Arantxa MANTEROLA
HENDAIA
Entrevue
IKER ELIZALDE
HENDAIAKO AUZAPEZORDEA

«Ekonomia sozial eta solidarioaren formakuntza integrala eratzea dugu xede»

Udal-gobernuko akordioa adostean Hendaia Biltzen hautagaitza abertzalearen ardatzetako bat ekonomia sozial eta solidarioaren garapena izan zen. Ildo horretatik, 2014an jada hainbat urrats egin zituzten. Orain, proiektu berria jarriko dute abian, mugaz gaindiko esparrukoa eta Europako diru-funtsez lagundutakoa. Helmugan, ekonomia sozial eta solidarioaren formakuntzarako lehen eskola sortzea dute xede.

Ekonomia sozial eta solidario (ESS) kontzeptua oso zabala edo anbiguoa da. Zein da zuek ematen diozuen zentzua?

Gaur egun nagusi den eredu ekonomikoaren aurrean bestelako eredu bat garatzea eta garapen horretan bereziki behar sozialei egokitutako aktibitateak sortzea da ekonomia soziala. Horrekin batera, tokian tokiko jarduerari lotutako kalitatezko enpleguak sortzea eta enpresa- proiektuan, kudeaketan eta funtzionamenduan erabakiak hartzeko orduan partaide guztiak maila berean izatea, era horretan engaiamendu handiagoa lortzen baita. Horrela ulertzen dugu guk kontzeptu hori.

Nori zuzentzen zaio eta zein alorretan gara daiteke?

Aktibitate bat sortu nahi duen orori. Baina, baita ere, jada jarduera bat duenari eta enpresa-kudeaketaren eredu konbentzionala agortutzat jo eta bestelakoa ezarri nahi duenari. Alorrei dagokienez, alor guztiak hunkituak direla esango nuke eta preseski tokiko beharrak eta behar sozialak begiratuz, hor ere askotarikoak dira. Esaterako, ekonomia zirkularrean oinarritutakoak, hau da, erabili-bota jarreratik aldendu eta ohiturak aldatzen joateko produktu bakoitzaren biziraupena luzatzea bilatuko dutenak edota pertsonei zuzendutako zerbitzuetakoak, horien eguneroko bizitza hobetzea helburu dutenak.

Normalean mikroekonomian garatzen dira, beraz.

Tokian tokiko beharrei zuzendutakoetan bai, baina badira enpresa handiak ere, adibidez, hegoaldean ezagutzen ditugun kooperatiba handiak, non enpresa kudeatzeko maneran antzekotasunak dauden baina ez dituzten baitezpada beste irizpide batzuk betetzen. Adibidez, orain nahiko garatzen ari den irizpide bat zirkuitu laburrena da, bereziki laborantzan, eredu espantsiboari aurre eginez, tokian tokiko ekoizpena sustatu eta laborariek zuzenean beren mozkinak bertan banatzeko. Energia berriztagarrien munduan ere badira sortu diren proiektuak, I-Ener, esaterako. Tokiko esparruan zentratzen den heinean, ekonomia mota horretan sar daitezke.

Hendaian dagoeneko urrats batzuk egin dituzue eredu horretan, ezta?

Hala da. 2014an sostengu ekonomiko eta sozialerako zentroa jada abian jarri genuen enpresak muntatzeko proiektuak dituztenei formakuntza, laguntza eta sostengua emateko.

Aipatutako irizpideetan oinarritutako jarduera eta enplegua sustatzeaz gain, baduzue beste helbururik?

Bai. ESS eredu hori datorren urte hasieran abian jarriko den Ipar Euskal Herria elkargo berriaren lan-ardatzetan sartzeko nahikeria ere badugu. Horrez gain, ekonomia sozialarekin lotutako formakuntza eskaintza integrala eratzea nahi genuke, egun existitzen ez dena. Formakuntza hori gazteei zuzenduko litzaieke, baita lanbidea aldatu edo zerbait sortu nahi dutenei, lan bila dabiltzanei edo kudeaketa mota aldatu nahi duten enpresaburuei. Geografikoki EAEn, Nafarroa Garaian edota Ipar Euskal Herrian proiektu bat duen edonori zuzenduko litzaioke.

Formakuntza eskola bat sortzeko asmoa duzue?

Hori ondorioa izango litzateke. Oraingoz formazio eskaintza hori definitzeko ahaleginean gabiltza, zein atal izango dituen eta abar. Bere momentuan hainbat proiektu gogoetatuko dira eta tokian toki abian jarriko dira. Horrekin guztiarekin ikusiko dugu zein behar dauden eta formakuntza hori eskaintzeko gune fisiko bat behar den edo, behar bada, formakuntza sare moduan antolatzen ahal den. Gure proiektuak irauten duen bitartean (30 hilabete) hori dena gogoetatu eta aztertuko da eta, horren ondorioa eskolaren sorrera izan beharko litzateke.

Egitasmoa bada ere, aurretik hainbat gauza zehaztuak dituzue, ezta?

Bai. Hasteko, formakuntza zentro hori mugaz gaindikoa, euroeskualdearen eremukoa izango da nahiz eta fisikoki sortzen bada, Hendaian kokatua izatea nahiko genukeen. Hiru hizkuntzak –euskara, frantsesa, gaztelania– presente izango lirateke.

Eta bidaia-lagunak badituzue egitasmo honetarako?

CBES (Seinautzeko lan bailarako batzordea), ANEL (Nafarroako Gizarte Ekonomia Enpresen Elkartea) eta Konfekoop (EAEko kooperatiben konfederazioa) dira gure partaide nagusiak.

Hendaiako Herriko Etxeak jada langile bat jarri du proiektua lantzeko…

Bai, azaroaren 8an hasiko da lanean. Bi batzorde izango dira: gidaritza batzorde bat, norabide estrategikoez arduratuko dena, eta batzorde teknikoa. Aurrekontuari dagokionez, milioi bat euro pasatxokoa da. Horietatik %65 Europak finantzatzen du. Hendaiako Udalak 88.000 euro (batez ere, langilearen soldatarako) jarriko ditu eta gainerakoak lehen aipatutako eragileek.

Formakuntza zentroaz gain, zer gehiago egin daiteke ESS bultzatzeko?

Azken helburua saretze lan bat egitea da, bereziki ekonomia soziala bultzatzen duten eragileekin. Dagoeneko zenbait hartu-eman baditugu, adibidez, Estia Bidarteko Ingeniari Eskolarekin, Erregioarekin formakuntza eskaintza garatzeko Lapurdin (tokiko ekonomiarekin lotzeko). Harreman horiek ugaritu egin beharko dira.