Mertxe Aizpurua
durangoko azoka 50 urratsetan

50 urte, 50 urrats

Frankismoaren diktadura gori-gorian zegoen 1965eko urte hartan Durangoko Andra Mari elizako arkupean gauzatu zen, lehen aldiz, euskal kulturari hauspoa emango zion ekimena. Amestu ere ez orduan, 50 urte geroago euskal kulturgintzaren erdigune bihurtuko zen azoka ere antolatzen hasiko zirenik. Orduan, modernitatearen gorengoa etxe bakan batzuetan ikus zitekeen txuri-beltzezko telebista aparatuak ziren. Errepresio bortitzak inguratuta, irratien uhinek “La Yenka” eta “Help, ayudame” bezalako kantak aireratzen zituzten bitartean, errepideetan Simca 1000 dotoreak tokia hartzen zuen eta Vietnam-eko gerlak eragindako bakezale izpirituak hippyen lore koloretsuak ekarri zituen gurera. «Amodioa egin ezazu eta ez gerra» leloa sortu zeneko urtea zen, gona motzaren modak neskak liluratu eta gurasoak eskandalizatu zituenekoa.

50 urte pasatu dira. Eta Durangoko Azokaren ibilbidearen hariak euskal kulturaren bilakaeraren testigantza utzi du. Elizpetik merkatura eta merkatutik erakustazokara. 50 urrats laburretan, hona hemen azoka berezi baten historia. Gerediagak egindako bilduman eta handik eta hemendik jasotako datuekin egina dago.

1Durangaldearen etorkizunaz kezkatuta eta eskualde kontzientzia komuna berreskuratu eta indartzeko asmoarekin elkartutako gizon-emakume taldea izan zen Durangoko Liburu eta Diskoen Azokaren sortzailea. Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea sortu zuten. Sortzaileen artean Leopoldo Zugaza eta Jose Luis Lizundia zeuden.

2 Gerediaga Abadiñoko toki-izena da. Gerediagako zelaia mendeetan zehar Durangoko merinaldeko hamabi elizateen batzartoki izan zen. Herrietako agintariek, esku artean zituzten arazoak eta erronkak aztertu ondoren, elkarlanean konponbidea bideratzen zuten. Lurralde bateko gizartearen ikurra zen Gerediagako tokia eta izpiritu horretan oinarritu zen ekimena.

3 Arratsaldeko laurak ziren lehen Euskal Liburu eta Diskoen Azoka ireki zenean Gerediagaren ekimenez. Aterik ez zuen ireki, azoka hark ez baitzuen aterik, ezta hormarik ere. Teilaturik bazuen, ordea, Andra Mari elizpekoa. Azoka egiteko ideia Leopoldo Zugazarena izan zen. Berari kasu eginez, beroa egiten zuen 1965eko urriaren 30 hartan, infernutik zetorrela zirudien hego haize petrala. Zugaza aritu zen handik eta hemendik euskal gaiak jorratzen zituzten argitaletxeak bisitatzen eta bertan parte hartzera animatzen. Arantzazuko zeruraino ere igo zen Zugaza, Luis Villasanterekin hitz egitera eta gaztelaniaz argitaratu berria zuten “Gero” azokan aurkezteko eskaera egin zion. Han ezagutu zuen Joan Mari Torrealdai, beranduago debekua jasoko zuen “Jakin” aldizkariaren kopiak egiten, multikopistari deskantsurik gabe eraginez.

4 Lehenengo azokak 46.587 pezetako aurrekontua zuen, eta guztira 25 editoreren lanak aurkeztu ziren, 18 mahaitan. Lau diputazioek, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak mahaiak jarri zituzten. Parte-hartzaileen artean argitaletxe ezagunak ere egon ziren: Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendoa, Gomez edo Espasa-Calpe. Harribitxiak bezala, Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarrak euskaraz filmaturiko lehen hiru dokumentalak eman zituzten azokaren egitarauan barneratuta: “Ereagatik Matxitxakora” (1959), “Erria” (1961) eta “Elburua Gernika” (1962) izenekoak.

