NAIZ
Iruñea

Itsulapikoa.eus, herri proiektuak finantzatzeko crowfunding-a

Itsulapikoa.eus Euskal Herriko edo Euskal Herriarekin zerikusia duten herri proiektu eta egitasmoek behar duten bultzada ekonomikoa lortzeko crowdfunding plataforma bat da. Euskal Herriko sortzaile, musika talde, kultur kolektibo, herri mugimendu, tokiko ekonomian oinarritutako egitasmo edo proiektu alternatiboentzako diru iturri erreferente izatea da helburuetako bat.

Itsulapikoa.eus dagoneko eskuragarria da sarean. (ITSULAPIKOA.EUS)
Itsulapikoa.eus dagoneko eskuragarria da sarean. (ITSULAPIKOA.EUS)

Itsulapikoa.eus plataformaren atzean irabazi asmorik gabeko Itsulapikoa Elkartea izeneko elkartea dago. Elkartearen funtzionamendua gardena eta horizontala izanen da, irekia egonen da aipaturiko helburuekin bat egin eta plataformari modu ezberdinez bere ekarpena egin nahi dion ororentzat.

Aipatu den motako proiektu edo egitasmoren bat duen kolektibo edo pertsona orok aukera du crowdfunding plataforma honen bidez herritarren ekarpenak jasotzeko. Horretarako www.itsulapikoa.eus helbidera sartu eta gurekin harremanetan jar zaitezke info@itsulapikoa.eus helbidera idatzita.

«Euskal Herrian antzinatik errotua dagoen ohitura bati lotuta dago crowdfundinga, auzolanari edo elkarlanari hain zuzen ere. Herri proiektuak aurrera ateratzeko ahalegin kolektiboan oinarritzen da auzolana, crowdfundinga ere lan eta ekarpen kolektiboan oinarritzen dela esan genezake», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

«Bestetik, jendeak gaur egun eskatzen duen beste ezaugarri bat asetzen du crowdfundingak. Elkarte edo ‘marka’ zehatz bati atxikimendu iraunkorra eman beharrean, hauek bultzatzen dituzten proiektu zehatzei babesa emateko aukera eskaintzen dio jendeari», gaineratu dute.

Euskal Herrira begira

«Estatuan nahiz Katalunian antzeko plataformak existitzen dira dagoeneko, gurea aldiz, Euskal Herriari begira egindako plataforma da. Horrek abantaila batzuk ditu. Alde batetik, proiektuen hurbiltasunak eragin dezakeen atxikimendua. Eta bestetik, Euskal Herri mailako erreferentzia komunikatibo bat izanen da itsulapikoa.eus,  Euskal Herriko proiektu herritarren erakusleiho bat, horrek proiektuen hedapena asko erraztuko du, noski. Adibide bat jartzearren, une jakin batean norbait proiektu bati ekarpen bat egiteko asmoz plataformara sartuz gero, uste dugu gertatuko dela antzeko edo hurbileko edo interesa dakiokeen beste proiektu batzuk ere aurkitzea, eta horiei ekarpena egiteko edo gutxienean kanpaina horren zabalpena egiteko aukerak handiagoak direla», diote antolatzeileek.

Itsulapikoa.eus plataformaren izaera eta asmoekin bat egiten duten pertsonek zein taldeek argitara ditzakete euren proiektuak. Hau da, Euskal Herriko testuinguruan eta herri ikuspegi batetik ekarpen sozial, kultural, linguistiko edota ekonomikoa egin nahi duen orok jar dezake bere proiektua itsulapikoa.eus plataforman.

Plataforman publikatutako edozein proiektua bultzatu nahi duen edozein pertsonak zein taldek egin ditzake ekarpenak. Proiektu bakar bati edota proiektu ugariei egin diezazkioke ekarpenak. Ekarpen hauek kopuru txikikoak nahiz handikoak izan daitezke eta ekarpen hauek eskertzeko proiektugileek bueltan sari bat emanen die.