Patxi GAZTELUMENDI
lekeitio
Entrevue
BENITO ANSOLA
ABADE ETA ZINEMAZALEA

«Zinemak bizitzan pentsatzen jartzeko bidea erakusten dizu»

Laster 90 urte beteko ditu Benito Ansolak (Lekeitio, 1928), eta gogotsu hartu gaitu. Zinemari buruzko liburu artean daukan bulegoan, bateko eta besteko jaialdietako oroigarriak eta bizitzaren pasarteak gogoratu ditugu berarekin. Aitzindaria zinema eskolak ematen Markinako Laboralean, zine kluba sortu eta Lekeitioko Zine Bileraren sortzailea da. Pelikula bat egiteko moduko bizitza berea.

Abadea eta zinemazalea zara. Ez da ohikoena.

24 urterekin egin nintzen abade. Etxebarrin eta Markinako Barinaga auzoan egon nintzen hasierako urteetan. Arizmendiarrieta ere auzo horretakoa zen, Iturbe baserrikoa. Eta neure laguna. Berak esan zidan zerbait egin behar genuela. Eta elizako saloi batean zinema antolatu genuen. Munduan zehar zer egiten zen ikusteko bidea eman zigun zinemak. Orduan iparramerikarrek etxe bat zeukaten Bilbon eta pelikulak ekartzen zituzten, dokumentalak. Debalde bidaltzen zizkiguten, eta guretzat aukera bat zen zinema ematen hasteko. Igandetan meza amaitu ostean ematen nituen filmak, eguerdiko hamabiak inguruan. Baserritarrak batzen ziren bertara. Eta gero, arratsaldetan beste saio bat izaten genuen.

Markinako Eskola Laboralean [Lanbide Eskola] zinema ematen ere aitzindaria izan zinen.

Orduan eskolako zuzendari zen Julian Olazabalagak eskatu zidan zinema erakustea ikasleei. Hiru kurtso ziren, eta astero ordu bat ematen nuen maila bakoitzean. Liburuak eskuratu nituen eta nire ustez zinemazaletasuna sortzeko oso interesgarriak ziren. Klaseak ematen nituen zineari buruz, historia, planoak… eta noizean behin pelikularen bat ere bai. Eta zine-forumak antolatzen genituen. Zuzendariak ikasleekin batzarrak egiteko baliatzen zituen zine momentu horiek, arrakastatsuak zirelako. Igandeetan Markinako parrokiako saloian ere ematen genituen pelikulak. Markinak orduan bi zinema zituen, atera kontuak.

Jarduera horien guztien ostean sortu genuen Markinako zine kluba. Hilean behin zinema ikusteaz gain, baliatzen genuen hitzaldiak egiteko, komentatzeko. Horretan, Koldo Larrañaga abadeak ere asko lagundu zuen.

Gauza harrigarria da, baina sasoi hartan ez dut uste Estatu osoan ere horrelako eskolarik emango zenik inon, ez eskola, ez kolegio ez institutu. Baina bai, Markinako Eskola Laboralean zinema ematen zen. Orduan.

Eta zer eskaini dizu zinemak zuri?

Zinemak arlo asko hartzen ditu bere baitan. Hori ikasi dut nik. Literatura, teatroa, argazkia eta pintura… “Un americano en París” gogoratzen dut adibidez, ikusi nuenean berehala konturatu nintzen hiru edo lau aldiz zuzendariak bereziki nabarmendu zituela koadro batzuk. Renoir-en koadro batzuk dira. Zuzendariak apropos egin zuen hori. Orduan ni ere Renoir pintorea maitatzen hasi nintzen. Zinemak pertsonak aberasteko balio izan du. Gogoratzen dut orduan ere mutil batzuk galdetzen zidatela ea zertarako zinema, torlojuak egiteko ez zutelako horren beharrik. «‘Tiempos modernos’ ikusita daukazue?», galdetu nien ikasleei. Eta ez zuten ezagutzen Charles Chaplinen lana. Pelikula horretan Charlotte agertzen da lanean, torlojuak egin eta egin. Lan eta lan. Ateratzen da torlojuak egitetik eta aurkitzen du emakume bat kalean, bere jakan bi botoi handi bularraldean, eta hara non hurbiltzen zaion emakumeari torlojuak direlakoan, titiak ikutzeko asmoz.

Hori da ba! Bizitza guztia torloju artean. Hori egin beharko duzu lanean, eta ondo, baina pentsatu ere egin behar da! Zuen tailerrean zaudetenean jabeak ez du nahi besterik zuek torlojuak egitea baino, eta zuk ez pentsatu. Zinemak bizitzan pentsatzen jartzeko bidea erakusten dizu.

Markinatik Lekeitiora etorri zinen 1977. urtean eta hurrengo urtean Zine Bilerarekin hasi zineten. Nola izan zen hasiera hura?

