GARA
DONOSTIA

Saiatu arren, ez zutela adostasunik lortu argitu dute Ikasle Abertzaleek

Bilboko Ingeniaritza Eskolan gertatutako kanporatzearen eta istiluen gainean argipen batzuk egin dituzte Ikasle Abertzaleek. Herri unibertsitatea lasai egiteko bermeak bazirela nabarmendu dute.

Ikasle Abertzaleek joan den asteazkenean gertatu zen San Mameseko herri unibertsitatearen kanporatzearen gaineko azalpenak eman dituzte. Lehenik, agertu dute iazko kanporatzeaz geroztik Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzak ez diola utzi ikasle mugimenduari gelak eskatzen.

«Errektoretzarekin adostasun bat lortu genuen. Dekanotzak ez zuen onartu eta akordio batera iritsi ginen berriro errektoretzarekin. Baina asteazken goizean esan zigun dekanotza haserretu zela eta erabaki zuela ez baimentzea. Orduan prest agertu ginen pertsona batzuk bertan gertatzen zen guztiaren erantzule egiteko. Dekanotzak uko egin eta gela batzuk eskaini zizkigun. Ez genuen sinatu, lotan gelditzeko determinazioa genuelako eta delitu hori egotziko liguketelako. Aurrera egin genuen, baimenik gabe».

«Desalojoa gertatuko zela konfirmatu ziguten eta protokoloa aktibatu genuen. Ertzainak egon ziren kanpoan zein barruan. Mehatxatuak sentitu, eta teilatura igo ginen, desalojoa eteteko». Istiluei buruz, defentsa mekanismo gisa gertatu zirela eta herri unibertsitateak egin ziren bost campusetan ez zela erasorik egon azaldu dute.