Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Bizitza ez da nobeletakoa bezalako hari narratibo koherente etenik gabe bat»

Bizitzari bi eskuekin heldu dio Anjel Lertxundik eta literatur lerroetara eraman du zuzenean. «Zu» esperientzia pertsonal batetik abiatutako eleberria da, bere sentimenduen flashen lerrokatze bat, gerora harilkatu eta nobela moduan ondu duena. Minbizia eta sufrimendua bete-betean jo ditu, baina «ars vivendi» aldarrikatzen du ororen gainetik.

Ars Moriendi, hiltzeko artea. XV. mendetik aurrera katolizismoak idatzitako heriotza gida modukoa. Nola zendu, nola asmatu ondo hiltzen. «Hil egingo gara; momentu bat izango da, baina bitartean den-dena bizitza da. Hori da ars vivendi, une zailenetan ere bizitzen ikastea». Ez da Anjel Lertxundik (Orio, 1948) bere literaturan gaiari heltzen dion lehenengo aldia. “Hamaseigarrenean, aidanez”, “Azkenaz beste”, “Goiko kale”... hainbatetan heldu dio idazle oriotarrak heriotzaren eta saminaren aldeari.

“Zu” du orain lanik berriena eta, esan daiteke, alderik gertukoenetik heltzen diola minari, autobiografiatik ere gehien duen eleberria baita Erein argitaletxearekin argitaratu berri duena. Fikziotik aritu bada ere, esperientzia pertsonal batetik abiatuta gorpuztu du nobela. Bere emazteari 2012an diagnostikatu zioten minbizia du hizpide. Hartara, plano desberdinak bereiztearen alde egin du. Batetik, Zu –gaixoa– eta bere senarra eta, bestetik, narratzailea –Anjel– eta bere emaztea. Bi eremu desberdin, kontaketa distantzia batetik egiteko ahalmena ere ematen diotenak. «Zu senarraren ikuspegitik ikusia dago. Baina senarra idazlea da. Horra bi begirada: senarrarena eta idazlearena. Batzuetan bat egiten dute biek, beste batzuetan ez hainbeste. Eta momentu batean pentsatu nuen liburuak on zukeela bi begiradak desberdintzea: batetik, senarra, lehendabiziko pertsona erabiliz, Zugandik hurbil; bestetik, idazlea, senarrak baino begirada neutroagoa duena, hirugarren pertsonan mintzatzen dena, distanteago begiratzen diona bizitzen ari diren egoerari».

Zu

Liburuan bertan jaso du Lertxundik gaitzaren berri jaso eta gutxira hondartzan gertatutakoa. Uda zen. Eta bainua hartu zuen Zarauzko uretan. Itsaso zakarra zegoen eta olatuen aurka barneak husten saiatu zen. Gero, lasaitu ederragoa hartu zuen etxerakoan idazten hasi zenean. «Apunte batzuk idazten hasi nintzen ni, hasieran desahogo gisa; gero, gertatzen zitzaiguna ulertzeko ahaleginean. Hasiera bateko zirriborroak haserrearen espresio ziren, barru-arintze bat, kabitu-ezina manifestatu beharrak eragindako jarduna», esan zuen atzo prentsaren –eta lagun zenbaiten– aurrean egindako aurkezpenean.

Eritasuna onartu ahala, idazten jarraitu zuen eta laster hasi zen Zu deitzen bertako protagonistari; «natural» sortu zen. «Zu esanda, beste den baten izaera jasotzen nuen; ni ez naizen baina oso hurbil daukadan norbaiten existentzia», adierazi zuen.

Hortik aurrera bizi-esperientziatik, gorabehera intimoetatik edaten du Lertxundik bere obra osatzeko eta, hartara, «narrazioa fragmentatu egiten da, zatitu, kolpeka funtzionatzen du, sentimenduen ziztadak flash moduko batzuk dira, eta haien antolamendua da idazlearen zeregina, fragmentoen arteko loturatik sekuentzia narratzaile bat harilkatzea. Bizitza ez da nobeletakoa bezalako hari narratibo koherente etenik gabe bat», nabarmendu zuen.

Idazkuntza denboran hiru lagun izan ditu bidaide, hirurak aspaldiko irakurketetatik eleberrira –edo dietariora, halakoxea ere izan daitekeela uste baitu idazleak– ekarritakoak: Thomas Mann, Albert Camus eta Susan Sontag. Eta galdetzen du: «Munduak nola begiratzen dio sufrimenduari? Eta literaturak?». «Modernitateak heriotza uxatu du etxetik, bizitzatik. Tanatorioak, heriotza urrutiratzeko, despertsonalizatzeko, ezkutatzeko ezleku horiek...».

 

Abailduratik aterabide: Eta zergatik ez niri?

2012ko udan pankreako minbizia diagnostikatu zioten Anjel Lertxundiren emazteari, hortik eleberriaren muina. «Gogorra izan zen eta gogorra izaten ari da», aitortu zuen. Eta hasierako aste haietara jo zuen une batez. «Gaixoari sortzen zaion galdera da, ‘zergatik niri?’. Galdera horren abailduran, ulertu ezinean, pasatzen da hainbat denbora. Baina une jakin batean, zulotik ateratzen zara, eta esaten duzu, ‘zergatik ez niri?’. Gaixotasuna aurrera eramateko momentu fundazionala da hori. Horrela, egoera horri buelta emateko aukeran zaude, baldin eta horri erantzun bat emateko gai bazara», zehaztu zuen idazleak.

Gaixotasuna onartzen hasi ahala, idazten jarraitu zuen, gaixotasunak beren bizitzan zuen tokia ulertu nahian. «Gaixotasuna ez da ba bizitzaren parte bat? Hil artean bizi! Bizi, borroka egin gaitzari. Ars moriendi etsipenezko baten atzaparretan erori ordez, ars vivendi ahalik eta emankorrena garatzen saiatu». A.K.