Pozik etorri nintzen nire herrira. Franco hil berritan helduko nintzen, ikurrinak ere garai hartan jarri ziren Lekeition. Ondo gogoratzen ditut ordukoak. Ama ere pozik, bueltatu nintzelako, batean eta bestean egonda. Jaio eta bataiatutako herri eta eliza berean dagoen abadea naiz ni orduz geroztik. Lekeitiarrek nirekin harreman berezia zuten horregatik, eta Eskola Laboralean ere ikasle izandako asko hemengoak ziren. Hona etorri eta gero, ikasle pare bat hurbildu zitzaizkidan proposamenarekin. Aurreko urtean Zestoako zinema topaketak hasi ziren, euskaraz. Bizkaian ere zerbait egin behar zela uste genuen, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin. Guk ere euskarazko pelikulak eman nahi genituen orduan. Zinemazaletasuna sortu, dokumentalak egiten hasi –orduan marinelek kanpoan erositako tresna asko zeuzkaten, baina zertarako? umeen jaiotzak eta grabatzeko...– hemengo gauzak grabatzen hasteko baliatzen hasi ginen.

Herriko batzuk hasi ziren filmatzen, eta nik neuk ere egin nituen pelikula batzuk, nireak apur bat beldurgarriak ziren, Hitchcock estilora edo. Kanposantuan eta hartu nituen irudiak. Baina beldurra baino jendea barrezka hasten zen zineman.

Eta 40 urte bete dituzue jadanik.

Bai, urte asko dira. Eta denetarik sortu da tarte guzti honetan. Hasieran amateur mailako sortzaileentzat hasi ginen, 8mm eta Super8 pelikulekin. Bideoa etorri zen gero. Super8 zaila izan arren oso polita zen muntaia egitea. Moztu, pegatu…. oso bide polita zen, eskuz egiten genuen prozesu osoa. Bideoaren sasoian Euskal Zinema eta Bideo Bilera deitu genion gure jaialdiari. Eta orduan profesionalak sortzen ere hasi ziren. Jaialdia baino beranduago sortu zen ETB, eta horrek beste kalitate bateko lanak egotea ekarri zuen, bertako ekoizpen batzuk hemen aurkeztuta. Orduan beste sari bat sortu genuen: profesionalentzat bat eta amateur mailakoa bestea. DVD garaia eta ordenadoreen sasoia etorri da gero. Errazagoa eta eskuragarriago teknikoki. Nik oraindik oso gogoan ditut Super8 sasoikoak.

 

«Ameriketatik datoz gauzarik txarrenak, onenak ere bai»

Garrantzitsua da euskal zinemagileen artean urteroko Lekeitioko Zine Bilera. Benito Ansolak ondo gogoratzen du adibidez Begoña Vicario zuzendariaren “Haragia” filma Lekeition saritu zutenekoa. Espainiako Goya saria eman zioten gero. Baina egungo zinema jarraitzen duen arren, kritiko ere agertzen da: «Sentitzen dut, baina sarritan ez dut ikusten». Baina badira ikusi, zuzendariekin hitz egin eta hunkitu ere egin duten filmak. Espainiako zinema ere ez du atsegin. «Nahiago ditut amerikarrak. Ameriketatik etortzen dira gauzarik txarrenak, baina onenak ere bai», bota digu serio. «Frantziakoa asko atsegin dut, garai bateko italiarra, gaur egun ez dabiltzalako hain ondo, Suedia, Danimarka eta Europa iparraldekoa asko maite dut». Eta Euskal Herrian ere, ipar Europako zinemaren antzekotasun batzuk topatu ditu Asier Altunaren “Amama” filmean. «‘Amama’ filma ikusi nuenean asko gustatu zitzaidan eta galdetu nion zuzendariari ea Carl Theodor Dreyen daniarraren ‘Ordet’ filma ikusita ote zeukan, pelikula ikustean momentu batzuetan hori etorri zitzaidalako gogora». Baietz erantzun zion Altunak Lekeitioko jaialdian bertan. “Handia” ere ikusi zuen, eta gustura sumatu zuen publikoa Aitor Arregi eta Jon Garañoren lana ikusi ostean. «Ez dago txarto», erantzuten zien lagunei. «Baina urrundik ikusten dut pelikula hori, ez dut bat egiten lanarekin ia pelikula osoan», azaltzen du maisuki Ansolak. Baina badago eszena bat guztiz txundituta utzi zuena: «Une batean, gurdian doazenean eta lapurrak agertzen zaizkienean, dirua gordeta daukan Handiak jartzen duen aurpegiak dena esaten du, sentimendu guztiak agertzen dira hor, une hori oso ona iruditu zitzaidan». Ordura arte gizatasunik gabekoa iruditu zitzaion Eneko Sagardoyk interpretatzen zuen Joakin Elizegiren pertsonaia. Telmo Esnal eta Asier Altunaren “Aupa Etxebeste” ere asko atsegin izan zuela gogoratu digu ostean. Eta une batez Juanba Berasategi laguna ekarri du akordura. «Uste dut berari esker jaso nuela nik Amalur saria Zinemaldian», eta marrazki bizidunen arloan hutsune handia utziko duela esanez agurtu dugu Benito Ansola Lekeitioko portuan. Jendea agurtzen. Umorez.