NAIZ
BILBO

400 nobedade aurkeztuko ditu Durangoko Azokaren 52. edizioak

Abenduaren 6tik 10era Durango sormenaren lurralde bilakatuko duen Azokak 400dik gora nobedade aurkeztuko ditu 52. edizioan eta, horrez gain, egitarau oparoa prestatu dute gune desberdinetarako. Aitortza saria izan beharrean, Argizaiola saria sortzailei berriei zuzenduriko beka bat izanen da.

Durangoko Azokaren 52. edizioaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokaren 52. edizioaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokarako atzera kontaketa martxan dela, Plateruena Kafe Antzokian agerraldia egin dute abenduaren 6tik 10era egingo den 52. edizioaren aurkezpen ofiziala egiteko.

Gerediaga Elkarteko lehendakari den Nerea Mujikak aurreratu du 240 stand egongo direla eta, horietan, 400 nobedade aurkitu ahal izango dituztela bertaratzen direnek: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, bost bideo eta bestelako 27 lan. Laugarren urtez, auto-ekoizleek ere beren tokia izango dute, 16 auto-ekoizleren parte-hartzearekin.

Hala ere, stand horietan aurkitu ahal izango dena baino askoz gehiago da azoka, gune desberdinek egitarau zabala prestatu baitute lau egunetarako.

Esate baterako, Lutxo Egiak aurreratu du 123 sormen lan berri aurkeztuko direla Ahotsenean: zuzenekoen karpan 70 musikari arituko dira eta solasaldien guneak 53 aurkezpen hartuko ditu.

Musikak gauetan ere izango du garrantzia, Plateruenan gauero euskal taldeek lan berriak aurkeztuko baitituzte: Governors, Arkada Social, Audience, Glaukoma, ZEZE taldea eta Jabier Muguruza.

Irudienean, Saguganbaran, K@bian, Areto Nagusian edota Szenatokian ere ez da egitekorik, ikustekorik eta gozatzekorik faltako. Hori guztia gutxi balitz, bost egunetan zehar, euskal kulturarekin gaineko edukiekin soilik osatutako Azoka Telebista ere martxan izango da.

Argizaiola Saria beka bihurtu da

Halaber, Gerediagako presidenteak Argizaiola Sariari buruzko argibideak eman ditu agerraldian. Aurten ez dela aitortza saririk emango jakinarazi du, «iraganera begira jarri beharrean, etorkizunari begira jarriko baita Azoka», eta sortzailei berriei zuzenduriko beka bat emango du.

«25 urtez gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu», adierazi du.

Horregatik, aurten Argizaiola Sariaren 25 urteko ibilbideari errepasoa egin eta sortzaile berriei eskainitako sormen beka bat aurkeztuko du Azokak. ‘Omentzetik Ereitera’ ekitaldian izango da, abenduaren 8an, 20:00etan Szenatokian.