@gara_miantzi
Barakaldo

Bihotza taupa-taupa, eta pasa da goiza

Eguneko zortzi protagonistak sartzeko unea hagitz hunkigarria izan da; 14.600 bertsozale zutik, txalotan lehertuz. Lau urtean behin bakarrik errepikatzen den bizipena da, bakarra.

14.600 lagunek bete dute BEC. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
14.600 lagunek bete dute BEC. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Hamairu saioren ondotik, azkenean ailegatu da egun handia, eta tamaina berekoa izan da bertsolarien eta bertsozaleen erantzuna, baita hau dena posible egiten duten langile eta bolondres guziena ere. Lehenengo zenbakia egokitu zaion Igor Elortzak kantu bezala: «Egun on denoi has bedi festa, bertso txalo ta numero/ kaixo bectarrok, irratizale tele ikusle ta tuitero/ biba zu bertsozalego/ taliban zein sakrilego/ atzeko zazpi lagunak ere agurtu nahi ditut bero/  onena ematen saiatuko naiz, onena ematen unero/ ta zuengandik ere ez dut nik behin honetara ezkero/ gutxiagorik espero».

Zortziko Handiari indartsu ekin diote bertsolariek, jada berotuta eta hagitz langile. Elortza bera eta Aitor Sarriegi hasi dira, euskara elkarte bateko borondatezko bi langileren azalean. Jarraian, Unai Agirre eta Maialen Lujanbio hagitz ongi ibili dira, futbola errealitatera ekarriz. Hauek biak iruditu zaizkigu lehen ofizio nabarmenenak.

Zortziko Txikian, Elortzak eta Lujanbiok irri algaraz jarri dute entzulea. Gaia honakoa zuten: Bart gauean birritan esnatu du Maialenek Igor sexu jolasetan zebilela. Gaur goizean igogailuan egin dute topo. «Sexua suertea da eta ez da luxu/ bart gauez dena irrintzi ta izerdi putzu/ zuk berriz beakoa serioa duzu/ duzun inbidi horrek zimeldu zaitu zu», gogor ekin dio hernaniarrak. Eta durangarrak hala erantzun dio: «Batzuentzat bizitza bero ta maitasun/ besteontzako berriz sasi eta asun/ sexua suerte dela hala dizut entzun/ ta antza dena zeuri tokatu zitzaizun».

Unai Agirre eta Aitor Sarriegi ere bizi eta umoretsu, aita-semeen paperean . Aitak ez zuen nahi baina bideo-jokoa erosi zuen semeak. Orain aitak gehiago erabiltzen du.

Sustrai Colinak eta Aitor Mendiluzek arkeologoaren eta poliziaren paperean osatutako elkarrizketa ere ederra izan da. Lanean ari den indusketa gunean topatutako giza hezurrak daramatza autoan urruñarrak. Laborategira bidean Andoaingo poliziak gelditu du.

«Mugan berriz kontrola/ kaguenla kaguenla/ nik hezurrak atzean nola ba bestela/ ikusiz nere planta txuri ta zimela/ pentsatu ote duzu nereak zirela», kantatuz hasiera ona eman dio Colinak. «Hezurdura bat dezu kotxe barrenean/ hitz egiten al zuen irten zarenean», galdetu dio Mendiluzek. Eta Sustraik seguru erantzun du: «Zuei buruz ez dute deus onik esaten». Eta Aitorren errematea, mundiala, umore beltzean sakonduz: «Neri ez zait ba inporta ez onik ez txarrik/ atxilotuta zatoz eta ez alperrik/ eskuburdinak dauzkat pare bat bakarrik/ zure lagunak ez du ipini beharrik».

Puntu erantzunetan eta Hamarreko Txikian lan politak aditu ditugu. Unai Agirre ta Igor Elortza errepideko langileak ikusi ditugu, kotxe ero bat pasatu eta ileak orraztuta. «Herri txiki hauetan 11 jenio/ euskaldun gazte hauekin ez naiz oso fio/ 120ra badator gazte bat dedio/ gu bidea konpontzen serio-serio/ honi ez konponduta re berdin berdin dio», abestu du Unaik.

