Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Zorroaga, izen femeninoa da

 

Badakigu, jakin ere, euskarak neutroa erabili ohi duela eta, berez, ez darabilela generorik, eta toponimikoetan are gutxiago. Halere, Zorroagako muinoan duela 38 urte eraikitzen hasi ginen Fakultatea, jaiotzetik, emakumezkoen barrutia izan dela uste dut.  

Alde batetik,  unibertsitatearen beharra zer zen bagenekien. Hau da, ia-ia gure adineko denok, ni barne, 1955koa naiz, beraz, orain, 2017an, 62 urte dauzkat dagoeneko, kanpora joan behar izan genuen ikastera. Nire kasuan, Zaragozan ikasi nuen hastapenetan, ondoren Madrilen (beste jende asko joan ziren Valladolidera edo Salamancara joan ziren…). Toki haietan guztietan, nolabaiteko diasporako ikasle ginenok bai Euskal unibertsitatea bai Euskal Herriko unibertsitatea ere aldarrikatu egiten genituen. Garai haietan Chillidak aldarrikapen hura irudikatzeko logotipoa egin zuen, orain Euskal Herriko Unibertsitateak fagozitatu egin duena ofiziala bihurtuz eta, bide batez, euskalduntasuna baztertuz, unibertsitate elebiduna sustatu egin duen bitartean. Baina gure aldarrikapena, ordea, horixe izan zen, euskarazko unibertsitatea hemen sortzea, alegia. Zeren, berez, XX. mendean Euskal Herriak unibertsitate publiko bat ez izateak arazo politiko bat adierazten baitzuen. Izan ere, hemen sortutako unibertsitate ikasketak jesuitekin lotuak izan ziren, Eliza katolikoarekin, bada, eta ez zegoen irakaskuntza publikorik goi mailakoa zenik. Orduan, gure eskaera gauzatzeko bidean egon zenean, XX. mendeko 70. urteen bukaeran, 79tik aurrera Bilboko Unibertsitatean bilduta zeuden Valladoliden menpeko ikasketak hasi ziren egituratzen unibertsitate berri batean, baina honekin esan nahi dut ez zegoela hasiera batetik unibertsitate proiekturik, baizik eta aldez aurretik zegoen unibertsitate frankistaren berrantolaketa autonomiko bat. Sasoi haietan, nonbait, planteatzen ari zen espainiar Estatuaren berrantolaketarekin batera, unibertsitate autonomikoa zen horretarako bideratu zen unibertsitate publikoaren egitasmoa, gaur daukaguna. Gainera, sortze prozesuan oso kontuan hartu zen bai Deustok baita Opusek ere zer nolako ikasketak ematen zituzten, interferentziarik ez sortzeko, alegia. Bilbon, Humanitateak Deustokoaren menpe zeudenez, horri trabarik ez egiteko eta betiere lehentasun historikoari garrantzi handia emanez, Donostiari egokitu zitzaion, besteak beste Pedagogia, Psikologia, Filosofia eta abar zabaldu beharra eta halaxe gauzatu zen, non eta “Miserikordia” zaharreko etxeetan. Orduan, hutsetik sortu behar izan ziren hemen ikasketa humanistiko horiek eta denak batera atera ziren eskaintzara publikora. Denak batera horrekin esan nahi dut aipatu Psikologia, Filosofia eta Pedagogia ikasketak halako entitate bakar batean, Fakultate moduan, sortu zirela, eta, Zorroagakoa izan zena hasi zen gauzatzen, oraintsu “Zorroaga ahora Ibaeta”izeneko liburuan kontatzen kaleratu berri dudana.

Ikasleriaren aldetik, halere, hastapenetatik, emakumezkoak izan ziren gehienak eta berehala, irakaslerian ere emakumeak nagusitu ziren.

Garai hartan, 1979an, Donostialdean tarteka emititzen genuen irrati  klandestino baten bidez (Osina irratia izena zuen-“Asuna” batueraz) eman genuen lehen aldiz martxoaren zortzian Emakume Langilearen Egunaren berri.

Hiru urte pasa ondoren, 1982an, Emakume Langilearen Egunean atxilotu nindutenean, Osina Irrati pirataren beste kideekin aurkitu nintzen kartzelan, Karabantxel zaharrean.

Baina, ordurako Zorroagako fakultate femeninoan irakasle nintzelarik, handik igorritako maitasuna eta zaintza nahia eskuratzerik eduki nuen.

Oraingo honetan Sarak eta Izarrek erdiesterik daukaten modukoa. 

Recherche