NAIZ

21.027 pertsonek bozkatu dute 13 herritan burututako herri galdeketetan

Bozetara deitua zegoen hautesleriaren %13,07ak hartu du parte Gure Esku Dago mugimenduak sustatuta Bizkaia eta Gipuzkoako 13 herritan burutu diren herri galdeketetan. Ibarrangelun izan dute parte hartzerik handiena, %57,74koa; baxuena, berriz, Leioan –%9,44–.

Bozkak kontatzen. (ARGAZKI PRESS)
Bozkak kontatzen. (ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoa eta Bizkaiko 13 herritan gauzatu dute igande honetan erabakitzeko eskubidea, Gure Esku Dago mugimenduak deituta. Alta, 21.027 pertsonek eman dute euren botoa, hots, hautesleriaren %13,07ak bozkatu du.

Herriz-herri, honakoak izan dira parte hartze datuak: Andoain %16,5, Areatza %45,35, Atxondo %31,41, Beizama %44,36, Berango %16,15, Erandio %10,02, Elantxobe %53,26, Galdakao %13,04, Getxo %11,87, Mundaka %41,63, Ibarrangelu %57,74, Leioa %9,44 eta Otxandio %46,98.

Gure Esku Dago mugimenduko ordezkariek azpimarratu dute galdeketen olatua abian jarri zenetik 177.000 euskal herritar inguru direla etorkizun politikoaz hitza hartu dutenak. Gaurkoak 21.000 pasatxo izan dira, «jauzi handi bat» hiriburuetan antolatu asmo dituzten galdeketei begira.

180 herrietan egin dira galdeketak jada, 760.000 biztanle bizi diren eremuetan, eta aurrera begira bi helburu dituzte: erabakitzeko eskubidea edukiz betetzea Herritarron Itunarekin eta erabakitzeko eskubidearen aldeko konplizitateak josten jarraitzea.

Gaurko galdeketak Katalunian erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren alde lanean ari direnei eskaini dizkie Gure Esku Dagok, «eta bereziki Estatu espainiarraren jazarpen zuzena eta bidegabekeria jasaten ari direnei», espetxean dauden Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta zortzi kontseilariak gogoan.