GALDER PEREZ
IRITZIA

Hareazko sirena

Uda honetako egun eguzkitsu bakan horietako batean arroken kontra sortutako hareazko sirena aurkitu nuen. Bakarrik zegoen, bere egileak alde eginda eta, hortaz, bere kanta ezti ospetsua mutua zen. Ordura arte ez dut sekula nire begien aurrean itsaslamina edukitzeak sortzen duen sentsaziorik bizi. Eta itzela da. Ez da ezustekoa izango harrigarriena bere isatsa dela esaten badut. Bazirudien hondar artean, hondarrez sortutako isatsa astintzen hasi behar zuela, bortizki, harkaitzetatik itsasertzera iristeko. Baina hareaz sortutako sirena hark ez zuen mugitzeko aukerarik. Aitzitik, apurka desegiten ari zen. Haize finaren konplizitateak lagunduta hondarrezko sirenaren ile ederretako harea-pikorrak banan-banan erortzen ari ziren. Sirenak gustura uzten zion haizeari gorputza leunki desegiten. Nahiago zuen itsasgorak bat-batean irentsi aurretik hondar artean desagertu.

Gu ere sirenaren antzera samar ibili ohi gara. Egunerokotasuna deitzen diogun haizete honetan gure nortasun, gorputz, arima eta senari berari tantaka desegiten uzten diegu; egun orozko haize bolada bortitzei behin eta berriz ezetz esango genieke, baina benetan behin baino ez diegu ezetz esaten. Eta horrela, egunerokotasuna deitzen diogun urakan honetan arnasa sakon hartzeko beharra etengabe sentitu arren, behin baino ez dugu hasperen egiten. Hain da bortitza egunerokotasuna deitzen diogun honen mareagora. Ohartu gabe harrapatzen gaitu mareak. Poliki badator ere, oso zakarra da beti. Horrela, kolpe gogor eta ustekabeko batez gertatzen da ziega bateko heriotza, bidegabeko zigorrak, debekuzko lege berriak, ahoak itxi nahi dituzten arau zaharberrituak eta hormak garbitu nahi dituzten trapu zikinak.

Uda honetan, hondartzan sirena ikusi bezala, sekulakoak entzun behar izan ditugu. Haizeak ekarri dizkigu hitzak, oihartzuna lez, barre egin ala negar egiteko berbak. Tartean, udako kanta aitzakia hartuta, politikari propagandistak dio infinitura iristeko gauzak poliki egiten direla. Pausotxoak emanez eta haize leuna lagun iritsiko omen gara, dira, urrun.

Itsasgorak sirenaren isatsa irentsi zuenean, oraindik ere bere ile ederrak haize finaren laguntzaz leunki joaten ari ziren. Sirenaren haize leuna gure egunerokatasunaren ustezko konfortaren anestesia bezalakoa da. Ur ertzean egunero erraz lo hartzen laguntzen digu. Begiak bildu barik goxo gaude itsasertzean eta ohitu egiten gara mareagora eta mareabeheraren jolas goxora. Baina egunen batean, hain justu infinitutik datorren olatu erraldoi batek gure amets guztiak berarekin eramaten ditu. Orduan, marea hil batean, sirena ez garela ohartzen gara, eta horrela onartzen dugu ur azpian desagertzeko isatsik ez dugula, hareazko sirena batek lez.