5 Bigarren edizioan, 17 mahai bildu ziren, 396 lan gaztelaniaz eta 284 euskaraz, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa programazioaren parte izan zen. Xabier Amuriza, artean abade zela, epaimahaikide izan zen. Jon Lopategik eraman zuen txapela eta urte horretan bertan, azokarekin batera urtebete lehenago sortua zen Ez Dok Amairu taldeak ere emanaldia eskaini zuen. Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi eta Bihurriak (Arantxa Gurmendi) eguerdian kantatu zuten; Joxe Antonio Villar, Julen Lekuona eta Mikel Laboak arratsaldean, eta gauean, berriz, Lourdes Iriondoren, Xabier Leteren eta Artze anaien saioa izan zen.

6 Andra Maria elizaren konpontze lanak zirela-eta, azoka bertan behera geratu zen 1967. urtean. Hurrengoan, pixkanaka bazen ere, azokaren finkapena aurreikus zitekeen, postuak 28ra iritsi baitziren. Ezkutuan zeuden liburuak eta diskoak bistara ekarri zituen; izan ere, euskarazko argitalpenak liburu denda gutxitan zeuden eta erosteko leku bakarra edo bakarrenetakoa azoka zen orduan.

7 1970eko azokaren bezperan gaude. Guardia Zibilak Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta Ibon Sarasola Durangon atxilotu ditu, Lur argitaletxearen kartelak jartzeagatik. Argitaletxea urtebete lehenago sortua zuten eta Gerediagak ukatu egin zien Andra Marin salmahaia jartzea. Eztabaida sutsu eta korapilatsuak piztu zituen «h»-a zegoen tartean. «Gu euskara batuarekin konprometiturik geunden –kontatu du gerora Arantxa Urretabizkaiak– baina bazegoen gure kontrako beto ideologiko bat ere, Arestirekin genbiltzalako eta Arestiren estigmak kutsatzen gintuelako». Kuartelean galdeketa egin eta libre geratu ziren. Biharamunean Xabier Gereñok bere mahaiaren zati bat utzi zien Lur argitaletxearen liburuak erakusteko. Hantxe kokatu ziren “Gu ezkerrago gaude” idazki bat gainean ipinita. Programatik kanpo bazegoen ere, Natxo de Felipe izeneko gazte bat kantaldietarako oholtzara igo eta Gabriel Arestiren “Gu Bartzelonako euskaldun unibertsitate mutilok” kantatu zuen.

8 Zentsura frankista saihesteko, argitaratutako kartelak euskaraz eta gaztelaniaz egin ziren hasieratik. 1971. urtean egingo zen, lehen aldiz, euskara hutsean. Edizio hau azokara bertaratutako jendetzagatik nabarmendu zen batez ere. 33 argitaletxeren 1.050 liburu eta 280 disko jarri zituzten salgai. “Anaitasuna” aldizkariaren orduko kronikak ongi adierazten du bertako giroa nolakoa zen: «Jendeak, izugarrizko proportziotan, euskaraz egiten zituen galderak. Lehenengo egunean, stand batzuek erdaldun saltzaileak bakarrik zituzten. Baina, giroak eraginik, azken egunerako guztiek zuten euskaldunen bat».

9 Lehenengo urtean hasita, azoka guztietan ikusgai egon ziren liburu eta diskoen katalogoa osatu zen, etorkizunerako euskal kulturaren erreferentziako txosten bilakatuko zena. Urtero egin zuten 1973. urtera arte. Sei urteko hutsunearen ondoren, 1980an berragertu zen lana.

