Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jazza ulertu eta bizitzeko 50 era daudela erakutsi du Jazzaldiak

Lagunekin, urtez urte Jazzaldiari izena eta mamia eman dioten horiekin ospatu nahi izan du jaialdi donostiarrak bere 50. urtebetetzea. Jamie Culumek edozein formatutan ikusleak bereganatzen dakiela erakutsi du, Dee dee Bridgeewaterrek sua piztu zuen Trinitate plazan eta, atzo, John Zorn handiak erakustaldi bikainarekin eman zion amaiera urtebetetze festari. Edizio handi honek eman duenaren hiru adibide besterik ez dira.

Aldez aurretik iragarri ziguten. Aurtengo Jazzaldia berezietan bereziena izango zen. Lagunartekoa. Urtebetetze festa. Eta hala izan da. Mende erdia ospatzeko egunotan jazz munduko izarrez bete da Donostia, eta, bakoitzak bere argi eta distira baditu ere, Jazzaldian guztientzat lekua badagoela erakutsarazi digute. New Standard Trio, The Bad Plus, John Zorn, The Cookers, Silvia Perez Cruz, Dee Dee Bridgewater, Jimmy Cliff, Billy Harper, Cecil McBee... Kursaal, Trinitate edota Zurriolako agertokietan igota, jazza ulertzeko milaka era daudela aldarrikatu dute.

Horren adibide da ezbairik gabe 50. edizio honen enbaxadore lanak bete dituen Jamie Culum: hiru kontzertu eskaini ditu, bakarka, bandarekin eta DJ formatuan, eta aldaera guztietan bere izaera propioa markatuz ikusleak bereganatzen fina dela erakutsi du. Era berean, ezin ahantzi Donostiako Jazzaldia saria jaso duen Benny Golson, “Jazzaren Urrezko Aroan” handienen artean handi zela erakutsi zuena.

Oholtza handiez hitz egin dugu egunotan. Letra larriz idazten diren izenez bete ditugu titularrak eta, agian, bazterrean geratu dira Jazzaldiak agertoki txikiagoetara eramaten dituen proposamen berritzaileak. Horietako bat da, esaterako, Jazzcool egitasmoa.

Gorputza astintzeko

Jazz musika oinarri hartuta, Nautikoaren terrazetan egiten den DJ festa dantzagarria da Jazzcool. Aurten bost urte bete dituen egitasmo honen gidaritza lanak betetzen ditu gurean sobera ezaguna den Makala DJ musikari zarauztarrak eta, atzo prentsaren aurrean egindako agerraldian, pozarren azaldu zen urteotan Donostiara nazionalitate ezberdineko 50 DJ ekarri dituztela baieztatzerakoan. AEBak, Brasil, Venezuela edota Alemania gisako herrialdeetako gonbidatuak ekartzeaz gainera, egitasmoak euskal eszena bultzatzeko saiakera ere egin duela ziurtatu zuen, «hemengo DJak erakustea ere garrantzitsua delako».

Makalak ondoan izan zituen egun hauetan Nautikoan izan diren zenbait lagun. Manel Ruiz El Especialista DJak, esaterako, binilora orain hamabost urte itzuli zela eta hasieratik jazzarekiko apustua egin zuela ziurtatu zuen, «jazza ere dantzagarria izan daitekeelako; posible da jazza entzun eta aldi berean ipurdia mugitzea».

Bere aldetik, Miguel Angel Sutil DJ eta “Enlace Funk” aldizkariko kideak Jazzaldia zoriondu zuen «50 urtez munduko jazz jaialdi onenetarikoa» izan delako. Bitxikeria gisa, egun kioskoetan aipatu aldizkariaren 50. alea dagoela azaldu zuen: «Ez dugu nahita egin, benetan!». Urtebetetze bikoitza ospatzeko, bere emanaldian Jazzalditik pasa diren artisten eta aldizkarian agertu direnen musika izan zuen oinarri.

Azkenik, Miguelito Superstar-ek, Fundacion Tony Maneroko abeslaria eta DJa, espazioaren egokitasuna nabarmendu eta larunbatean eskaini zuen emanaldian nagusitasuna funk eta disco musikek hartu zutela aitortu zuen: «Gaurko [atzo] emanaldian jazz gehiago jarriko dut, zin dagizuet».