Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Bizitzaren etsipenari aurre egiteko kanta borrokalariak

Txuma Murugarren musikariak «Zerbait ari da gertatzen, hor» zazpigarren diskoan betiko gaiei heldu die beste behin. Bide berritik egin du, ordea. Bilduma osatzen duten bederatzi abestiak sotilagoak baitira, melodiari eman ohi dion presentzia bigarren mailan utziz.

Musikari nekaezina den Txuma Murugarrenen zazpigarren diskoa da “Zerbait ari da gertatzen, hor” (Gaztelupeko Hotsak, 2016). Betiko gaietara itzuli da beste behin, errealitateari usaina hartuz, gustuko batzuetan, ilun askotan. Tempo erdiko rock doinuak eta kantagintza batu ditu, ahotsari besteetan baino garrantzi handiagoa emanez. Grabatu ondoren kanpoan gelditu dira zenbait abesti, baina bilduma, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Xarra Azkarateren hitzetan, «bederatzi kanta politek» osatzen dute, «beldur barik esango nuke abesti batzuk bere ibilbideko onenetakoak direla».

Oso argi zuen diskoa atontzeko ildoa, kantu bilduma zerbait kontzeptuala bezala ulertzen baitu, «gizakiok gauzak antolatzeko eta ordenatzeko daukagun mania». Oraingoan kantuek bide «lakar, sendo edo indartsua» hartu dute. Normalean bere kantagintzan melodia presente egoten da, oraingoan, berriz, bide horretatik aldentzea erabaki du, kanta sotilagoak egiteko. «Bide melodiko horiek pixka bat ukatu kantuari eta utzi bere hezurduran, baina oinarri indartsua duen hezurduran». Kantu narrazioak hori eskatzen zuela uste du, oinarri sendoak, baina melodia gailendu gabe.

Kontzeptua oso trinkoa da, izenburuak eta letrek lotura baitute, eta azalak –nahigabe suertatu den arre n–, bat egin baitu. «Ez dago ezer, baina zure gertakizun horiek bertan daude». Aurkezpenean, lehenik izenburuko «hor» horren esanahia argitu nahi izan zuen Murugarrenek. Norberak bizi duen errealitate propio horretatik kanpo geratzen denak bakoitzaren ibilbidea baldintzatu egiten duela aipatuz. «Sentitzen duguna da hein handi batean errealitatea. Sentsazio kolpe horiek eragiten digute, baina nork emanak edo nondik datozen ez dakigu. Horregatik ‘zerbait ari da gertatzen hor&bs;’ eta ez dakizu zer, baina sumatzen duzu mugimendu bat».

Bilduma «heldua»

Gizakien tragediei buruz hitz egiten du kanta bilduman, lehen planora ekarriz gabezia txiki eta batzuetan ridikuluak, edo bizitzaren anabasa. «Bizitzak bere gogora erabiltzen zaitu, ezer gutxi gara bizitzaren aurrean. Sentsazio oso potentea da, beti sentitu izan dut. Zer distantzia dagoen norberaren tragediatik bizitzaren joan axolagabe horretara». Norberaren asmoak direnak direla, bizitzaren arauek markatzen dute bakoitzaren tokia eta horren kontra ezin da egin. Diskoaren letretan etsipen hori sumatzen da, baina «puntu borrokalari batekin». Hau da, eskainitako panorama hori ez onartzea, bestelako bideak badaudela gogoratzea: norberaren hazkuntza pertsonala, besteekiko enpatia... «bizitzan badaude disfrutatzeko gauza handi eta ederrak, nahiz eta bizitza horren kabroia izan gurekin», nabarmendu zuen abeslariak.

Disko «heldutzat» jo zuen, bizi duen unea oso ondo adierazten duena. Hainbat urteren ondoren iritsi da «geltoki» honetara, baina ez du uste bertan geldituko denik. Bildumaren emaitza atsegin du. «Zerbait egiten baduzu, barren-barrenetik, zalantza asko dituzu, norabait iritsiko ote den... baina sufrimendu horren ondoren gorpuztu dena ikusi eta oso emaitza ona iruditzen zait». Hala ere, lehen entzunaldiko diskoa ez dela ohartarazi zuen, «melodikoa ez izanik, lehen entzunaldian nekez hartzen da. Jarri eta entzutekoa da».

Abesti batzuk beste batzuk baino «irratigarriagoak» dira, baina multzo handi batek introspekziorako bidea ematen du. Dituen ñabardurak sumatu eta soinu ona disfrutatzeko, pazientzia eta horretara jartzea eskatzen duela uste du Murugarrenek, eta ildo horretatik, musika gustuko duen jendearentzat egindako diskoa da, «eskarmentu musikala duena, edozerekin konformatzen ez dena, zerbait bilatzen duena».

Narrazioaren indarra

Orain bi urtetik bizitoki duen Mutrikun grabatu du Axular Arizmendiren AME estudioan. Gertutasuna «erosoa» suertatu zaio. Izan ere, zazpi hilabetez luzatu baita 2015eko abenduan hasi zuen prozesua. «Oso lasaia izan da, birpentsatzeko denbora eman duena eta hori oso garrantzitsua da nigan, zalantza asko izaten ditudalako». Horren erakusgarri, jada grabatuta zuen abestiren bat bestelako formazioren batekin berriro irarri duela. Diskoaren indarra narrazioan eta bandaren kohesioan dagoela zehaztu zuen Murugarrenek. Horregatik, elkarrekin grabatu behar izan zuen bandak, estudioko leku faltari aurre eginez. Arizmendik hasieratik lortutako soinua apenas ez dute ukitu eta «sumatzen da taldearen pultsua».

Aspalditik berarekin dabiltzan musikariekin aritu da: Natxo Beltran, Rafa Aceves, Miguel Ramirez eta Ekaitz Hernandez. Horiez gain, kolaborazioak ere izan ditu: Audience taldeko Gaizka Isunzak koroak egin eta gitarra jo du, Asier Ituartek haize tresnak estandarretatik kanpo eraman eta ezohiko konposizioak batu ditu eta Angel Unzuk diskoa ixten duen kantako gitarra akustikoa. Lehen aurkezpen kontzertua datorren ostegunean, azaroak 3, egingo du Arrasateko gaztetxean eta azaroaren 17an, Errenterian ariko da. Grabatzean leundutako musikaren indarra zuzenekoan berreskuratzea espero du musikariak.