Goizalde Landabaso
Izan ginenak berreskuratzeko etengabeko ariketa

Obabaren tolesturak

«…Muskerraren istorioak eta Sacamantecasenak elkarrekin duten berdintasunak, horrexek ekarri nau».

(B. Atxaga: “Obabakoak”. 392.orria)

Nire Obabak ez du muskerrik; errepide aurreko plaza handi bat da, eta batez ere, plaza hartan zegoen harrizko banku bat. Lauki luzea, grisa, bizkarrerako babesik bakoa, gogorra eta hotza. Harri nanoekin egina zirudien banku hura Robert Rauschenberg-en pop margolan bat izan zitekeen baina kolorerik gabekoa. Oroitzapen daltonikoa da, Obabak gris tonalitateak baitzituen, baina ez kolorerik. Hantxe jesartzen ziren gure ama eta izeko txokolatezko ogitartekoa eta platanoa jan genitzan. Txokolatea hartu eta, inork ikusi orduko, bankuaren bazter batean uzten genuen ogia uso lohiek jan zezaten. Begiak itxi eta Google Maps-ek baino mapa hobea egin nezake: atzeko aparkalekurako etengabeko joan-etorria, hizkuntza eskolarako atetzar zaharra, aldats behera txikia eta umeen zaratotsa. Dagoeneko desagertuta dagoen Obaba da nirea, Obaba izateko garrantzitsua baita gure barru barrenetan baino ez existitzea, oroimenaren latituderen batean soilik aurkitzea. Bernardo Atxagak “Obabakoak” kaleratu zuenean, 1988an, aspaldi galdua zuen Obaba. Bide batez, 80ko hamarkadan kaleratutako maisulana ez baduzu, jakin ezazu Erein argitaletxeak berriz kaleratu duela euskal literaturak munduratu duen lanik ezagunena: “Obabakoak”. Etxeko liburu-apaletara joan naiz eta hasi naiz “Obabakoak”-en bila, oraingoan, liburu fisikoaren bila. Bilaketa luzearen ostean aurkitu dut. “Erein literatura/Bernardo Atxaga/Obabakoak”, Horrela dio azalak. Laranja eta beltzak ditu hizkiak. Azpian, Antton Olariagak atondutako marrazkia. Arriaga antzokia dela esango nuke; baina ondo begiratuta edozein eraikin eder izan liteke. Agian Europa iparreko antzokiren bat edo opera etxea; kultura gune bat. Baina Arriaga da, bai. Hantxe batzen ziren Pott bandakoak: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristi. Hantxe hitz egiten zuten literaturaz eta munduaz. Eta, seguruen, hantxe hasi zen Obabakoak mamitzen. Laugarren edizioa da nire liburua. Horixka kolorekoak ditu orriak denbora ez baita alferrik joaten. Liburu bizkarrak tolestura nabarmena du, liburuaren zimurra; denborak baino erabilerak utzitako hondarra. 1990eko edizioa da. 21.orrialdean eskuz ebakitako folio zati bat dago, hutsik. Zertarako sartu ote nuen orri zati hori? Zer idatzi behar ote nuen? Non dago folioaren beste zatia eta zer egin nuen berarekin? Misterioa. Obabak eta Obabakoak-ek misterio asko dituzte.

 «…muskerrak buruko muinen zale zirela esaten baitziguten Obaba hartan; ahal izatera, jendearen belarri zulotik sartu eta buruan gelditzen zirela, jan eta jan, eta ez zutela ateratzekorik egiten ondo ase arte. Ordurako, ordea, berandu izaten zela; muskerra edukitakoa ergeldu egiten zela betirako, inuzentetu. Eta herriko hainbat xelebre seinalatzen zizkiguten: hantxe geneukala frogantza, haiek guztiek hozka eginda zeukatela buruaren puska bat…».

