Idoia ERASO
URRUÑA

Elkargo bakarra egituratzeko lanak gidatuko dituen batzordea abian da

Ipar Euskal Herria bere osotasunean bilduko duen erakundearen egituraketa zehazteko gidaritza batzordearen eraketa adostu zuten larunbatean Hautetsien Kontseiluko administrazio kontseiluak eta egungo hamar elkargoetako presidenteek.

Joan den astean Ipar Euskal Herriko herri guztiek elkargo bakarraren inguruko boza eman eta gehiengoa alde agertuta, erakunde horren egituraketa prozesua abiatu behar da. Helep edo herriarteko lankidetzako erakunde publikoaren egituraketa finkatzeko gidaritza batzordea osatu zen larunbatean, baina ez eztabaidarik gabe, botere harremanak zehazten ari baitira. Batzorde horretako erakunde ezberdinetako ordezkarien kopuruak erabakigarriak izan daitezke.

Bi eraketa ezberdin proposatu ziren, bata Hautetsien Kontseilutik eta bestea Euskal Kosta-Aturri hirigunetik (EKA). Maiatzaren 13an izan zen lehen bilkuran ez zuten akordiorik lortu; larunbatean egindako batzarrean, aldiz, bi proposamenen arteko eraketa adostu zuten aho betez.

Hautetsien Kontseiluko bulegoak bere osotasunean parte hartuko du, EKAk zortzi ordezkari izango ditu, Hego Lapurdi hiriguneak lau eta beste zortzi herri elkargoek bina. Azkenik Auzapezen Biltzarreko eta Garapen Kontseiluko buruei iritzia eskatuko diete, baina ez dute botorik izango.

Batzordeko burua Jean-Rene Etchegaray izango da, Baionako auzapez eta Hautetsien Kontseiluko presidentea. Arlo teknikoaz herri eta hiri elkargoetako zerbitzuak arduratuko dira. Azkenik komisio-emailea Hego Lapurdi izango da.

Gobernuaren pausoak

Egituratze bide honetatik at, Ipar Euskal Herriko 60 hautetsi Bernard Cazenave Barne ministroaren aurrean aurkeztutako errekurtso hierarkikoaren erantzunaren zain daude, nahiz eta ezezkoa izango dela aurreikusten den. Gai hori bilkuran aipatua izan zen, jakinik EKAn gehiengoak Heleparen kontra bozkatu zuela, eta errekurtsoaren antolaketa hirigune horren inguruan egin dela. Horiek horrela, errekurtsoa jarri duten hautetsiek batzordean parte hartzeko eskubiderik ez dutela izango erabaki zen.

Bestalde, Pierre-Andre Durand gobernu ordezkariak dekretu bat atera behar du datozen egun edo asteetan, non egungo hamar elkargoak hirigune bakar batean elkartuko dituen.