Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Jai egiteko «bestelako eredua» badelako, egitarau alternatibo zabala Baionan

Aurten ere, «herritik herriarentzat» osatutako egitaraua proposatuko dute Baionako hainbat taldek «bestelako jai-ereduak» izan badirela erakusteko. Hala, ekimen alternatibo andana antolatu dute Patxa plazako txosnagune inguruan. «Izpiritu kritikoa eta eraikitzailea» xede dutela nabarmendu dute, bestazale orori bertaratzera gonbidatuz.

«Euskarari ematen zaion leku urriagatik, eraso sexistengatik, dirua irabazteko helburuarekin soilik antolatutako ekimenengatik...», horregatik guztiagatik zenbait taldek urtero programazio alternatiboa eskaintzen dute Baiona Ttipiko Patxa plaza eremuan, batez ere gazteei bideratutakoa.

Era horretan, «bestelako besta eredua» badela erakutsi nahi dute. «Baionako besten modeloarekin desadostasun handiak ditugu. Argi dugu ez direla dirua egiteko makineria bezala erabili behar, ez eta norberaren etxean egiten ez diren zernahikeriak burutzeko gune bat bezala ere», esan zuten atzoko agerraldian.

Parekideak eta euskaldunak

Hiru gai nabarmendu zituzten ekimenen nondik norakoak azaldu aitzin. Lehenik, ezinbestean «parekideak» izan behar dutela eta ez dutela «inongo eraso eta umiliazio sexistarik» onartuko. Hala, horrelakorik jazoko balitz, bat egingo dute mugimendu feministak abian jarri duen salaketa protokoloarekin. Bigarrenik, Herriko Etxeak euskararekiko eta euskal kulturarekiko duen jarrera uzkurra deitoratu zuten. Azkenik, urte hasieran abian jarri zen Zizpa gaztetxeak egindako lana eta ekitaldi mordoa goraipatu zuten, «2008tik erreibindikatzen genuen tresna ezinbestekoa zela frogatu baita». Proiektua sostengatu duten guztiak eskertzeko baliatuko dituzte jaiak ere.

Xede horrekin, hain zuzen, igandean aperitifa berezia dute txosnagunean zigante eta albokaz alaituta. Aurretik, beste ekimen batzuk egingo dituzte; esaterako, asteazkenean, besten irekiera alternatiboa San Andres plazan (21.00); ostiralean poteo feministan parte hartuko dute, eta gauean bertsoen eta musika elektronikoaren gaua izango da; larunbatean, egitarau indartsuena, Gazte Eguna. «Tokiko mozkinekin egindako bazkari merkea» eguerdian eta hiru kontzertu ondoren, Bolbora, Ze esatek! taldeekin eta Naughty J DJrekin.