Badu nire oroimenak, baina, beste Obabarik. Lehenengo Obabatik oso urruti dagoena, baina nire baitan osogarri dena. Han ere, ordea, ez da muskerrik; etxera sartzen ziren sugandiletakoren bat bai, baina batez ere, sorgin orratzak daude. Baserri alboko putzuan ibiltzen ziren egun beroetan. Goizetan. Uretan eguzkiak urrezko printzak margotzen zituenean sorgin-orratzak azaltzen ziren. Inoiz ez bakarrik, beti taldeka. Hegan egiteko modu geometrikoa oroitzen dut; erronboak edo laukiak edo hirukiak margotzen zituzten. Nire ume begiek sekula ez zuten irudirik ikusten, baina aise irudikatzen nituen forma horiek. Aurpegira hurbiltzen zitzaizkidan mariburduntziak. Hasieran izutu egiten ninduten eta eskuak eraginez urrundu nahi izaten nituen, baina beti itzultzen nintzen putzura, eta azkenean, beti gainditzen ninduen mariorratzen hegaldi liluragarriak ikusteko gogoak. Obaba, artean, babeslekua zen, zerbait oso barrukoa, oso norberarena, oso eternoa. Abaroa da oraindik ere; oraingoan, ordea, iheskorra.

 


«Hori ez da Obaba, hori Uztarroze da», esan zidan zinemaren iluntasunean, ahopean, lagunak. Montxo Armendarizek egindako “Obabakoak” liburuaren egokitzapena ikustera joan ginen zinemara. Armendarizek bere “Obaba” sortu zuen 2005ean, eta urte hartan izango zen. Ez dut gogoan zinema. Filmaketa Asteasun eta Uztarrozen egin zuten; seguruen, Uztarrozek Armendarizen Obabarekin zerikusi estua izango zuen. Agian, hantxe zegoen bere Obaba, nire lagunarena bezala. Izan ere, zinema-lagunaren Obabak bazuen lokarri estua Uztarrozerekin. Javier Agirresarobe arduratu zen pelikula hartako argazkiaz; hain zen lirikoa, hain ederra. Balizko Obabari gorputza eta arima eman zizkion Agirresarobek eta, jakina, Armendarizek ere bai. Baina ez dakit Atxagaren Obabarik ote zegoen. Erraz sartu nintzen ni Armendarizen Obaba arrotz hartan, eta minutuek aurrera egin ahala, erdi ahazturik nuen “Obabakoak” liburua. Liburua gainditzea, baina, zaila da; liburu batek eragindako zirrarek oso barrenean egiten dutelako habia, muskerrak bezala. Pelikula begietatik sartu zitzaidan, baina ez zuen liburuak eragindakotik asko. Zinema-lagunari, ostera, ez zitzaion Armendarizen Obaba gustatu. Inork ezin du maite bere haurtzaroko kaleak, bere umetako jolas-gunea beste begirada batean aurkitzea, zelanbaiteko desitxuratze batean agertzea. Edo agian, bai. Kontua da lagunari ez zitzaiola gustatu. Uztarroze ikusten zuen etengabe eta Obabakoak ezin astindurik ibili zen. Obabaren lapurreta izan zen hura lagunarentzat. «Esango nuke beti, haurtzaroan, errealitatearen horrelako alde mitiko bat edo jasotzen dugula nahi gabean». Bernardo Atxagak esan zituen hauek, Bilbon, Bilbo Zaharra Forumek “Obabakoak”-en 25. urteurrenaren karira antolatutako berbaldian. Ez dakit gaur egun haur direnek zelan ikusiko duten etorkizunean orain bizitzen ari direna. Zelan gogoratuko duten euren Obaba. Ziurrenen, Atxagarena baino teknologikoagoa izango da, agian ez du bizikletarik izango, baina irudipena daukat oroitzapenen irrealtasunean izango dela beti Obabarik.

 

«…Werfell jauna arindua sentitu zen hitzok pundu batez erabaki zituenean. Azkenez, burutua zeukan istorioaren sarrera. Ez zekien ondo zergatik jokatzen zuen horrela, hainbeste bihurgune eta atzeramenduz, baina portaera horrek, ezbairik gabe, errotua zirudien bere bizitzan, aspalditik, betirako».


