Mikel CHAMIZO
DONOSTIA
Entrevue
JAGOBA ASTIAZARAN
TXISTULARIA ETA MUSIKAGILEA

«Lehen begiradan harritzen duen instrumentua da txistua»

Orain dela hilabete gutxi amaitu zituen konposizio ikasketak Jagoba Astiazaran txistulari zestoarrak, euskal instrumentu folklorikoaren alorrean azken urteotan garatu diren teknika berri guztiak sailkatzen dituen tesi handi batekin. Lan honen ondorioak aurkeztu, eta txistuaren une osasuntsuari buruz hitz egin du Astiazaranek Kairoko Heritage & Modernity izeneko jardunaldietan. 

Joan den apirilaren 14an amaitu ziren Kairoko Heritage & Modernity jardunaldiak. Musi ka-tradizioen eta europar modernismoaren arteko loturen in guruan hausnartu zuten horietan, ikuspegi artistiko eta soziopolitikotik. European-Egyptian Contemporary Music Society-k antolatutako kontzertu eta mahai-inguruen artean, Jagoba Astiazaran txistulari eta musikagile zestoarrak txistuaren eta bere konposizio-tekniken gaineko hitzaldia eskaini zuen, Kairoko Ewart Memorial Hall auditoriumean. 

 

Zeintzuk izan dira Kairon egin diren Heritage & Modernity jardunaldion helburuak?

Helburu nagusia musikaren aitzakian mundu arabiarra eta europarra edo mendebaldekoa batzea dela esango nuke. Jardunaldia antolatzen duen taldearen izenak berak ere hala adierazten du: European-Egyptian Contemporary Music Society. Era berean, musika tradizionalaren ondarea eta gaur egungo musikaren uztartzea egiteko modu ezberdinak aztertu dira jardunaldietan. Bi mundu guztiz kontrajarri diruditen arren, musika bera da batzen dituena eta ez daude hain urrun bata besteagandik. Garaikideak izan daitezke biak, nahiz eta ikuspegi edo abiapuntu ezberdinak izan.

 

Zenbat herrialde batu ziren Egipton beren instrumentu tradizionalak aurkezteko?

Hogei bat herrialdetako konpositoreak batu ginen, gehienok ere geure herrialdeko konpositore elkarte baten ordezkari ginenak. Musikagileak Euskal Herriko konpositore elkartearen izenean heldu nintzen ni Kairora. Europarrak ginen gehienak, Herbehereak, Letonia, Lituania, Estonia, Grezia, Frantzia… Baina baziren Filipinetatik, Palestinatik, Koreatik, Egiptotik bertatik zein Japoniatik etorriak ere. Azken herrialde hau zen ordezkari gehien zituena, hiru konpositore. Batzuk mundu tradizionalari oso lotuak, beste batzuk musika garaikidetik gertuago daudenak, baina beren idazkeran sustraietarako joera dutenak. Konpositore bakoitzak bere lanak eta mundua erakusteaz gain, Egiptoko musika eta instrumentu tradizionalak ezagutzeko tartea izan genuen. Bi munduak batera ikus genitzakeen: arabiar tradizioa eta konpositore bakoitzak sustrai hauekin egiten duen lan pertsonal eta garaikidea.

Zer azaldu zenuen zure hitzaldian?

Dena erakutsi nahi eta ezin, denbora gutxi genuen hizlari bakoitzak. Hasteko, txistuaren nondik norakoak agertu nituen. Garrantzizkoa da nondik gatozen eta instrumentuaren izaera ahalik eta ondoen agertzea, hori baita bai musika tradizionala lantzeko orduan zein errepertorio berria sortzean kontuan hartu beharreko lehen urratsa. Txistua esku bakarrez jo daitekeen flauta da. Hori da berezi egiten duena, eta ondorioz, esku bat libre izatea bigarren instrumentu bat jo ahal izateko, perkusio instrumentua kasu honetan. Hortik abiatuta instrumentuaren tinbrea, errepertorioa eta baliabideak agertzen saiatu nintzen. Txistua eta txistuaren familia erakutsi nizkien. Txistu baxua eraman ahal izan nuen primizian, oraindik ere sortze prozesuan dagoen instrumentua. Eta gure tresnak musika garaikidean duen presentziaren adibide gisa bi obra erakutsi nituen: bata Gabriel Erkorekaren “Haize Orratz” eta bestea duela urte batzuk sortu nuen “Xare” obra, txistu eta ensemblerako.

