Koldo Carrillo
txango bat irlandako hiriburuan

Dublin Guinness pinta batekin

Errubi koloreko eta apar lodidun garagardo pinta, biolinaren doinu koloretsu eta biziak bodhran-aren kolpeekin nahastuta. Egurrez apaindutako pub bateko txokoan gaude eta gure inguruan, jendetza kantuan. Halakoak dira Dublingo pub batean izan daitezkeen bizipenak eta agian, Irlanda bisitatzean, bizi daitekeen esperientziarik ederrenetakoa da.

Garagardoa eta pub-ak dira irlandarren bizimoduaren osagai garrantzitsuetako bi eta Dublinen aukera anitz izango dugu garagardo pinta batekin gozatzeko. Hirian zehar mila pub baino gehiago daudela esaten da eta, hasteko, Temple Bar ingurua da ezagun eta jendetsuena. Dame St, Liffey erreka eta Trinity College artean kokatzen da, eta hainbat kaletan zehar banatzen diren pub kontaezinekin batera, Irlandako zein mundu osoko zaporeak eskaintzen dituzten jatetxeak, kaleko artistak eta musika irlandarra entzuteko aukera izango dugu. Turista andanak autentikotasunari kentzen dion xarmaren gainetik, Dublinen aurki daitekeen kultura eta aniztasunaren isla ere bada Temple Bar. Eremu honen bihotzean, Fleet Street kaleak pub ugari biltzen ditu errenkadan.

Zintzurra garagardo fresko batekin bustitzeko asmoz, hiriko pubetan barneratuko gara eta erreportaje honetan horietako zenbait gomendagarri aurkituko dituzun arren, ez dago norbere kabuz Dublingo pubak esploratzea bezalakorik, bidaiariarentzat honek dakartzan ezusteko eta zorioneko aurkikuntzekin. Betiko pub tradizionaletatik hasi, eta cocktail pub edo modernoetaraino, gustu guztiak asetzeko moduko eskaintzarekin egingo du topo bisitariak. Hala ere, behin Irlandan gaudela, merezi du tokiko kulturan murgildu eta lagun giroan, Guinness pinta batekin gozatzea. Gainera, hainbat pubetan ohikoa da irlandar plater tipikoenak aurkitzea, itsaskiak, muskuiluak, izokinak, bai eta haragi eta Guinness garagardoarekin prestatutako gisatua ere, besteak beste.

Irlandar doinuak garagardoz bustiak. Emanaldi moderno eta rockeroekin batera, metropoli honetan ez dira irlandar doinu tradizionalak falta eta, hala, hainbat pubek gauero edo ia gauero eskaintzen dituzte zuzeneko kontzertuak. Iluntze eta gauetan zehar, hainbatetan egingo dugu topo “Galway Girl”, “Molly Malone”, “Dirty Old Town” edo “The Wild Rover” moduko kantu ezagunekin, eta azkenean, pubeko jendearekin egingo dugu bat kantuan. Musika tradizionala berbabide, O’Donoghue’s puba da, zalantzarik gabe, lokalik aipagarrienetakoa. 1934. urtean ateak ireki zituenetik, oso ezaguna egin da dublindarren artean gaueroko emanaldiengatik, eta, hain zuzen, The Dubliners talde ezagunak bertan egin zituen bere lehen urratsak. Izaera bereziko pub honetan, biolinen, flauta eta gaita irlandarren edota bodhranen doinuez girotzen dira iluntzeak. Merrion Row kalean, Temple Bar gunetik pixka bat aldenduta badago ere, benetan merezi du Irlandako musikaren historiarekin estu lotutako pub hau ezagutzea. Lehenago aipatutako benetako pub tradizional baten bila doanak, Bridge Street Lower kalean, The Brazen Head pubean aurkituko du horixe. Irlandako pubik zaharrena dugun honek 1198. urtetik darama dublindarren egarria asetzen eta bertan ere gauero entzungo ditugu irlandar doinu biziak zuzenean.