10 Azokaren sendotze bidea irekita dago. Eta hori ez da frankismoaren estamentuen gustukoa. 1974. urtean Fulgencio Coll de San Simon militar, gobernadore zibil eta Bizkaiko frankisten buruak Durangoko Azoka debekatu egin zuen. Informazio eta Turismoko idazkariorde Marcelino Oreja Aguirreren jarrerak salbatu zuen egoera, eta azoka, azkenean, egin zen. Hori bai, elizaren ataritik kanpo egitea agindu zutenez, Merkatuko Plazara pasatu zen. Ez zen hori izan edizio honetako eragozpen bakarra. Julio eta Pio Barojaren “Navarra 4 estaciones” filmaren proiekzioa debekatua izan zen, eta, presioak presio, 1965etik urtero Durangoko Udalak emandako diru laguntza bertan behera geratu zen. Nolanahi ere, halabeharrez elizpetik merkatura egindako aldaketa azokaren mesederako izan zen eta han jarraitu zuen 1996. urtera arte.

11 Urduritasun giroa bizi du Euskal Herriak. 1975ean, hilabete pasatxo besterik ez da igaro Juan Paredes Manot, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak fusilatuak izan zirenetik. Franco hilzorian dago. Azoka azaroaren 1ean ireki zen, Franco 20an hil zen, eta normaltasun itxura emateko asmoz, Bizkaiko Gobernadore Zibil berriak –Ignacio Garcia Lopez– azoka bisitatu zuen. Kronika isilek ziotenez, bere arreta erakarri zuten hainbat liburu hartu eta eraman zituen, ordaintzeko keinurik ere egin gabe. Titulu berriak ageri dira mahaietan. 1.400 tituluen artean, 100 berriak dira. Cinsa-k argitaratutako euskaraz ikasteko “Euskalduntzen” metodoa da libururik salduena eta diskoen atalak garaiko nobedadeari tokia ematen dio: kasetea agertu da, euskal kantagintzan ere bai.

12 Franco desagertuta, argitaletxe eta diskoetxe berriak sortu dira. Hordago eta Elkar bezalako babespean, ordura arte debekatuta egon diren liburu eta diskoak kaleratzen ari dira. 1976. urtean, besteren artean, aldez aurretiko bahiketa administratiboa ezarri zen ‘‘Pertur’’ edo “Que se vayan” liburuetan. Ez zuen eraginik izango, ahapeka eta isilpean egindako erosketaren igoeran ez bada. Amnistiaren aldarrikapenaren urteak datoz. Politika eta abertzaletasuna pil-pilean daude.

13 1977tik aurrera, galarazita zeuden hainbat liburu Durangoko mahaietan jarri zituzten. Besteak beste, Orixeren “Euskaldunak”, Gabriel Arestiren “Harrizko herri hau” edo Joxe Azurmendiren “Hitz berdeak”.

14 Franco hil ondoren, Gerediagak egin beharreko lana egina zuela pentsatzen zuenik ba omen zegoen, eta Durangoko Azoka antolatzearen ardura erakunde ofizial batek hartu beharraren inguruan eztabaida ere piztu zen. Jon Irazabalek gogoratzen duenez, presio guztiei aurre eginez, Gerediagako kideek Durangoko Azoka antolatzen jarraitzea erabaki zuten, ikusirik beraiek egiten ez zutena ez zuela beste inork egingo, «ez behintzat behar zen ganoraz eta arduraz, ez behintzat behar zen moduan eta zegokion neurrian».

15 Madrilgo Gobernuak lan egutegia moldatu eta 1980ko azaroaren 1a lan egun bezala finkatu zuen. Gerediaga elkarteak azoka abenduaren 8ra eramatea erabaki zuen, eta kudeaketa profesionalizatzeko asmoarekin, Jon Irazabal historialari gaztea koordinatzaile gisa kontratatu zuen. Aldagai berriak kontuan hartzen dira eta aldaketa estetikoa ere gertatzen da: egurrezko astoz egindako mahai xumeetatik stand-etara. Eta erabaki berriak datoz: urtebete lehenago Joseba Sarrionandiak Durangaldeko “Ibaizabal” aldizkarian sartu zuen jada argitaratzen ez zen azokaren katalogoa. Arrakasta ikusita, Gerediaga elkarteak ideia hau berriro bere gain hartuko zuen.

