Nagore BELASTEGI
HAUR DANBORRADA

«DONOSTIAREN SINBOLO» DIREN UMEEN ILUSIO ETA IRRIBARREAK

ENTSEGU UGARIREN OSTEAN, DOTORE JANTZI ETA KALERA IRTETEKO EGUNA IZAN ZEN MILAKA HAUR DONOSTIARRENTZAT. BATZUK DANBOR EDO UPELAREKIN, BESTE BATZUK LAGUNAK GIDATZEN; BATZUK ZALDI GAINEAN, BESTE BATZUK KARROZAN. BAKOITZAK BERE LEKUA ZUEN HARROTASUNEZ EGITEN DUTEN DESFILEAN, HAUR DANBORRADAN.

Txikiak badira ere, sekulako esfortzua egiten dute haurrek San Sebastian egunean dagokien espazioa betetzeko. Hogeita lau orduz festak etenik ez duen hirian, ume donostiarrek badute paper bat: eguerdian erdiguneko kaleak betetzea.

Goizean goiz abiatzen dira etxetik euren konpainiarekin bat egiteko. Pixkanaka hiri erdigunera gerturatzen dira eta Alderdi Ederren egiten dute bat. Ondoren, banan-banan kaleetara abiatzen dira berriro.

Kontuan izan behar dugu, gainera, normalean urtarrilaren 20an Donostian hotz egin ohi duela (euririk egiten ez badu, gaitz erdi) eta udaletxe pareko plazatik ateratzen diren azkenek ordubete itxaron behar izaten dutela, zutik.

Txalotzekoa da umeek euren hiria pozteko egiten duten lana. Atzo ere hotz egiten zuen bai, baina zorionez eguzkiak apur bat goxatu zuen giroa. Ondo jantzi eta kalera, kalean ibili nahi baitute haurrek. Izan ere, haur danborrada da eguraldi oso kaskarra eginez gero bertan behera gera daitekeen ekitaldi bakarra. Haurren onerako bada ere, segur aski batek baino gehiagok nahiago izango luke busti etxean gelditu baino.

Desfileari hasiera emateko parte hartu zuten 49 konpainien izenak –gehienak eskoletakoak– esan zituzten bozgorailutik. Norberaren izena entzutean zarata egin behar zuten, baina bazirudien nahiago zutela gainontzekoei «uuuh!» egitea. Ohiko ika-mikak.

Easo Ederra eta Jenerala balkoira atera zirenean ados jarri ziren gauza batean behintzat: «Gora Donostia» oihuari «gora!» ozen batekin erantzun zioten denek. «Haurrak Donostiaren sinbolo gara, eta gure eskuetan dago biharko Donostia», bota zuen Maria Soliño Easo Ederrak. Honek «elkarbizitza, aniztasuna, kultura eta euskara» goraipatu zituen Unai Sanchez Jeneralari hitza eman aurretik. «Irits dadila gure mezua Donostia bihotzean daramaten guztiengana. Zuentzat joko ditugu hainbeste maite ditugun kantak», esan zuen mutilak. Ondoren, sorpresa bezala, biek bertso bat bota zuten.

Zaldiak ere dotore

“San Sebastian martxa” jo zuten denak elkarrekin giroa berotzen hasteko eta, ondoren, duela lau urte estreinatutako “Donostiako antzinako himnoa” eskaini zuten. Hortik aurrera konpainiak, zaharrenetik berrienera, desfilatzen hasi ziren.

Serio hartzen zuten euren lana umeek, ez baita txantxetakoa guraso eta senitarteko guztien aurrean jotzea. Zuzendariak, batez ere, formal jarrita zeuden besoak astintzen. Mundaizko Jesusen Bihotza ikastetxekoak, adibidez, ezkerreko eskuarekin adierazten zuen zenbat kolpe eman behar zuten bere kideek danborrean hurrengo konpasean.

Jesuitetako konpainia handiak, berriz, kantinera pila bat ditu eta horien papera, jendea agurtzeaz gain, goxokiak botatzea zen. Atzetik zetozen umeek lurrean gelditzen ziren horiek jasotzen zituzten poz-pozik.

Hipika E.E. Lantzariak konpainiak zaldiak txirikordekin eta apaingarri txuri-urdinez txukundu zituzten. Centro Ecuestre Miracamposeko zaldiei, berriz, apatxak pintatu zizkieten azazkalak balira bezala.

Donostiako herritarrak irudikatzen dituzten pertsonaiak zeramatzala, Easo Ederraren karrozak, gaztelu arrosaren itxurakoak, itxi zuen desfilea.