Joseba Apaolaza entsegu-lekuan dago. Bizikletan. Minutu gutxi batzuk lehenago ingelesez ari zen Calixto Bieitoren taldekide batekin. Euskaraz ari da Orbea zahar baten gainean. Nik Orbea bat izan nuen, urdina. Ez dakit zer gertatu zen berarekin. Bakarrizketari ekin dionean Apaolaza izateari utzi dio, entseguan egoteari, eta Obabako izaki bilakatu da aktorea. Calixto Bieito begira dauka, adi; bere agindupean sortu dute Obaba berri bat. Joseba Apaolazarekin batera hamaika antzezle egongo da, eta dago, oholtza gainean; Miren Gaztañaga, Eneko Sagardoi, Ylenia Baglieto, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Itziar Lazkano, Karmele Larrinaga, Koldo Olabarri eta Iñake Irastortza. Obabaren beste ahotsak, beste aurpegiak, baina Obaba, finean. Hementxe daude Obaba birsortzen, Atxagaren Bilbotik oso urrun, egilearen sorlekutik urrunago: Otxarkoaga auzoko harrobian hain zuzen ere. «...gizontxo, gizontxo/hegan egin nahi duen zure kanarioa aska ezazu/ni naiz kanarioa, gizontxo/ utz iezadazu jauzi egiten...»; ez dakit zergatik etorri zaidan burura Alfonsina Stornik idatzitako poema zati hau. Beharbada Joseba Apaolaza hor ikustean sortu zait, gizontxo itxura baitu. Obaban bide guztiek egiten dute bat, eta nahastu egiten dira, eta antzezleek orain paper nagusia dute, eta gero, beste bat; dena da Obaba, amets baten antzeko zeozer. Dena gure barruetako anabasa, baina entsegu honetan antolamendua ukaezina da. Dena dator, eta dena doa. Denak du orkestra zuzendari bat: Calixto Bieito. «Eleberri totala da», esan zuen Arriaga antzokian bertan antzezlana aurkezterakoan, «poema sinfoniko bisuala» erantsi zion esandakoari. Poetikotasunetik asko du liburuak, eta zaila egiten zait begi aurreko hau Obaban irudikatzen. Entsegu bat da. Ilun dago dena, eta isilik. Bieitok besarkatzen du Koldo Olabarri. Errealitatea eta irrealtasuna nahasmen handia dira, maiz.

Bernardo Atxagaren ahotsa entzuten ari naiz Obabakoak lanaren jendeaurreko irakurketan, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ohi duen ekitaldian. 2013an. Esaldi bakoitzaren amaieran trokan behera egiten du bere ahotsak, berbatik berbara bere buruaz beste egiten duela dirudi. Abioi bat amiltzen den bezala amiltzen dira Atxagaren esaldi amaierak. Idatzita dauden berbak bustitzeari ezin dio muzin egin. «Haundiya», esaten du. Buruak Harrobiaren entsegura ekarri nau berriro. Itziar Lazkanok eta Eneko Sagardoik bizikletari ekin diote. Zoriontsu dirudite. Bizikletak zoriontsu egiten baitu umea. Amak kontatu zidan umetan gehien desiratzen zuen oparia zela bizikleta; guk, berriz, eskatu ere ez genuen egin; eman egin ziguten. Iñake Irastortzak buruz behera dauka bizikleta; bueltak eta bueltak ematen dizkio bizikletako gurpilari. Hortxe naiz ni, bizikleta gurpilari gero eta indar handiagoarekin eraginez. Eskuak zikin, katea aterata, ezin txirrindua konpondu. Bizikleta, abentura guztien hastapena.

«..Guztiarekin ere, gure bizitzan une berezi batzuk bakandu nahi izatea errakuntza haundia izan liteke; beharbada, bizitza bere osotasunean bakarrik juzka liteke, in extenso, eta ez zatika, ez egun hau hartu eta hura utziz, ez puzzle bateko piezen modura banatu (...) Izanez ere, guztia da itsasora amilduz doan ibai bat bezalakoa, eta ezerk ez du funtsik aurrekoarekin edo bere atzekoarekin ezpada...».

