JOKIN URAIN
IRITZIA

Jaberik gabeak

Iragan martxoko kontuak dira. Jaizkibelen tiroz garbitu zituzten sei betizu, jaberik gabe zebiltzalako mendian. Legearen arabera, «jaberik ez duten abelburuak menditik atera behar dira», Aldundiak orduan argitu zuenez, eta «ateratzeko» modu aproposa iritzi behar izan zioten mendian zebiltzan betizu horiek bertan hiltzeari. Kontua da basozainek «sakrifikatu» zituztela abelburuak, gero bertan uzteko «biodibertsitate irizpideak jarraituz» eta putreen gizenerako.

Iazko azaroan egindako saneamendu kanpainara ez ei ziren aurkeztu jaberik gabeko abelburu horiek, eta modu klandestinoan zebiltzan mendian, dirudienez beraiena ez zen mendian, tarteka mendizaleak izutuz, gainera. Aldundiaren azalpenetan ez zen aipamenik egiten abelburuak izutuz ibiltzen diren mendizale eta ibiltariez, eta ez dakit abelburuak izutzeak garrantzirik ez duelako ote den edo garrantzia izan arren aipamenik ez egitea erabakitzen delako izan litekeen. Pentsatzekoa baita sei abelburuak gehiago izutuko zirela jendearekin, jendea abelburuekin baino.

Kanpaina argudiatzen zuen Aldundiak abelburuak garbitzeko arrazoitzat, saneamenduarena suposatzen den kanpaina; baina Jaizkibelen eta beste mendiren batzuetan apur bat ibiltzea eta begiratzea nahikoa da mendiaren saneamendua Aldundiari zenbat axola zaion ohartzeko. Abelburuekin izan duen zorroztasuna gainerako guztian ezarriko balu, ez litzateke hainbeste zabor eta zikinkeria egongo besteak beste Jaizkibelen bertan, jendeak autoak uzten dituen inguruetan batez ere. Jabeduna izan arren mendian egon behar ez lukeen zikinkeria dela iruditzen zait, Aldundiaren irizpideek bestelakorik ez badiote, jakina, eta izutu ez dakit baina nazka dezentea ematen du. Zikinkeria hori menditik ateratzeko denbora izan da aurreko udaberritik oraingo udazkenera, eta baita biodibertsitatearen mesederako plastiko, freskagarrien ontzi eta abar kontsumi eta desagerrarazi lezakeen espezieren bat asmatzen hasteko ere. Baina horrelako proiekturik dagoenik ez du ematen; salbuespena egin eta inorena ez balitz bezala bertan utzi eta ugaltzen joan dadila onartzea ez bada.

Ederrak direlako eta atsegin zaizkigulako joaten garen inguruetan ere geure zikinkeriaren marka jaberik ez balu bezala uztea ez zaigu asko axola, Ugaitz, ondorenean leku horiez gozatu nahiko dutenenganako begiramen handirik gabe.