 

Txalaparta da mundu mailan Euskal Herriko instrumentu ezagunena. Nolako harrera egin zioten txistuari?

Lehen begiradan harritzen duen instrumentua da. Harritzen du hiru zulo bakarrik dituen flauta delako, eta, esan bezala, bi instrumentu guztiz ezberdin batera jo ditzakegulako. Nahiz eta Europa osoan XII. mendetik oso zabaldua izan den instrumentu parea den txistua eta danbolina, mundu mailan presentzia txikia duela ikus daiteke, eta ez dela hain ezaguna. Egia da, gainera, Euskal Herrian garapen handiagoa izan duela tresnak.

 

Zein herrialdetako instrumentu tradizionalak daude garatuago mundu mailan, musika garaikidearekin daukaten harremanari dagokionez?

Orokorrean, perkusio eta hari pultsatuko instrumentuak ezagutu ditugu gehien jardunaldietan. Haize instrumentu gutxi, nai egiptoarra izan da bakarretakoa. Oso izaera ezberdineko instrumentuak izan arren, mundu tradizionalean aritzen garenok badugu batzen gaituen zerbait: herria. Herritik sortu gara, edo herriak bereganatu gaitu, eta gehiengoan herriarentzat egiten dugu lan. Eta mundu berrietara gerturatzen garenean, denek ere beldur eta pauso dardartiekin egiten dugu. Konplexu berberekin. Ez garena eta izan nahi duguna erakutsi nahian, berez duguna baloratuko ez bagenu bezala. Badugu denok ere zer ikasi elkarrengandik.

 

Orain dela hilabete gutxi txistuaren teknika berri guztiak jasotzen dituen ikerlan handi bat amaitu zenuen. Nola aldatu da txistuaren mundua azken hogei urteotan?

Aldatzen ari da eta aldatzen jarraituko duela espero dugu. XVI. mendetik ageri da txistua Euskal Herrian eta orduz geroztik garapena ikaragarria izan da. Hezkuntza munduan izan duen garapena izan da, nire ustetan, azkenengo urteetako ekarpenik handiena txistuarentzat. Gainontzeko instrumentuekin batera hezkuntza arautuan, kontserbatorioetan, onartu zenetik teknikoki asko hobetu da tresna, baita jotzeko modua ere. Guzti honek, gainera, errepertorio berri baten sorrera eskatzen du. Txistu eta orkestrarako kontzertua 1984an, edo musika garaikidean azken urteetan egin diren enkargu eta estreinaldi guztiak garapen horren adibide dira. Asko dago egiteko, eta bide horretan ari gara.

 

Kairotik itzuli ostean, eta beste instrumentu anaia asko ezagutu ondoren, zeintzuk dira zure iritzian, txistuak etorkizunean behar bezala garatzeko bete beharko dituen erronkak?

Ezer baino lehen hausnarketa bat egin behar dugula uste dut. Alferrikako pausoak eman gabe, zein bide jorratu nahi ditugun aztertu eta horiek egiteko egin beharreko urratsak zein diren ikusi. Aurrez esan dudan konplexu guztiak ahaztu eta zer nolako instrumentua garen ikusi behar dugu, gure gabeziak ezagutu eta onartu eta musika garaikideari egin diezaiokegun ekarpena bilatu. Bide horretan atzera ez begiratzea ezinezkoa da: esan dut herritik gatozela eta herriarentzat egiten dugula lan. Hori ere gure izaeraren parte da eta bidean gurekin eraman beharreko motxila da, inoiz zama bihurtu gabe.