garai batekoak eta egungoak, gehi argazkiak, kartelak, pegatinak, audio eta bideo grabaketak... Hasierako liburu bilduma apala zen, gehienbat zenbait abadek emandako aleekin osatua, baina berehala hasi zen hazten, dohaintza –esaterako Sota familiarena seinalagarri da– eta erosketa bidez. Giza zientzietako arlo guztietako liburuak daude jasota hemen, betiere euskal kulturari lotuak. Zenbat? Monografietan 66.300 izenburu, aldizkarietan 4.930.

Liburuxkak, panfletoak, pegatinak, kartelak, horietatik ere milaka asko daude eraikin honetan, bakoitza bere tokian, apurka-apurka katalogatzen doazenak, baina ezin denak burutu. «Kartelak, 80.000 milatik gora dauzkagu, eta horiek katalogatzea lan nekeza izango dugu» onartu du Etxebarriak. Dozenaka batzuk mahai handi batean jarrita dauzka, eta hunkigarria ere bada duela 50 urteko kartelak ukitzea, Aberri Egunekoak esaterako. Aipatu behar da biltzaile handiena Luis Angel Gainza dela, eginkizun honetan urteak daramatzan gizon nekaezina.

Hemeroteka da Labayruren beste altxor bat. Mundu osoko artxiboetan bezala, hemen ere argitalpen biziak eta argitalpen hilak desberdintzen dira. Azken hauen artean, ‘Euzkadi’ eta ‘Euzko Gogoa’ aldizkariak, ‘Eguna’ edo ‘Hierro’ egunkariak, begirada azkar batean ikusi ditugunak. Bizien artean, egun Euskal Herrian argitaratzen den oro –baita kanpoan ere, Euskal Herriaz bada– hona iristen dela esan daiteke, hasi Euskaltzaindiaren aldizkaritik eta kirol talde txikienak argitaratzen duenera arte. Labayruko beharginak ez dira ailegatzen horiek sailkatzera, eta eskerrak hogei bat laguneko boluntario talde batek hartu duen bere bizkar lan hori, astero behin etorrita.

Argazkiekin beste hainbeste gertatzen da, hainbeste izanda kontatzerik ere ez daukatela: «Eskandaloa daukaguz, besterik ezin esan» dio Igonek. Garai berrietara egokituta, argazkien eta audio grabazioen tokia bideoa ari da hartzen, eta hala ikusi ahal izan dugu nola, esate baterako, galtzen ari den nekazal eta artzain munduko lekukotasunak betiko jasota geratu diren Derioko disko gogorretan. 

Berrogei behargin inguru ditu Labayruk, adin guztietakoak, asko emakumeak. Han ikusi dugu Ander Manterola ere, telefonoz etengabe ari da, ahots sendoz. Harrigarria da Jose Migel Barandiaranekin eskuz esku lan egindako gizon honen buru-argitasuna eta kemena. Duela aste gutxi Arantzazuko Artzain Eskolako ikasturtea ireki du Anderrek, artzaintzak gizartean zer leku izan duen, eta daukan, azalduz.

Kultur produktuen ekoizle

Euskaltegia bada Labayru, dokumentazio zentroa ere bai, irakasle eta teknikarientzako eskola ere bai, baina kultur produktuen ekoizle ere bai. Ezin hemen denak zerrendan jarri, baina hiru gutxienez aipatu beharra dago nahitaez. Bat, Euskera-Gaztelera hiztegia, eta Hiztegi fraseologikoa, itzelezko obra, biak batera sarean kontsultatzeko moduan (https://hiztegia.labayru.eus/). Bi, literatur lanen erreskatea (www.labayru.eus/denda). Hiru, etnografian eta etnotoponimia arloan egin duen eta egiten duen lan nekaezina (http://herriondarea.eus/, Labayru Fundazioa YouTube kanala) Bizkaia osoan testigantzak bilduz, etxez etxe eta baserriz baserri. Lan hauen guztien zati handi bat digitalizatuta dago eta interneten jarrita denon eskura, baina ohiko hedapen bideak alboratu gabe, alegia, liburuak eta aldizkariak –espezializatuak eta dibulgatiboak: ‘Idatz & Mintz’, ‘Litterae Vasconicae’, ‘Etniker’–, material didaktikoak, ikus-entzunekoak... 

Atlas Etnografikoak aipamen espezifikoa merezi du. Lan erraldoia, On Jose Migel Barandiaranek sortutako Etniker taldeek duela berrogei urte baino gehiago hasia eta orduz gero etenik izan ez duena. Zazpi liburukotek, bakoitza mila orrialde ingurukoa, osatzen dute orain arteko bilduma, eta zortzigarrenak, nekazaritzari eskainia, berehala ikusiko du argia. 

Euskal Herri osoan dihardute lanean Etniker taldeek. Araban Seminario Alavés de Etnologia aritzen da, Gipuzkoan Aranzadi Zientzia Elkartea, Nafarroan Nafarroako Unibertsitateko Cátedra de Lengua y Cultura Vasca, Ipar Euskal Herrian Lauburu taldea, eta Bizkaian Labayru bera.

Herrialdez herrialde egindako inkesta bateratuen bitartez osotzen dute informazioa bizimoduari buruz. Jolasak, elikadura, abeltzaintza eta artzaintza, jaiotzatik ezkontzara bitarteko ohikuneak, heriotzako ohikuneak, etxea eta familia, herri medikuntza eta nekazaritza gaiak daude landuta orain arte. Aurten, gainera, eduki guztiak sarean sartzen hasi dira Labayrun, Petronorren babesari esker, eta beste bi urte barru ikusgai egongo da. Inkesta bidez osatzen da atlasa, eta inkesta guztiak jaso eta testua erredaktatu hemen egiten da, Derion.

Ondarearen Europako Jardunaldiak

Justu hilabete honetan, urrian, Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dira Euskal Herrian, «Paisaia bizia. La construcción de los espacios naturales» gaia lantzeko, eta Labayruk izango du zeresana ekimenean. Derion bertan, Bilbon, eta Berrizen, hitzaldi, bideo emanaldiak eta bisita gidatuak eskainiko dituzte Fundazioko kideek. Berrizen zehazki, Besoitaormaetxea baserria bisitatuko dute hilaren 29an, baserriek izandako bilakaera bertatik bertara ikusi ahal izateko. Bertara azaltzerik ez duenak, Youtuben ikusi dezake baserri honi buruz egindako bideoa, «Besoitaormaetxea: euskal baserriaren jatorria eta oinarria» izenekoa.

Egoitza nagusia Derioko seminarioan izan arren, beste bi egoitza ere baditu Labayruk. Bata Bilboko Colon de Larreategi kalean dago, Euskerazaleak elkartearen lokaletan, eta bestea Boluetan. Derio ikerketari zuzendua dago gehienbat, Colon de Larreategi egoitza ofiziala da, eta Bolueta eskoletarako eta itzulpen zerbitzurako erabiltzen dute. Labayru osoa eraikin bakar batean eta Bilbon biltzeko nahia dauka Fundazioak. Duela hiru urte Plan Estrategikoa prestatu zuen Fundazioak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Harrezkero erakundea aurrera begira jarri da, eta egoitza berriarena planeko helburuetako bat da. Ez da erraza hain bolumen handiarekin, baina ez da itxaropena galdu behar.