Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

Gavarnieko «Divo listo» bideari puntu gorria jarri diote

Joan den abenduaren 30ean, era askean eskalatzeaz gain, Javi Buenok, Manu Cordovak eta Jonatan Larrañagak hirugarren murruan dagoen marra horren lehen errepikapena egin zuten. Gainera, bistan eta egunean. Hirukote horrek 17 orduko jarduna egin zuen.

Aurreko artikuluan aipatzen genuen Eiger-eko “Metanoia” bidea errepikatzea kosta egin dela; 25 urte, hain zuzen ere. Bada, “Divo listo” marrak (V+/5+, 6a/A3) ere antzeko egoera bizi izan du. Gavarnie-ko zirkuan dago, hain zuzen ere hirugarren murruan, eta marraren bigarren igoera iritsi berri da. Jose Luis Garciak, Jorge Pereirak eta Jose Manuel Fernandezek 1997. urtean zabaldu zuten; beraz, 19 urte pasatu dira lehen errepikapen hori heltzeko.

Hirukote horri lekukoa hartu diona beste hirukote bat izan da: Javi Bueno, Manu Cordova eta Jonatan Larrañaga. Azpimarratu behar da protagonistok, bigarren igoera sinatzeaz gain, “Divo listo” bistan, era askean eta egunean egin dutela. 17 orduko jardun horretan, gainera, irteerako aldaera zailago bat sortu dute. Alpinistok, beraz, bide hori era honetan gaurkotu dute: V/6c+, WI5+.

Hirugarren murruan ireki zen bide horri abenduaren 30ean ekin zioten; zehazki, Bujaruelotik irten ziren. “Divo listo”-k zein misterio zuen ezagutu nahi zuten, besteak beste, ahaztuta eta “zokoratuta” zegoelako. Marra horren inguruan apenas zegoen informaziorik, eta, beste igoera batzuk ez izateaz gain, artifizialeko korapiloa askatu gabe zegoen. Eite horiek guztiek eta paretak zituen baldintza egokiek hirukote hori asko motibatu zuten. Batez ere, ohartu ziren arroka lehorra zegoela; izan ere, beren asmoa artifizialeko tarteak askatzea zen.

“Divo listo”- k 200 metro ditu, eta ibilbidea eroria duen arrokazko sekzioek jarraitzen dute. Hori guztia, gainera, izotz kandelekin apainduta dago. Eta pioletak soilik marraren hasieran eta “Alois”-ekin bat egiten duen unean erabiltzen dira. Jakina, ”Metanoia” ez bezala, “Divo listo” inguru askoz ere ”goxoagoan” aurkitzen da. Alabaina, Garvarnieko zirkua eta haren hirugarren murrua ezagutzen dutenek ondo asko dakite leku oso zorrotza dela.

Larrañagak ere gai hori azpimarratu nahi izan digu: «‘Divo listo’ bide ona da, batez ere bere kokapenagatik eta duen giroagatik. Baina ‘Alois’-ekin alderatzen badugu, ‘Alois’-en arrokaren kalitatea hobea da. Hirugarren murruko bide gehienak eskalatu ditugu, eta ‘Divo listo’ zerrendan genuen. Horrek eta bideari puntu gorria jartzeko xedeak geure interesa piztu zuen. Behin eskalatuta, nire uste apalean, ‘Divo listo’ ez da gomendatzeko modukoa; soilik bildumazaleentzat zein abentura bizi nahi dutenentzat izan daiteke erakargarria».

Marra hori ondo baino hobeto aztertu ondoren, hirukoteak, arrokazko luzeak kranpoiekin eskalatu ordez, katu-oinen aldeko apustua egin zuen. Baita asmatu ere. Baina lehenik eta behin hirugarren murrura heldu behar ziren. Bujaruelotik hara iristeko dauden 12 kilometroak eta 1.500 metroko desnibela egiteko lau ordu eta erdi behar izan zituzten.

Jarduera hori egunean egin nahi zutenez, aurrera eraman behar zuten estiloaren atal guztiak ondo baino hobeto finkatu zituzten. Eta getxotarrak onartu digunez, atal horri berebiziko garrantzia eman diote: «Bai hemen bai Himalaian estilo bera erabiltzen saiatzen gara: era askean eta arin. Hori da gure apustua. Batzuetan ez duzu lortzen, eta estiloa aldatu egin behar duzu. Xede honetan hiru murruak igotzea erabaki genuen, horrek balio erantsia ematen diolako. Baina lehen murruaren baldintzak oso arriskutsuak zirenez, Bujaruelotik irten ginen. Hori bai, luzeagoa eta neketsuagoa da. Abenduak eskaini zituen baldintza onei esker, egun bateko jarduera egitera animatu ginen. Bestalde, hiruroi ala hiruroi azkar eskalatzea gustatzen zaigu, eta lortuko genuela uste genuen. Serradets-eko aterpera azken argiekin iritsi ginen».

