GARA
bilbo

Bizkaiko Aldundiak aipatu duen egoitzetarako planaren berririk ez duela dio ELAk

Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu zuen badela proposamen bat langileek ezagutu beharko luketena eta zahar egoitzen gatazka konpon dezakeena. ELAk harriduraz hartu ditu hitzok.

Zur eta lur gelditu zen ELA Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, Elena Unzuetak, asteartean egin zituen adierazpenak adituta. Unzuetak baieztatu zuen badela zahar etxeetako korapiloa aska dezakeen proposamen bat eta ona litzatekeela langileek zuzenean ezagutzea.

Foru instituzioa gatazkatik kanpo kokatuz, esan zuen enpresen eta sindikatuen arteko arazoa dela eta horregatik ez dela negoziazioetan parte hartzen ari. Baina bi aldeekin solasean ari dela eta berriro ere esertzeko deia egin diela erantsi zuen, jarrerak argitu eta batez ere soluzio bat lortzen saia daitezen.

«Aldundiak duen informazioaren arabera, une honetan proposamen bat badago, nahiko arrazoizkoa arazoa desblokeatzeko eta akordio batera ailegatzeko», azpimarratu zuen.

Hitz horiei erantzunez, oharra plazaratu zuen atzo ELAk. «Harridura» agertzeaz gain, otsailean berriz grebari ekingo diotela berretsi zuen, sektoreko ordezkariek batzarrean adostu bezala.

Argitu zuen ez zuela Aldundiaren proposamenik jaso, ezta enpresek egindakorik ere, Elena Unzuetak azaldutako ildotik. Garbi utzi zuen zerbitzuari kalitatea emateko langileentzako asteko 35 orduko lanaldia aurreneko urratsa dela ere. «Oraingo lan karga jasanezina da». Ez duela ratioei buruzko proposamenik jaso esan zuen –«hau baldintza bazterrezina da gatazka konpontzeko»– eta Aldundiak planteatutako soldata igotzeko proposamena ez dela zuzena eta ez dituela langileen beharrak asetzen agertu zuen. Zerbitzuaren arduradun izanik, hala jokatzeko eskatu zion foru instituzioari, baita patronalari ere.

Gipuzkoan

Araba eta Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen baldintzak Bizkaikoen oso gainetik daudela ere nabarmendu zuen ELAk. Hain zuzen, Gipuzkoako negoziazio mahaia asteartean osatu zen. ELAk zazpi ordezkari ditu, LABek bi eta UGTk eta CCOOek bana.

Adegirentzat %36ko ordezkaritza adostu zuten, Laresentzat %27koa, Matiarentzat ere bai, eta Garenentzat %10ekoa. Otsailean hasiko dira negoziatzen.