JOKIN URAIN
IRITZIA

Lausoa

Adierak baditu bat baino gehiago hiztegian, eta hizketan norberak eman nahi adina hor nonbait. Begietako lausoa, beiran egiten den lausoa, kontu lausoak, edanak eragiten dituenak... Eta nor ez du galdu, nahastu, desbideratu... noizbait lausoak?

Abereak ez dira lausoan galtzen; abereek lausoa ikusi egiten dute; astoak, mandoak, behorrak... lausoa ikusten du bidean, eta ez du hortik igaro nahi izaten, izutu egiten da. Guk ikusten ez dugun zerbait ikusten du, gauza zehatza izan behar duena, beste mundu baterako atea dena agian, edo munstroren baten atzaparra. «Hor lausoa dago», esan ohi ziguten txikitan, trailan generaman mandoak bideko uneren batean egundoko buerdan atzerakada izutua egiten zuenean. Guk ezer ikusi ez arren, han zegoen lausoa, mandoak ikusten zuen.

Baina gu, gizakiok, sarritan gabiltza lausotan galdu samarrak, geure bizitzan uste gabeko bidegurutzera iritsi eta nora jo ez dakigunean esate baterako, edo aldaketa sozialak aurreikusitakoen aldean handiak edo ezberdinak direnean, zartadaren bat hartuta bezala dena zehazkabe ikusten dugunean... Edo Andutz aldetik Oarso aldera sagardotegi bila iritsi autoaren gidari eta semaforoak, bide seinaleak, zebra-bideak eta gainerako zera guztiak gauza nahasi eta inkoherente moduan ikusten dituzunean, espaloiak, alamedak eta enparauak erdiz erdi zeharkatzea erabaki arte.

Harraparien begirada nahasteko, lausotzeko, garatua ei dute zebrek euren traje dotorea. Marra zuri eta belzdun zebra andana laukoan ihesi ikustean, ezin izaten ei dute lehoiek zebra bakar batean zentratu begirada. Agian horrek badu zerikusia errepideetako zebra-bideetan oinezko askok sentitzen duten noraezarekin, lausoarekin esango nuke. Bazoaz autoan eta hortxe agertzen zaizu, presaka bezala, zebra-bidea gurutzatu nahi duen gazte edo ez hain gaztea, baina errepidearen erdia baino lehen mantsotzen du pausoa ia geratzeraino, lausoan galduta geratzeraino, telefonoari, atzean geratu zaion zakurrari, aurreko taberna atarian dagoen bezeroari, leihoan ageri den amonari... begira, begi-zeharka zuri begira... eta kariñoz begiratzen diozu zeuk ere.

Ez dakit lausoan ez galtzeko zelako bitartekoak asmatu beharko ditugun, Harriet, zebra-bide eta seinale guztiek ere ez gaituztelako beti zuzen gidatzen, eta mandoa gidari hartzea igual ez da soluzioa.