16 Laurogeiko hamarkadaren lehen urteek ekimen berriak dakartzate. 1982ko azoka agertoki hartuta, Euskal Idazleen Elkartea sortu zen. Handik egun gutxira, Euskal Telebistak bere lehen emisioa eskainiko zuen, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren agurrarekin. 1984an, berriz, Euskal Editoreen Elkartea gorpuztu zen. Eztabaida euskal kultura eta hizkuntzaren inguruan kokatua dago eta makina bat mahai-inguru, hitzaldi eta ika-mika sortzeko eman du gaiak. Handik bi urtera, 1986an hain zuzen ere, ETBren gaztelaniazko bigarren katea irekitzear dago.

17 Merkatuko Plaza txiki geratu da. 1985ean azokako espazioa bitan banatu dute; liburuak Merkatu Plazan eta diskoak Andra Marian aurkeztuko dira. Datozen urteetan inguruko kaleak ere beharrezkoak izango dira bertaratzen diren guztiei tokia egin ahal izateko.

18 1986ko maiatzean, Udaberriko Euskarazko Liburu eta Disko Azokaren saiakera egin zuten lehen aldiz; hau da, euskara hutsezko azoka. Ez zuen izango antolatzaileek espero zuten erantzuna. Hiru urtez iraun zuen ekimenak.

19 Garaian garaiko aurrerapen teknologikoen lekuko ere izan da azoka, biniloaren arotik kasetera eta hortik CDarena etorriko da. CDari ireki zitzaizkion ateak 1997an. Elkar argitaletxearen eskutik iritsi zirenen artean, Benito Lertxundiren “Mauleko bideak” eta Oskorriren “Hamabost urte.. eta gero hau” daude.

20 Une gozoak eta une zailak izan ditu Durangoko Azokak bere ibilbidean. Baita kritikoak ere. 80ko hamarkadaren bukaeran azoka Bilbora eramateko proposamena ere egon zen mahai gainean. Joseba Arregi Lakuako Gobernuko Kultura sailburu zeneko garaietan kokatzen da denbora hori. Jose Luis Lizundia aurka azaldu zen. Eta honela adierazi zuen idazleak ezetzaren arrazoia: «Azoka Bilbora eramatea izango zen azoka bilbotartzea, eta Donostiakoek beste bat antolatuko lukete, eta... eta hau ez da derbi bat, kontxo! Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean dago Durango, baina Durangok badu harremana Gasteizekin, eta lehenago bazen Nafarroa ere».

21 25. edizioa ospatuko da 1990. urtean eta ekitaldi ugari antolatu dira urteurrenaren inguruan: Xabier Lete oholtzara itzuli da Antton Valverde musikaria lagun duela eta irekiera hitzaldiak lehen aldiz, emakume ahotsa du, Henriette Aire idazle baxenabartarrarena, Xalbador bertsolariaren alaba, hain zuzen ere. Urte horretan Durangoko Berbaro Elkarteak Haur Literatura Txokoa jarri zuen lehen aldiz, gaur egungo Saguganbara. Azoka eredu berriaren hazia izan zen, ordutik apurka-apurka gune berriak sortuz joan baitira azokaren bueltan. Halaber, urte hartako abenduaren 6an, “Egunkaria”-ren lehen alea kaleratuko da eta azoka izango da aurkezpenaren tokia.

22 1992. urtetik Argizaiola saria ematen du Gerediagak azoka egunetan, euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsonak zein elkarteak eskertzeko asmoz. Lehen omendua Jon Bilbao ikertzaile eta bibliografoa izan zen.

23 Azoka Plaza utzi, eta Durangoko orube desberdinetara mugituko da erakusketa, eta karpa handien azpian kokatuko da 1996tik aurrera. Urte horretan 206 stand daude jada, horietatik 12 multimedia eta teknologia berriei eskainita.

24 Leku aldaketarekin, Azoka Plazak beste egitasmo bat jasoko du aurrerantzean. Arbaso elkarteak antolatutako Euskal Denda bertan jarri zen lehen aldiz. Zazpi herrialdeetako eskulangileek egindako lanak aurki daitezke gaur Euskal Herriko artisau azokarik garrantzitsuenetakoa den honetan.

