Haritz Larrañaga Altuna
DONOSTIA
KIROLA

Nola jakin non itsasoratu? Uretaratzeko zenbait aholku

Soroslerik ez den orduetan itsasoratu behar badugu, komeni da zenbait gauza aintzat hartzea. Itsasaldien zein korronteen gutxienekoezagutza izatea lagungarri izan daiteke. Hona, zenbait aholku baliagarri, itsasoratu aurretik eta itsasoratu ostean kontuan hartzekoak.

Udan sorosleek izaten dute itsasoratzen den jendea ez itotzeko ardura, baina badira sorosleak ez dauden uneak, goizeko lehen orduan edo arratsaldeko azken orduetan kasu, eta halakoetan norberak erabaki behar izaten du non eta nola itsasoratu.

Hona hemen, itsasoratu aurretik edo non itsasoratu behar dugun jakiteko zenbait aholku. Honakoak gomendio soilak dira, ez dira arau itxi edo aholku unibertsalak.

Itsasoa gauza oso konplexua da, ez da matematika edo lege zehatzez deskriba daitekeen zerbait; beraz, honako aholku hauek ere lagungarri izan daitezke kasu batzuetarako, baina izango dira aholku hauek motz geratzen diren edo lagungarri izango ez diren bestelako kasuak ere. Edonola ere, zenbait gauza kontuan hartzea komenigarria izan daiteke.

Egoeraren mapa

Surflari edo bainulari izan, itsasoratu aurretik pentsatu behar den aurreneko gauza hauxe da, nondik eta nola aterako garen. Irteera egiteko gai garela ziur bagaude bakarrik itsasoratuko gara, eta horrela izanda ere, ziur gaudela uste dugun kasuetan ere, inoiz ez gara salbu izango. Zenbat eta eskarmentu eta itsasoaren ezagutza handiagoa izan orduan eta hobeto, horixe baita gero eta ziurrago daukagun gauza bakarra, itsasoan edozer gerta daitekeela, baita egun lasaienetan ere.

Urte osoan itsasoratzen diren surflari eta bainulariek ez dute inoiz arreta galtzen, lasai daudela irudi dezake, baina aurrez eta itsasoan dauden artean gauza asko hartzen dituzte kontuan. Egoeraren “mapa” bat egiteko gai izan behar dugu, une oro non eta nola kokatuta gauden jakiteko gai izan; horrela, aurrez diagnosi egoki bat egin badugu, edozein ezustekoren aurrean zuzen erantzuteko gai izango baikara.

Itsasaldiak

Itsasaldiek ez dute zerikusirik olatuen altuera eta korronteen izaera eta norabidearekin, baina korronteen intentsitatean eragin dezakete, batez ere marea biziak direnean eta marea erdian dagoenean, une horretan itsasaldiak abiadura handia izaten baitu eta korrontearen bultzadari itsasaldiaren bultzada gehitzen badiogu intentsitatea handitu egiten baita.

Itsasaldiak ilargiaren araberakoak izaten dira. Aste batean mare biziak dira; alegia, ilargi betea edo ilberria izaten da (ilargirik ez), hurrengo astean marea hilak izaten dira, ilbehera edo ilgora (ilargi erdia), hurrengo astean berriz ere marea biziak, eta horrela etengabe.

Hilak 28 eguneko zikloa du; beraz, hilabetean bi astetan marea biziak izaten dira eta beste bi astetan marea hilak. Marea biziak esaten denean, ez du esan nahi olatu handiak izango direnik, marea asko igo eta asko jaitsiko dela baizik. Eta alderantziz, marea hilak direnean, marea ez da asko igoko eta ez da asko jaitsiko. Edonola ere, bateko zein besteko, itsasaldiek ez dute olatuen altueran eragiten.

Datu bitxi bat aipatzearren, Kantauri itsasoan marea biziak direnean, goizean beti itsasbehera izaten da eta arratsaldean itsasgora. Alderantziz, marea hilak direnean, goizean itsasgora izaten da eta arratsaldean itsasbehera. Horregatik, itsasbehera ikusgarrienak beti goizez izaten dira, hondartzak agerian geratzen dira eta zenbait lekutan normalean estalita izaten diren eremuak ikusteko aukera izaten da. Marea biziak direnean olatu handiak badaude, arazoak arratsaldean izaten dira kostaldeko lekuetan, itsasgora denean alegia, orduan itsasoak lurrari hozka egiten baitio.

