Maider IANTZI
51. DURANGOKO AZOKA

Ospetsuenak aukeratu ditu jendeak

Salduenen kronika duzue honakoa, sentsazio eta intuizioei segituz idatzia. Izan ere, argitaletxe bakoitzak bere obrarik arrakastatsuenak zeintzuk diren kontatu digu, egileak kontent edo ez hain kontent agertu zaizkigu, baina bisitariek gehien eraman dituzten azokako lanak zein diren ez dakigu. Egunero ilarak eta liburu eta diskoetan pausatutako eskuak ikusita imajina dezakegu.

Azken eguna heldu da; egun intentsoekin pasatzen den bezala, aldi berean labur eta luze joan da Azoka egunero bizi izan dutenentzat (dugunontzat). Azken goiza heldu da eta opari polita ekarri du; eguzkiarekin batera izkina guztietatik iritsi dira bisitariak. Goizik jendetsuenetakoa izan da.

Itsasoaren metafora erabili izan da plaza handi hau deskribatzeko. Elkar Musika-ko Angel Valdesek sarearekin konparatu du. Euskararen inguruko sareak nodulu aunitz ditu, handiak eta ttikiak, guztiek osatzen dute sarea eta guztiak daude konektatuta. «Denoi interesatzen zaigu ondokoari ondo joatea, herri bat, ideia sendo bat osatzen dugulako. Publikoa ere sarearen parte da».

Itsasoan handiak jaten du ttikia eta, Susako Gorka Arresek adierazi digunez, hedabideek hilabete lehenago azpimarratu dituzten liburu eta diskoak dira salduenak. Famatuen bila etorri da jendea. «Komunikabideetako oihartzunaz aparte, egileak mugitzeak ere badu zerikusia. Kirmen Uribek Euskal Herriari bira eman dio ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’-rekin. Irakurleek liburuak erosten dizkiote, baina idazlea ere joaten da eurengana, zor diela sentitzen du eta solasaldiak eta irakurraldiak eskaintzen ditu». Horrek emaitza dakar: Uriberen lanean pausatzen dira bisitarien esku gehienak Susan. Koldo Izagirreren “Franco hil zuten egunak” istorioz osatutako liburuan ere bai ugari, eta ezuste ederra hartu dute Patxi Larrionen “Feriatzaileak” lehenengo nobelarekin. «Guretzat salmentak oso handiak izan dira», baieztatu du editoreak.

Azkeneko Durango guztietan bezala, ezin dira aipatu gabe utzi Toti Martinez de Lezea eta Gatibu. Lehenaren txokoaren gainean dagoen balkoi batean idatzi ditugu artikuluak eta egunero izan gara zaleen ilaren testigu. “Esne eta eztizko lurra” nobela sinatu eta sinatu ibili da (gaztelaniaz gehiago, baina euskaraz ere aunitz), baita haurrentzako “Nur” saileko azken liburua ere. Ereinen standean ongi saldu den bigarren liburua Jon Arretxeren “Sator lokatzak” izan da.

Txalapartaren postuaren ikur bilakatu dira liburu dorreak eta Patxi Zubizarretaren “Erantzuna haizean dabil” lanen dorrea beheraka doa. Tasio Erkizia ere bertan da bere autobiografia sinatzen eta hala segitzen badu aleak amaituko zaizkiola dio Mikel Soto editoreak. Gaztelaniazko lanen artean, Jon Andoni del Amoren “Party&borroka” hautatzen dute esku gehienek.

Elkarren txokoan, Miren Gorrotxategiren “33 ezkil”, Angela Davisen “Emakumeak, arraza eta klasea”ren itzulpena, John Anduezaren “Lepoan hartu” eta Miren Amurizaren eta Irati Egurenen “Bainera bete itsaso” izan dira arrakastatsuenak.

Vendettakoak, zoratzen

Gatibu aipatu dugu lehenago eta ez gara sobera okertuko Azokako saldunetakoa izanen dela erranda. Postuan kieto ikusi ditugu beti, irribarre zabal batekin zaleekin solasean eta argazkiak egiten, jendetza inguruan pilatuta. «Oso ondo saltzen gabiltza bai diskoa, bai USBa». Zea Mays-ekoak ere pozarren, bai “Harro” azken diskoaren salmentagatik, bai zaleekin duten harreman hurbilagatik. «Kontzertuetan kontaktua artista eta publikoaren artekoa da; hemen, aldiz, pertsonala».

Hesian-en zazpigarren disko sentikorrak ere harrera hagitz ona izan du Baga Bigako standean. “10 urte, 11 gonbidatu” leloarekin Plateruenan eman zuten kontzertua primeran joan zen eta horrek eragina izan du.

Vendettak bere stand propioa jartzeko pausoa eman du eta «flipatu» egin dute, sinatu eta sinatu, saldu eta saldu. «Plazer bat da Azokan jendearen gertutasuna edukitzea», adierazi dute. Euforia txikiagoarekin, baina Willis Drummondekoek ere bilan ona egiten dute beren postua izan duten lehen Durangoz. «Lehen urtea izanik ez dugu ezer konparatzeko, baina salmenta ongi joan da».

Elkar Musikan, Oskorri eta Ruper Ordorika dira nagusi. Oskorrikoak bertan dira eta hunkigarria da publikoak zenbat maite dituen ikustea. Eskerrak ematen dizkiote.

Amaierara heldu da Azoka eta kronika hau ere bai, lan aunitz kanpoan utzi ditugula jakinda, txikiak batez ere. Itsasoa da.