25 1997ko kartelean emakume bat eta gizonezko bat erdi biluzik agertu ziren. Gaizki-ulertuak saihesteko “Kulturak janzten gaitu” lelopean aurkeztu zen kartela.

26 1965ean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako diputazioen laguntzarekin egin zen azoka. Nafarroak argitalpenak oparitzen zituen, eta horien salmentaren emaitza izaten zen finantza iturria. 2001ean Nafarroako Gobernuko ordezkariek, euskal kulturaren aurkako politikaren ondorioen artean, Durangoko Azokara ez joatea erabaki zuten.

27 Badira edizio batzuk idazleen sinaduraren moda Durangora iritsia dela. 2001ekoan, lehen aldiz, gehien eskatutako sinadura ez zen musikari edo idazle batena izan; hain zuzen ere, Iñaki Mendiguren itzultzailea izan zen arrakastatsuena, Harry Potter-en abenturak euskarara itzuli dituena.

28 2002koa izan zen salerosketak eurotan egiteko lehen urtea. Estatu frantsesean eta espainolean urte hartako urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean eta azoka iritsi zenerako jendea ohituta zegoen jada diru berriarekin zenbaketak egitera.

29 Erabilera anitzeko Landako erakustazokaren irekiera ekitaldiarekin batera, Durangoko Liburu eta Disko Azokari ere etorkizunerako aukerak zabaldu zaizkio. 2003an ireki zen eta ordutik hona 3.750 metro karratuko eraikinaren babesean egiten da. Arrakastatsua izan zen edizio hau, bai bertaraturiko jendetzaren aldetik eta bai salmentei dagokienez. Libururik salduenak Joseba Sarrionandiaren “Kolosala izango da” eta Atxagaren “Soinujolearen semea” izan ziren, antolatzaileek egindako balantzean. Bakoitzetik 5.000 ale inguru saldu zirela diote kronikek. Musikaren atalean, berriz, Ruper Ordorika eta Mikel Laboaren azken diskoak izan ziren arrakastatsuenak.

30 Dagoeneko liburu azoka baino zerbait gehiago da Durango. Euskaltzaleen unibertsoari tokia ematen dion planeta bezala definituko du baten batek. Hedapen horren gerizpean, gune berriak zabalduz doaz. Landakoko hiltegi zaharra Plateruena Kafe Antzokia bihurtu zen 2004an. Inbertsio handia eskatu zuen eta orduan egindako esfortzu ekonomikoaren zorra arrastaka daramate oraindik.

31 Zentsura da 2005eko gai nagusia eta Joan Mari Torrealdaik egin du inaugurazio ekitaldiaren sarrera hitzaldia: “Zentsura frankistaren irakurketa gaurkotua”. Ez zen, haatik, zentsuraz aritu zen hizlari bakarra izan. Egunen joan-etorrian, zentsura gaia presente izan zen hitzaldi eta mahai-inguruetan. Arnaldo Otegiren pentsamendua jasotzen duen “Bihar Euskal Herria” elkarrizketa liburuak salmenta errekor guztiak hautsi zituen Durangon. Standaren aurrean izugarrizko jende ilarak osatu ziren politikariaren sinadura lortzeko.

32 Munduari so eginez, 2006an Eslovenia herria gonbidatua izan da, bertako errealitate kulturala aurkeztua izan dadin. Bide berria irekiko du asmo honek, eta hurrengo urteetan beste tokietako kulturek utziko dute arrastoa Durangon, hala nola georgiarrak, finlandiarrak, kurduak, galegoak, ijitoenak edo eskoziarrak, besteren artean.

33 Azokaren proiekzioari garrantzia emanez, 2006ko aurkezpenak Gasteizen, Donostian eta Baionan egin dira eta telebista iragarkien bitartez etxeetara iritsi da gonbidapena. Elkartasunari ere tartea egingo dio azokak, Gure Irratiak sutea izan zuela-eta, Gerediagak Ipar Euskal Herriko irratia laguntzeko diru bilketa sustatu baitzuen.