Puntu gorria

“Divo listo” zabaldu zenetik 19 urte pasatu dira eta, saio batzuk izan baditu ere, iazko urtearen amaiera arte ez da lehen errepikapena jaso. Eite horrek bat baino gehiago harritu du, eta Larrañaga horren zergatiaren gainean mintzatu zaigu: «Oso-oso saio gutxi jaso ditu. Hori zirkuan aditu den Daniel Lannek esan zigun. Zio ezberdinengatik denak erretiratu ziren, eta, beraz, pentsatu genuen guretzat helburu on bat izan zitekeela. Argitu behar dut ere gure xede nagusia ez zela errepikatzea, baizik eta era askean saio bat egitea. Nire ustez, saio gutxi izateko arrazoia honakoa da: arrokaren kalitate txarra eta behealdeko A3 graduko luzea».

Bide batez, euskal alpinistak onartu digu baldintza perfektuak izan zituztela. Serradets-era iristeko bidea ondo zegoen, baina lan neketsuena hirugarren murrura heltzeko elurretan zabaldu behar izan zuten urratsa izan zen: «Elurrezko zelai horietan kontu handiz ibili behar da. Eta bidearen baldintzei dagokienez, jakinda zer den, bada ongi zegoen. Finean, egun bateko jarduera eder bat izan zen, inguru ikusgarri batean».

Protagonistok bidearen sarreran jarri eta lanean hasi ziren. Larrañagak aipatu digu behealdeko aurreneko hiru luzeak oso nekezak direla: «Lehena (izotza eta mistoa) laburra da, eta ‘El aliento del diablo’ bidearen R0-ra iristen zara. Aurretik A3 graduko luzea dago. Arrokaren kalitatea txarra da, baina era askean (6c+) atera zitzaigun. Lehen metroak, burilen bat txapatzen duzun arte, oso arriskutsua da. Hurrengo metroek, berriz, gogoratzen dizute hirugarren murruan eskalatzen ari zarela. Horrekin esan nahi dut, atzamarrek zero azpiko tenperaturak jasan behar izan zituztela eta seguruak oso txarrak zirela. Bigarren luzean (6b) arrokaren kalitatea hobea da; ‘El aliento del diablo’ hormarena da eta oso ederra. Hirugarrena (6c+), bestalde, ikusgarriena da. Sabai baten azpitik doan 20 metroko zeharkaldia da. Oso fisikoa eta seguru gutxi ditu».

Puntu horretan, “Divo listo” zabaldu zutenek gailurrera “Alois”-eko izotzetik jarraitu zuten. Baina Buenok, Cordovak eta Larrañagak aldaera bat sortu zuten: «Hiru luze horiek eskalatu eta askatu ondoren, beste bat zabaldu genuen ‘Aliento’-rekin bat egiten duena. Polita eta klasikoa da: 6a. Hortik aurrera azkar joan ginen; izan ere, ‘Aliento’ behin baino gehiagotan eskalatu dugu hirurok. Aipatu behar dut izotz zutabea duen luzea neketsua izan zela, besteak beste, izotza puskatzen zelako. Baina, era berean, ederra da».

“Divo listo” eskalatu ondoren, hirukoteak bide bera rapelatu zuen. Eta berriro Bujaruelora abiatu ziren. Beste 12 kilometro eta 1.500 metroko desnibela; oraingoan lau orduan. Autora gaueko bederatzietan iritsi ziren; beraz, jarduera osoa 17 ordukoa izan zen.

“Divo listo”-ren lehen errepikapena, beraz, iritsi da; gainera, era askean eta bistan. Larrañagak ondo ezagutzen ditu Gavarnieko hirugarren murruko bideak, eta “Divo listo” non kokatzen duen galdetu diogu: «Zaila da, bide horiek izaera bereziak dituztelako. Dotoretasunarengatik ‘El aliento del diablo’ aukeratuko nuke, besteak beste, mistoko sekzio gehiago dituelako eta baldintza onetan badago goitik era askean irten daitekeelako. ‘Memento Mori’ zailena zein arriskutsuena iruditzen zait. Eta ‘Alois’ ‘Divo listo’ baino gehiago errepikatuko da arrokaren kalitateagatik eta bilerak ekipatuta dituelako. Guri zintzilik ‘Un homme presse’ geratzen zaigu, eta, baldintza onak badaude, gure helburua izango da. Garrantzitsuena buruan xedeak izatea da, eta azken hau ondo atera zaigu».