GARA
LEIOA

Leioa «kale artearen etxe» bilakatuko du Umore Azokak

Leioa antzoki erraldoi bilakatzeko asmo sendoarekin dator aurtengo Umore Azoka. Maiatzaren 21etik 24ra bitartean hiriko 14 espaziotan euren lanak eskainiko dituzte 50 konpainiak. Euskal Herriko 17 ordezkarien artetik gehienek, gainera, euren azken lanak estreinatzeko hautatu dute arte eszenikoen jaialdi hau. Umoreaz gain, dantza, antzerkia, clowna eta musika oinarri duten ikuskizunek hartuko dute, lau egunez, Leioa.

Arte eszenikoen esparruan lekua egin du, ondo egin ere, Leioako Umore Azokak. Horren erakusle dira urtez urte, hamabost ediziotan zehar, bertatik pasa diren konpainia kopurua, eskaini diren lanak, ikus-entzuleei aterarazi dizkieten malko eta irriak. Eta, maiatzaren 21ean 16. edizioa hasi aurretik helarazi dituzten datuen arabera, aurtengoa ere bide bera urratzera dator: iaz baino bost konpainia gehiagok, 50ek, hartuko du parte azokan eta ia erdia, 22, euren azken lanak estreinatzera datoz. Horrez gain, diziplina anitzeko jaialdia izango dela ziurtatu du Ana Lopez jaialdiko zuzendari artistikoak: «Umore Azokak ez du umorea soilik eskaintzen: umorea bai, baina baita umorea baino gehiago ere. Kaleaz ikuskizunik onenak ikusiz disfrutatzeko lau egun eskainiko ditu jaialdiak». Hala, nagusiki dantza, antzerkia, clowna eta musika oinarri duten ikuskizunek hartuko dute Leioa.

Jaialdian izango direnetatik 17 euskal konpainiak dira, Estatu espainoletik datoz 24, bakarra Estatu frantsesetik eta 8 beste herrialde batzuetatik. Etxeko taldeetan, aipagarria da 17 horietatik gehienek, 12k, euren lanak Leioan estreinatuko dituztela. Igor Calonge dantzariak zuzendutako Cielo Raso konpainia “Bruto” lanarekin dator, Colectivo Hirikok “La Gloire-les bouffeurs d’ombres” dantza-perfomancea ekarriko du, Dantzaz-ek barroko eta rockarekin jolasten den “Barrock” koreografia dinamikoa aurkeztuko du, Dikothomia “Spazi...O” zirku-ikuskizunarekin dator, Ekoma Teatrok teknologia berrien erabileraz hausnartuko du “Wifi free” komediaren bidez, arte-ikuskizun publiko batean ikusleak duen jarreraz mintzatuko da Ertza Dantzaren “El show del espectador” lanak, gerrez eta bakeaz ariko da Gaitzerdi Teatroren “Out”, lengoaien fusioa eta inprobisazioa baliatuko ditu La Pezek “Rotonda circus” lanean, espazio urbanorako hurbilketa dakar Muyuyay euskal-argentinarren “Urbanitas”-ek, Rouge Eleak kontzertu, zinema eta objektu teatroaren artean kokatzen den “Zuek” lana emango du, zirkua eta teknologia berriak batuko dituzte Twisting the balance eta Leire Mesak “Twisting the balance” lanean eta Zirkozaurrek morse kodean oinarritutako “mOrse” ekarriko du.

Partaidetza zabal hau ez dela ustekabean heldu nabarmendu zuen Lopezek: «Urtez urte egin du bere bidea Umore Azokak, eta aspaldi da bertako profesionalen egutegiaren parte bilakatu zela».

Atzerriko taldeei begira, aipatzekoa da Estatu espainoletik datozen 24 taldeetatik 10 estreinaldiekin datozela. Antolatzaileek La Grosse B konpainia frantsesaren “Insert Coin” zirku ikuskizuna nabarmendu eta «ikusgarria» izango dela iragarri zuten. Pinball makinetan oinarri hartuta eraiki duten lan honetan musika, akrobaziak eta umorea uztartzen dira. Era berean, To R Mansion japoniarren zinema eszenetan oinarritutako “Cinema Paradise” ikuskizuna ere nabarmendu zuten. Kataluniatik Marcel Gros, Estampades eta XeviXaviXou etorriko dira eta Europako eszenaren berri emango dute Teatro Só (Alemania), Paolo Nani (Danimarka), Trío Trioche (Italia) eta Compagnie Mobil-ek (Herbehereak).

Profesionalen topagunea

«Hiria antzoki bilakatuko dugu», ziurtatu zuen Lopezek jaialdiak aurten 14 gune eszeniko izango dituela azaltzeaz batera. Horrez gain, aurten bigarrenez Artekale Espazioa ere atondu dute: «Euskadiko kale arteen feria, jaialdia, konpainia eta banatzaileak biltzen dituen elkarteari ikusgarritasuna ematea da gune honen xedea. Bikoitza izan da beti gure helburua. Batetik, kalitatezko ikuskizunak eskaini nahi dizkiogu publikoari, baina beste aldetik plataforma bat ere eskaini nahi diegu profesionalei, elkar ezagutu ahal izateko eta beren sorkuntzak promozionatu ahal ditzaten».

Azkenik, ekintza paraleloak ere izango dira: sarean estrategia komunikatiboak lantzeko argibideak emango ditu Pepe Zapaterrek eta workshopaz jardungo da Cie Cahauete talde frantsesa.

 

Sortzaileekiko konpromisoa

«Kalean aritzen diren konpainientzako erakusleiho garrantzitsua da Umore Azoka, eta gero eta gehiago dira horregatik beren estreinaldiak eskaintzeko jaialdi hau hautatzen duten taldeak», nabarmendu zuten antolatzaileek. Hala, aurten Umore Azokan egoteko 400 eskari jaso dituztela jakinarazi zuten, iaz baino 100 gehiago.

Zentzu berean, euskal konpainiekiko duten konpromisoa ez dela azokak irauten dituen lau egunetara mugatzen ziurtatu zuten: «Taldeei entseguak egin ahal izateko espazioak eta paseak egiteko aukera eskaintzen dituen kolaborazio hitzarmenak dira horren froga».

Aurten, esaterako, «babes berezia» eskaini diete Dikothomia, Ekoma, Hortzmuga eta Laitrum Teatre-Loli Toronelli konpainiei. «Umore Azokak sorkuntzarekiko duen konpromisoaren isla dira kolaborazio horiek, baina baita egitarau sendo bat osatu ahal izateko bide garrantzitsu bat ere», argudiatu zuten.

Sariak ere bide horretan doaz. Aurtengo ekitaldian hiru egongo dira, kale ikuskizunik onenaren saria, Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria eta artista/ikuskizun berririk onenaren saria. Azkenengo hori eskuratzen duen taldeak hurrengo ikuskizuna sortzeko Hamekan egoitza-beka eskuratuko du. A.A.