34 Umorea gai bezala hartuta, 2007ko ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratzea pentsatu zuten. 1.300 euroko diru saria finkatu zen Euskal Herri osoko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako baten ikurraren eta irudiaren egilearentzat. Irabazlea “Jantzi euskara” leloa zuen lana izan zen: Olentzero biluzik, azokako liburu eta disko artean opariak aukeratzeko prest. Igotz Ziarreta, Bartzelonan bizi zen meñakarra izan zen kartelaren egilea.

35 Kartelekin jarraituz, 2008koak bazterrak nahastu eta polemika bizia sortu zuen. Txapela, betaurreko eta aurikularrak zeramatzan “Gizon ikusezina Azokan” bezala identifikatu zen irudia. Emakundek salaketa jarri zuen, matxismoaren aldarrikapena zela argudiatuz. Gerediagak defendatu egin zuen Aritz Zabalaren lana eta aurreiritziak alde batera uzteko deia egin zuen. Nolanahi ere, azokaren bezperetan zendu zen Mikel Laboaren izpiritua gailendu zen 2008ko urte hartan, megafoniatik etengabe entzungai zeuden abestiek omenaldi korala osatzen zuten bitartean.

36 Erotismoa eta sexua dira Durangoko 45. Liburu eta Disko Azokak aukeratu dituen gaiak 2010ean. Szenatokia gune berria batu zaio eskaintzari, arte eszenikoei ere leku propioa ematearren.

37 Ikus-entzunezkoen sortzaileentzat zabalik da 2011. urtetik Irudienea proiektu berria. Hasierako edizioan ikusitako Gotzon Elortzaren hiru dokumentalak proiektatu dituzte berriro, Euskadiko Filmategiak zaharberritu ondoren. Bestalde, lehenengoz instalatutako neurgailu termikoa da nobedadea. 105.00 bisita jaso direla zehaztuko da.

38 2008an sortzaileek eurek Ahotsenea gunea sortu bazuten, Gerediaga elkartearen laguntzaz, 2010 eta 2011n Szenatokia eta Irudienea ere batu zitzaizkion azokari. Eta 2012an sortu zen gune berriena, Kabi@, kultura digitalaren eredu berrien bueltan elkar ezagutu, esperimentatu eta ezagutarazteko.

39 Jon Irazabalek Durangoko Azokaren zuzendaritzaren lekukoa Aiert Goenagaren eskuetan utzi du 2012rako. Irazabal azokan lanean hasi zen urte berean jaioa zen Goenaga, 1981ean, baina urtebete besterik ez zuen iraungo zuzendaritzan. 2012ko edizioa zuzendu ondoren, Gerediagak ez zion kontratua berritu ondarroarrari. Polemika piztu zuen erabakiak.

40 Aurreko urteetan ere igartzen zen kezka ekonomikoaren itzala Durangoko Azokaren inguruko mezu positiboen eta balorazio baikorren azpitik, baina 2014ko azokaren aurkezpena arte sekula aipatu gabea zuen Gerediaga elkarteak. 2013an, 56.000 euroko zuloa egin zela jakin zen. «Aurreko urteetako ildotik badatoz laguntzak, jasangaitza izango da egoera. Larrialdikoa». Gerediaga elkartekoek Eusko Legebiltzarrean eman zuten alarma abisua. Lehenengoz, eta ozen. 150.000 euro eskatu zizkioten Lakuako Gobernuari, eta hark Bizkaiko Foru Aldundiak egiten zuen ekarpena berdinduko zuela hitzeman zion, 120.000 euro bideratuko zituela, alegia. Ekonomikoa zirudien eztabaidak azalean, baina ereduari buruzko debatea zegoen sakonean. «Milaka herritarren babesa daukagu, baina erakundeek ematen diguten babesa ez da neurrikoa», zioten Gerediagakoek.