Dagoeneko mugimendutik gertuago, Temple Bar gunean barneratuko gara. Askorentzat turistaz eta gaztetxoz jositako eremua bada ere, badu bere xarma eta, toki guztietan bezala, bada sartu-irten bat merezi duen pubik. Dublinera egindako bisitan, bereziki erakarri gaitu Oliver St John Gogarty pub ikusgarriak, Fleet Street eta Anglesea Streetek bat egiten duten izkinan dagoenak. Kanpotik begiratuta deigarria da, eta eguerditik hasita gaueko ordu txikietara arte etengabe giroa animatzen diharduten musikariek ematen diote pub honi bere bizitasuna. Irlandar doinu tradizionalak entzun bitartean garagardo pinta batez gozatzeko txoko gomendagarria da benetan, nagusiki turistei zuzenduta baldin badago ere. Fleet Streetetik mugitu barik, 1823. urteko The Palace Bar pubak ere merezi du aipamen bat; batetik, bere musika emanaldiengatik eta, bestetik, garagardo irlandar eta whiski aukera zabal bezain onagatik. Guinness zurrut baten eta beste baten artean, eurek ekoitzitako Palace Bar whiskia dastatzeko aukera ere badago.

Garagardo onaz, irlandar janariaz eta lagun giroaz batera, aipatzekoa da pub batzuek oraindik mantentzen duten iraganeko itxura. Molly Malone arrain saltzaile ospetsuaren estatuara hurbiltzea aitzakia ederra izan daiteke Dublingo benetako pub viktoriar batean sartzeko. Dame Court-en, hain zuzen, The Stag’s Head pubak giro epelean bilduko gaitu bere beirate, eskultura eta kaoba zein letoiz apaindutako barnealdearekin. St Stephen’s Green eta Merrion Square parkeen artean, ostera, Toner’s pubak janari-denda zeneko hainbat elementu erakusten ditu oraindik bere egurrezko barra eta beira-arasetan.

Guinness garagardoaren tenpluan. Dublindarren harrotasuna pizten duten gauzetako bat Guinness garagardo ezaguna dugu eta jakina, hiriburuko pubetan ez da inoiz faltako. Hala ere, edozein garagardozalerentzat ezinbesteko bisita da Guinness Storehouse biltegi ikusgarria. Irlandako amu turistiko handiena izaki, St. James’s Gate-n kokatutako adreiluzko biltegia marketinaren makineriaren erreminta garrantzitsua ere bada. Bestalde, baina, zazpi solairuz osatutako pinta erraldoian zehar egindako bisita interaktiboak garagardo honen inguruko zehaztasun eta bitxikeria guztiak ezagutzeko aukera emango digu, urre beltz hau sortzeko errezeta izan ezik! Beheko solairutik hasi eta zazpigarrenera arte, garagardo honen gaineko esperientzia batean murgiltzen da bisitaria eta amaitzeko, hiriaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen digun Gravity Bar-ean; Guinness pinta batekin gozatzeko eskubidea dauka bisitari bakoitzak.

Arthur Guinness-ek 1759. urtean ekin zion garagardo honen ibilbide oparoari, eta Guinness Storehouse-n beheko solairuan, hain zuzen ere, garai hartan sinatutako alokatze kontratua ikus dezakegu, 9.000 urterako sinatu zena! Garagardoa ekoizteko osagaiak (garagarra, lupulua, legamia eta ura) gertutik ezagutu ostean, 200 urtez garagardoa garraiatu izan duten egurrezko upelen elaborazioaren gaineko atala benetan bitxia da, baita urteek aurrera egin ahala garagardoaren garraioan edota fabrikan bertan izandako aldaketak ere. Honetaz guztiaz jabetzeko, garaiko hainbat argazki eta bideo eskainiko dizkigute. Pinta erraldoian gora goazen heinean, dastatze aretora edota garagardo ezagunaren ibilbide publizitarioan zehar eramango gaitu bisitak. Esperientzia amaitutzat eman aurretik, Guinness akademian, Guinness pinta perfektua zerbitzatzeko pauso ospetsuak erakutsiko dizkigute barraren beste aldean gaudela, eta pinta gure eskuan dugula, gozatzera!