Beraz, ilargiari begira marea biziak edo hilak diren eta itsasbehera edo itsasgora noiz izango den jakin ahal izango dugu, baina datu zehatzagoak nahi izanez gero, itsasaldi taula batean begira dezakegu; horrela, urteko edozein egunetan itsasaldiak zein ordutan diren eta mareen koefizientea zenbatekoa den jakin ahal izango dugu.

Itsasaldien abiadura

Itsasbehera eta itsasgoraren artean sei ordu daude, eta alderantzizko norabidean berdin, itsasgora eta itsasbehera artean sei ordu daude. Ordu horietan ordea, itsasoa ez da beti abiadura berean mugitzen. Lehen orduan abiadura oso motela izaten da, bigarren orduan abiadura azkartzen da, hirugarren orduan abiadura handia da, laugarren orduan abiadurak handia izaten jarraitzen du, bosgarren orduan abiadura moteltzen hasten da (bigarren orduan zuen abiadura berbera du) eta seigarren orduan berriz ere (lehen orduan bezala) abiadura oso motela da.

Ondorioz, gehienetan marea goian edo behean ikusten dugu eta marea erdian, berriz, oso denbora tarte laburrean ikusten dugu, momentu horretan mareak abiadura handia baitauka. Datu hau garrantzitsua da; izan ere marea erdian denean bainulari batek ura gerrian izan dezake eta oso denbora gutxian sakonera handiko uretan izan daiteke; batez ere, marea biziak direnean, denbora tarte berean itsasoak metro gehiago egiten baititu.

Itsasbeheran haurrentzako putzuzuloak eta erreka modukoak non dauden begira dezakegu, marea igotzen hasten denean eremu horietan izango baitira korronteak, leku horietan sakonera handiagoa delako.

Itsasoari begira

Zeri so egin behar zaio itsasoari begiratzen diogunean? Lehenik eta behin, apar gehien duen eremua non dagoen identifikatu behar da. Olatuek, lehertu, apar bihurtu eta hondartzarainoko ibilbidea egiten badute, hori leku segurua da, korronteek hondartzarantz bultzatuko baikaituzte. Horregatik, surflarien kasuan zutik jartzeko gai izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa da edozein olatu edo apar hartzeko gai izatea, horrela edozein arazo izanez gero beren kabuz ateratzeko gai izango baita.

Aparrik ez dagoen eremu lasai bat ikusten badugu, kontuz, eremu horretan sakonera handiagoa dagoela esan nahi du, olatuak ez dira lehertzen eta korronteek itsasorantz bultzatzen dute. Aparrik gabeko leku lasaiak diruditen eremuak arriskutsuak dira.

Urrunean olatuak lehertu, apar bihurtu baina segundo batzuen ostean desagertu egiten direla ikusten badugu, horrek zera esan nahi du, urertzean korrontea dagoela. Hondartzatik gertu sakonera handiagoa da hondartzatik urrun baino. Kasu horretan, korronteak albo batera bultzatzen du lehenik, eta momentu jakin batean korronteak itsasoranzko norabidea hartzen du. Korronte horiek dira arriskutsuenak, identifikatzeko zailenak izateaz gain, bainulari edo surflaria distantzia luzeago batean garraiatzeko gai izaten baitira eta halakoetan jendea errazago beldurtu eta nekatzen baita.

Lehen kasuan, ateratzeko modurik egokiena albo batera jotzea da, aparrak hondartzarantz eramango gaituen eremura. Bigarren kasuan, konplexuagoa da, batzuetan hondartza aldera joan ahal izango dugu distantzia laburrena delako, baina horrela irteteko gai ez bagara, korronteak eraman gaitzan utzi eta sakonera gutxiagoko eremu batera eramaten gaituenean edo itsaso zabalera eramaten gaituen unean hondartzaraino garraiatuko gaituzten aparrak dauden lekura jo beharko dugu.

Korronte batek harrapatzen bagaitu, zein motatako korrontea den jakitea garrantzitsua da, ur-lasterrak nora eramango gaituen eta zerekin aurkituko garen aurrez jakiteak lasaitzen laguntzen baitu.

Itsasoratu aurretik kanpoan erreferentziak hartu behar dira, zenbat eta zehatzago hobe, eta behin uretan gaudela etengabe begiratu beharko ditugu erreferentziak korronteek norantz bultzatzen gaituzten jakiteko. Modu horretan, korrontetik atera behar badugu, erreferentzien arabera, eremu segurua non den jakin ahal izango dugu.

Hortaz, non eta nola kokatuak gauden jakiteko gai izan behar dugu. Helikoptero batetik begiratuko bagenu bezala, korronteen eta apar guneen mapa bat egiteko gai izan behar dugu, horrela soilik baliatu ahal izango dugu itsasoaren eta korronteen indarra gure alde.