Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gaynor: «Zoriontasuna dariolako da boteretsua disko musika»

Belaunaldi bat baino gehiagorentzat mitiko bilakatu den «I Will Survive» aldarria Zurriolako agertokira eraman zuen atzo Gloria Gaynorrek. Disko musikaren erreginatzat hartua den emakumeak oholtza mendean hartu aurretik, ezagun egin zuen musika estiloaren indarra eta «zoriontasuna barreiatzeko gaitasuna» nabarmendu zituen prentsaren aurrean egindako agerraldian. Horrenbestean, Jazzaldiaren 51. edizioa abian da jada.

Disko musikaren erregina ukaezina izatetik musika beltzaren mito bizietako bat izatera iritsi da Gloria Gaynor eta, atzokoan, Zurriolako hondartza “I Will Survive” edota “I Am What I Am” kantu mitikoen erritmora dantzatzen jarri zuen New Jerseyn jaiotako abeslariak.

Zazpi musikariren, hiru ahots laguntzaileren eta, hiru abestitan –“Only You Can Do”, “Talkin Bout Jesus” eta “I Will Survive” bera–, Easo-Araoz koruaren babesa izan zuen eta, oro har, bere ibilbideko kantu ezagunez, espiritualtasunarekin lotutako abestiez eta bere azken diskoko kantuez osatutako kontzertua eskaini zuen.

Jazzaldiko oholtza estreinatu aurretik, ordea, Victoria Eugenia antzokian prentsaren aurrean agerraldia egin zuen Gaynorrek. Bertan, disko musikaren ikurtzat hartua izatea «ohore» bat bada ere zenbait kasutan «mugatzaile gisa» ere bizi izan duela aitortu zuen, «baina ni hori baino gehiago naiz. Jendeak pentsa dezake ez dakidala ezer gehiago egiten, baina bai, badakit», ziurtatu zuen.

Musikak, edozein estilotakoa izanda ere, «iradokitzailea eta indartsua» izan behar duela gaineratu zuen eta, zentzu horretan, bera ezagun egin zuen estiloaren dohainak goraipatu zituen: «Musikaren historian, disko musika izan da naziotasun, arraza eta erlijioen gainetik jarri eta jendearen artean adostasuna izatea lortu duen bakarra, jendea banandu beharrean puntu komunak bilatu eta batu dituena», esan zuen Gaynorrek, eta hori musika estilo horrek alaitasuna eta zoriontasuna sustatzen dituelako dela nabarmendu zuen: «Disko musika zoriontasuna dariolako da boteretsua. Zoriontsu sentitzen zarenean zaila da ondokoarekin haserretzea, puntu komun horien bila abiatzen zarelako».

Gaynor izango zen atzo abiatu zen Jazzaldiaren 51. edizioan Zurriolako oholtzara igotzen lehena eta berarentzat jaialdian egotea «zoragarria» dela esan zuen, «nire dohaina partekatu ahalko dudalako, esperantza eta adorezko mezua helarazi ahalko dudalako. Zenbat eta jende gehiago egon hobeto. Ziur naiz elkarri asko emango diogula eta gau zoragarria izango dela».

Beragan eragina izan duten artistengatik galdetuta, esan zuen ibilbideari baino komunikatzeko gaitasunari begiratzen diola: «Berdin dit gaztea edo zaharra den, niretzat musikan garrantzizkoena komunikatzeko gaitasuna da, horregatik aipa ditzaket adibidez Ella Fitzgerald, Nat King Cole, Frank Sinatra...». Komunikatzeko gaitasuna eta mezua ditu ardatz Gaynorrek: «Kantu bat egiterakoan beti doa lehendabizi letra, mezua, eta gero bakoitzak jartzen dio bere estiloa. Baina garrantzitsuena boteretsua eta iradokitzailea izatea da».