41 2013. urtetik aurrera azokak eduki duen izen berria iragarri zuen Gerediaga elkarteak 48. edizioaren aurkezpen ekitaldian. Durangoko euskal liburu eta disko Azoka izenaren ordez, Durangoko Azoka izango da hortik aurrera.

42 Azken urteotako bisitak egonkortu dira, batez beste 100.000 bisitari ditu urtero azokak, eta euskal argitaletxeek urteko produkzioaren %60 Durangora begira argitaratzen dute.

2012an Europan hizkuntza gutxituetan egiten diren kultur festibalen ranking-ean Durangokoa bisitatuenen artean bigarrena izan zen. Azokak berak jasotako datuen arabera, ekimenak duen eragin ekonomikoa aipatzeak ere merezi du: industrian eta ostalaritzan bina milioi fakturatzen dituzte edizio bakoitzeko.

43 Euskal kulturarekin lotura edukitzea beharrezkoa da azokan postua jarri ahal izateko eta baldintza batzuk betetzea ezinbestekoa da: liburuei dagokienez, euskaraz idatzita dagoen edozein liburu aurkez daiteke; beste hizkuntza batean idatzita baldin badago, Euskal Herriaren inguruko gairen bat jorratu behar da. Berdin dio zein. Musikari begira ere irizpide berak betetzen dira. Hitzak euskaraz badira, edozein artistak erakuts edota sal dezake bere lana; hala ez den kasuetan, Euskal Herriko sortzaile baten musika izan beharko du.

44 Hamabi urte badira emakume batek daramala bere ardurapean Durangoko Azokaren ibilbidea, 2003an Nerea Mujika durangarrak Gerediaga elkartearen lehendakaritza hartu zuenetik.

45 Euskal kulturan murgiltzeko arrazoiez gain, beste batzuk ere badira herritarrak Durangora erakartzen dituztenak. Urteroko hitzordu sozial bihurtu da azoka egunetan Durangora hurbiltzea: itzuli bat emateaz gain, ezagunekin topo egiteko tokia; eta askorentzat, elkar ikusteko aukera horregatik beragatik merezi du hara joatea.

46 Lehiaketa bidea alde batera utzita, azokaren irudia izango den kartela aukeratzeko orduan artista jakin bati zuzenean eskatzeko formula erabiltzen ari dira azken urteotan. Besteak beste, Nestor Basterretxea edo Itziar Okarizek sinatu dituzte lanak. 2015ekoak Jose Luis Zumeta artista usurbildarraren sinadura darama.

47 50. urteurren honetan, ohikoa baino egun bat gehiago izango du azokak eta, lehen aldiz, herritarrek barrutik ezagutzeko aukera izango dute, abiatu den boluntariotza programaren bidez. Azokak antolatuta, boluntarioek hainbat zereginetan lagundu ahal izango dute: lan administratiboak, teknikoak edo komunikatiboak eginez.

48 Zenbaki biribilak ere berrikuntzak ekarriko ditu laster biziko dugun azokara: aurten, autoekoizleen plaza antolatu da, lehenengo aldiz. Areto Nagusiaren alboan egongo den eremu berezi bat da, gainerako standetatik berezituko dena, ez bakarrik itxuran eta tamainan, baita antolatzeko eran ere. Autoekoizleek beraiek erabaki dute nola partekatu azpiegituraren kostua, bete beharreko txandak, diru sarrera kontuak eta baita beraien lanak iragartzeko modua ere.

49 Ezustean ez harrapatzeko, komeni da jakitea 10.30etik 20.00etara zabaltzen direla Landakoko ateak. Hala ere, ohiko argazki bihurtu da jada goizeko 10.00etarako zain dagoen jendearena, azokako pasilloetan barrena postuak lasaiago ikusteko aukera izan nahian.

50 50 urte atzera eginez, 2015eko Argizaiola saria lehenbiziko azoka amestu eta enbata guztiei aurre eginez martxan jarri zuten Gerediaga elkarteko fundatzaileentzat izango da. Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Altzibar eta Jesus Astigarragak jasoko dute, merezimendu osoz, azken Argizaiola.