amagoia mujika
IRITZIA

Eskailerak

Ni naiz gelako bigarren jatorrena». Zerrendak egiten dira; jatorrenak, ederrenak, dantzan trebeenak, futbolean onenak, matematikan bizkorrenak, hortz gehien erori zaizkienak, lokarriak lotzen azkarrenak… Dozena erdi bat urte eta dozenatik gora zerrenda. Eguneroko borroka bihurtzen da zerrenda horietako baten batean goi samarrean egotea. Oso umetatik ikasten dugu, halabeharrez, inguratzen gaituen mundua eskaileratan antolatuta dagoela; batzuk goian eta besteak, behean. Eta eskailera horietan gauden tokiaren arabera hartzen ditugu erabakiak. Esaterako, eskaileran beherago dagoenarekin desados bagaude, lasai asko egiten dugu protesta. Orduan bai balioak, ausardia, koherentzia. Baina eskaileran goraxeago dagoen horrekin desados egonez gero, komeriak. Batzuetan erabakitzen dugu bakeak gehiago balio duela eta ez gaudela gerrarako. Total.

Badira, baina, eskaileran non dauden erreparatu gabe desados daudenean protesta egiten dutenak eta baimenik eskatu gabe taldean jolastera sartzen direnak. Askotan ez dira ez maitatuak ez ulertuak izaten, baina behin irakasle bati entzun nionez, «horiek dira jendarte honen legamia». Emakumeen kasuan, eskailerako koskak latzagoak izaten dira, gainera. Akordatzen umetako jolasarekin? «Zu tontoa zara». Eta, besteak: «Zu beti bat gehiago». Ba, horixe, emakumeak, emakume izateagatik, beti koska bat gehiago.

Mundua den fauna handi horri oso umetatik ematen diogu tankera eta gure garunak azkar barneratzen du eskaileraren legea. Etengabeko oreka akrobazia izaten da eskailera horretan goian daudenekin (batez ere) eta behean daudenekin (ez hainbeste) ondo moldatzea; neurrian goratzea, grazia neurrian egitea...

Askotan, baina, ez gara jator aritzen. Goikoa kontentatzeko behekoa zapaltzen dugunean, kasu. Ez da jokabide txukuna, sufrimendua sortzen du eta berez behean dagoena gehiago apaldu eta tristatzen du. Baina horrek ez du zalaparta handirik sortzen, sufrimendu handia bakarrik.

Bestelakoa da mintzen duguna eskaileran gu baino gorago dagoenean. Laneko nagusi «enrollatu» horri txantxa bat egitera ausartu eta pasatu egin zarela konturatzen zarenean bezala. Orduan nagusiak barruan daukan nagusia kanpora ateratzen da, eskaileran behera bultzatzen zaitu «dagokizun» mailara buelta zaitezen eta hanka zapaltzen dizu bizpahirutan, pixka batean gora igotzeko gogoa berriz izan ez dezazun.

Horrela sentitu naiz “Euskalduna naiz eta zu?” saioaren inguruan espainolek piztu duten suari begira. Bai, nik ikusi nuen saio osoa eta lasai ederrean joan nintzen lotara, ez barrez lehertuta ezta esan zirenekin asaldatuta ere. Haur eta gazteen artean gertatzen denari bullying esaten zaio. Espainiak Euskal Herriari egiten dionari, nola?