Noiz utzi zion Obabak Obaba izateari? Errepidea arriskutsua zen aldapa behera luzeegia zuelako, eta autoek abiadura bizia hartzen zuten. Bizikletek ere bai. «Hegan egin genezake» esan zidan dagoeneko aurpegirik ere ez duen lagunak, eta nik sinistu nion. Ez dakit hegan egitearen sentsaziorik izan ote nuen, baina akorduan daukat jausi egin nintzela. Izugarrizko burrunba entzun zen. Aurreko gurpila bihurritu zen. Ukondoak, belaunak eta ezkerreko eskua haragi bizian gelditu zitzaizkidan. Ezin nintzen lurretik altxatu. Xiringa handi batekin txertoa jarri zidaten, badaezpada. Hortxe amaitu ziren bizikletak eta hortxe hasi zen gerora nire Obaba izango zena. Entsegu honetan inor ez da jausi. Denak bikain dabiltza bizikletan. Koldo Olabarri kantuan ari da. Inguruan isiltasun eutsia dago, kaiolatua lau horma arteko honetan. Ezinezkoa dela ez baneki esango nuke hanka tarteetan mariorratza dabilkidala eta isiltasunean arrakala bat sortu duela. Puzzlea ote da gure bizitza? Zatika etortzen zait, maiz, Obaba. Antzezlan honek nire barruak irauli dizkit, eta irakurketara bultzatu nau berriz ere. Ipuinak berrirakurtzerakoan, baina, lehenengoz irakurri nituen garaia etorri zait. Entsegu tokian, ezezagunen artean, atzera bidea egiten ari naiz. Burua badoakit. Garunak eraikitako fragmentazioan baino ezin dut Obaba irudikatu. Atxagaren lana linea continium bat bada ere, zenbat du eraikuntzatik, antolatze lanetik, eta, oroitze ariketatik? Espainiako sari nazionala irabazteak munduratu zuen “Obabakoak”. Hamaika hizkuntzatan irakurri izan dute Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, edota, Bagdadeko morroiarena. Ingelesez, espainieraz, frantsesez, galegoz, albanieraz, asturieraz, danieraz, alemanez, katalanez, errusieraz, italieraz, nederlanderaz, japonieraz... Zer da errazago liburu bat munduratzea ala antzerki lan bat? Bide luzea egina du literatur lanak, hain luze eta oparoa izango al du Calixto Bieitok atondutakoak? Zelan ikusten du begi aurrean egileak bere lanaren moldaketa? Zer pentsatzen du aktoreak bakarrizketan ikustean? Entsegua amaitzen ari da. Bakarrizketa luzeak egin dituzte antzezleek. Zein teknika erabiltzen dute aktoreek hain testu luzeak oroitzeko? Antzezlanak munduratzeko bidea hasi du dagoeneko. Euskaraz eskaini dituzte hainbat emankizun. Iritziak iritzi, gaztelerazko bertsioa ikusteko sarrerak erosi ditut. Euskarazkoa galdu egin nuen, baina euskaraz ere ikusi nahi dut antzezlana. Harrobitik antzezlekuetara pasatuko dira. Hemengoa amaitu da. Gauzak batzen hasi naiz, “Obabakoak” liburua zorroan sartu dut. Argia piztu dute.

Calixto Bietok Arriaga antzokirentzat zuzendutako “Obababak” antzezlana Bilbon, Irunen, Gasteizen eta Donostian ikusi ahal izango da, besteak beste, euskaraz eta gaztelaniaz. Gaztelerazko bertsioaren estreinaldia (euskarazkoa urrian egin zen) azaroaren 23an izango da, Arriagan. Erein argitaletxeak “Obabakoak” eleberriaren edizio berri bat argitaratu berri du, 25. urteurrenerako kaleratutakoaren edizio zuzendu eta eguneratua.