amagoia mujika
IRITZIA

Donostia

Zapata berrienak janzten genituen Donostiara joateko. Eta ilea orrazten normalean baino denbora gehiago ematen genuen. Gertaera handia zen Donostiara joatea. Txokolate beroa hartzen genuen edo izozki bat. Edo biak. Behin etorrita, ezta? Gustura sentitzen ginen, etxetik gertu eta urrun aldi berean. Euskara ere zeozer sumatzen zen kalean eta, tira, abentura polita zen umetan Donostiara joatea.

Koskortu ginenean lagunekin joaten ginen; hondartzara, zinemara, parrandara… Tarteka herritik ateratzea arnasa hartzea ere bazen. Herriko plazan begi ezagun gehiegi topatzen ditu nerabeak. Baina Donostia gure herri ere sentitzen genuen. Ez ginen atzerrian sentitzen. Turista garaian, gainera, bertakoago sentitzen ginen; turistei aparte geratzen zitzaizkien bertako txokoen jakitun eta haiek urrundik ere ulertzen ez zuten hizkuntzaren jabe. Geroztik ere joan izan gara. Baditugu gustuko dendak, paraje patxadatsu maiteak, mokadu tentagarriak egiteko txokoak. Donostian gozatu ditugu antzerki lanak eta kontzertuak ere.

Baina, aspaldi ez gara joan. Aspaldi ez dugu patxadarik topatzen Donostian. Auto ilarak, itxaronaldiak, lepo betetako hondartzak, pausoa eman ezineko kaleak, trago garestiak eta jendearen emana… aspaldian ez gaitu tentatzen Donostiak.

Batzuek esaten dute ona dela jendearen eman hori, diru asko uzten dutela hirian eta zaindu egin behar dela. Txintik esan gabe eutsi behar zaiola olatuari, etorri bezala hartu eta kito. Tira, egongo ote da beste aukerarik. Seguru badagoela. Ez zait txukuna iruditzen turismoaren inguruko hausnarketa eskatzen dutenak turismoaren aurka daudela esatea. Horrek kasketa bat dirudi. Ezin dugu turisten kontra egon, gu geu turista garelako edo izan garelako. Koloretako puzgarriz eta menu koipetsuz betetako kosta horietan euskara asko entzuten da. Baina etortzen dena zergatik eta zertara etortzen den galdetu beharra dago. Ariketa osasuntsua da, zalantzarik gabe. Gazte batzuk kezkatuta daude eta mugitzen hasi dira, hausnarketarako deia eginez. Gakoa beti dago begiratzen den ertz horretan. Batzuen ertzetik gazte erradikalak ikusten dira. Tiraderan gordeta zituzten hitzak atera dituzte. Ez zuten asko behar.

Beste ertz horretatik bere herriaren etorkizunarekin kezkatuta dagoen jendea ikus daiteke. Gure herria hain erakargarri egiten duten tasunak zaindu behar direla abisua ematen ari den jendea. Igual pentsatzen dute lehentasuna dela bertan modu duinean bizitzeko herria eraikitzea. Eta behin hori ziurtatuta, hasiko garela turismoaz hizketan.

Herria egitea ez da erraza, baina apasionantea izan beharko luke.