Sustrai Colina eta Amets Arzallus musu truk jotzeko eskatzen dieten musikariak ere aditu ditugu. «Joan okindegira inoizko arrunten/ ogia eska zazu ahal bada sin gluten/ eta ea debalde ematen dizuten», bota du lehenak.

Kartzelako gaia honakoa zuten: atetik sartu zarenean isildu egin dira denak.

Igor Elortzak lan fina egin du, eritasun larria duenaren trantzean. Sukaldera sartu eta etxekoak isilik. «Urduri jarri dira guztiak mahaian aldatuta aldez/ haizea moztu egin liteke tentsioa dago gainez/ ta neu sartu naiz guztiei kaixo zer moduz gabiltz emanez/ nire aulkian jarri naiz gero lasaitua natorren lez/ ta esan diet eser gaitezen gure garbantzuok janez/ nahiz ta bakoitzak bere baitara badaukan nahiko esames/ isil-isilik jezarri gara elkarri dena esanez».

Baina Aitor Sarriegik sortu du lehen lurrikara, Andres Calamaroren “Paloma”ren doinuan abestuz. Irakaslea da eta bere ikastolan erdaraz egiten dute kideek. «Buenos dias-ka ezin da hasi guretzat eguna/ eta nolakoa izango da gure etorkizuna/ haurrei eskatuz gero geuk egiten ez duguna», amaitu du eta jendea hankekin eta guzti txaloka hasi da.

Maialen Lujanbiok ere lurrikara eragin du. Drogekin arazotan sartu eta urteak pasata Gabonetan etxera itzultzen den familiako ardi beltzaren ahotik. Hona hirugarrena: «Gaztea nintzen, ederra nintzen gure herriko erregin/ dena lorea behar zuena bilakatu zen erremin/ ta bizioa ta desioa batzutan bereizi ezin/ kontrolatzen dut neuk neurtuko dut nik neronen baitara zin/ baina zorteak bizkarra eman familiak ere muzin/ etxera bueltan gaur umil nator irrifarretsu atsegin/ barkamen eta azalpen beharrik ez daukazue nerekin/ ta neri ere mesedez utzi isilik geratu nadin».

Unai Agirrek Puigdemonten ahotsa aukeratu zuen eta bere alde oihuka jarri zuen plaza. Orduan altxatu dira lehen olatuak ere, final hauen ezaugarrietako bat.

Beñat Gaztelumendi Marokotik etorritako haurraren azal beltzaranean sartu zen. Ezberdina dela nabaritzen du ikastolako kideengan. «Gelara sartu naiz eta guztiak aulkitan jarri/ ni hemen ate ertzean ta ez al da adierazgarri/ isilik dagoen horrek dena esaten du sarri».

Sustrai Colinak doluaren gaia landu du, hagitz goitik, Altabizkarko kantaren doinuan. Hemen hirugarrena: «Baina heriotza ez da lehenean botatzen dugun aingura/ nahiz ta batzutan ez den asmatzen nora jo nola ingura/ Kepa jaiki da ta isiltasuna musu batean urtu da/ Eneko berriz han ikusten dut begira bere barrura/ bizitzak berdin segitzen baitu lehengo kezka ta ardura/ mina neurea ez da bakarrik eta denona da muga/ baina dolua erakusten du bakoitzak bere modura».

Momentuko txapeldunak, berriz, Amets Arzallusek Mikel Laboaren “Lore sortu orduko” doinuan konkistatu gaitu, mairu izateagatik atentatu baten susmagarri denaren larruan: «Nolako tentsioa gure etxebizitzan/ badakite zein pobre ta juxtu gabiltzan/ amaren begi hoiek inork xuka ditzan/ aitarenak berdintsu zerbaiten peskizan/ poliziak baletoz maiz ohi duten gisan/ babestu nazazue sotoko gerizan/ poliziak baletoz maiz ohi duten gisan/ esan zaiezue ni enaizela izan».

Eta, azkenik, Aitor Mendiluzek brotxe ezin hobea jarri dio goizari, Gabonetan gonbidatu bai baina etortzea espero ez zuten senidearen ahotik.  Hona bukaera: «Ez, ez kezkatu segi hizketan ez bainator geratzera/ amari musu emango diot eta banoa etxera».

Unai Agirreren agur bertsoa txaloka segiz, bazkaltzera joan dira bertsozaleak, arratsaldean BEC lehertzeko ilusioz.