Imanol CARRILLO
Entrevue
GREGORIO EIZAGIRRE
TOLOSALDEA SAHARAREKIN ELKARTEKO BOZERAMAILEA

«Azkeneko edizioa izan dadila, Saharako arazoaren amaiera dela esango bailuke»

Gregorio Eizagirrek 2007tik parte hartzen du Saharako Maratoian, 10 kilometroko lasterketan alegia. Udan ume sahararrak hartzen hasi zen 2004an Lizarrako kanpinean ezagututako familia bati esker eta, Saharako arazoa beti kontuan izanda, basamortuan korritzea ere erabili nahi du aldarrikapen gisa.

Saharako Maratoira eta honen inguruan egiten diren ekitaldi desberdinetara joan aurretik hitz egin dugu tolosar honekin.

Zer moduz joan dira Sahara Maratoirako prestaketak?

Antolakuntza guztia Madriletik egiten da, bertako talde batek antolatzen du, eta guk bitartekari lana egiten dugu 2007az geroztik. Izen-emate epea irekita dagoen bitarte horretan, Tolosan edota Lasarten, bileratxo bat egiten dugu korrika egiten duen jende horrekin, azaltzeko zer-nolako egunak pasatuko dituzten astebete horretan han kanpamentuetan eta, alde teknikoari begira, lasterketa nolakoa den ere azaltzeko: zer motatako zapatilak erabili, arropa…

Noiztik parte hartzen duzu zuk Saharako Maratoian?

2007an egin nituen nire lehendabiziko 10 kilometroak eta aurten bukatuko dut egiten beste 10 kilometro.

Zure azken parte-hartzea izango al da, bada?

Guk esaten dugun bezala, izan dadila azkenekoa. Horrek esango luke Saharako arazoa bukatuta dagoela eta orduan hondartzara joan ahal izango ginateke korrika egitera.

Zergatik parte hartzen duzu?

Betidanik izan dut kontuan Saharako mugida, eta zehazki 2004an hasi ginen laguntzen, bertako neskatxa bat hartu genuenean. Ondoren, ikusi genuen Euskal Herritik bazegoela beste modu bat Saharako herriari laguntzeko: kirolaren bidez. 2008an lau pertsona joan eta pixkanaka joan ginen ezagutzen jendea bere kabuz ere joaten zena Madrilera eta handik, hegaldi baten bidez, Saharara. Hala, prentsa eta telebistaren bidez, gaia mugitzen hasi ginen. Pozgarria izan zen 2010ean egin genuen kanpaina nahiko potentea. Joxe Mari Agirretxe Porrotx tartean zela, aurkezpen bat egin genuen Donostian, eta urte horretan 80 euskaldun joan ginen.

Zein da Tolosaldea Sahararekin elkartearen helburua?

Elkartearen helburua da, ez bakarrik korrika egitea basamortuan, umeak ekartzea, janaria biltzea edota Saharan egiten den FiSahara zinemaldia; baizik eta jendeari azaltzea zergatik egiten dugun hori dena. Sahararena ez da bakarrik arazo solidario bat, arazo politikoa baizik. Estatu espainola da egoera honen erruduna. 1975ean Maroko eta Mauritaniari saldu zion Saharako lurraldea; 41 urte daramatzate itxoiten, autodeterminazioa lortzeko erreferenduma egingo zela esan zietenetik, eta beraien helburu guztia da beren lurraldera bueltatzea.

Momentu honetan dagoen errepresioa ikusgarria da. Gainera, Marokon egunero-egunero daude torturatuak, jendea kartzelan dago. 2010ean lurralde okupatuetan sekulako istiluak egon zen, eta 24 saharar atxilotu zituzten, tartean Hassana Aalia, hemendik dabilena eta oso ezaguna egin zena bere historiagatik. Haren kideak bost urte egon dira espetxeetan, epaiketa militar bat egin zieten eta Marokoko erreinuak nahi du aurpegia garbitu, eta esaten du zibilki epaitu nahi dituela. Ez da egia. Iragan abenduan epaitu behar zituzten, atzeratu egin zen urtarrilera, berriro atzeratu da martxora… Teatroa, fartsa besterik ez da dena.

Aipatu izan duzu «gogorrena ez dela maratoia egitea, baizik han bizitzea».

Basamortu erdi-erdian bizi dira; “La Hamada” deitzen diote toki horri, «basamortuko infernua» esan nahi du. Hori oso gogorra da; beti daude zain elkartasun moduan ea zer iristen den herrira. Gainera, aste hori familia batekin pasatzen dugu, eta aipatu behar da familia horiek ematen dutela ez dutena ere, gu ahalik eta hoberen egoteko. Haiek oso pozik daude, badakitelako gu hara joan eta ondoren, hona etortzean, beraien arazoa politikoa dela adierazten dugula.

Bozgorailu gisa egitea, ezta?

Beraiek esaten dute oso pozik daudela gu hara joateagatik eta laguntzeagatik, baina eskatzen digute ahalik eta indar gehiena egin dezagun instituzioetan arazo politikoa konpontzeko. Madrilek lehenbailehen bere errua onartu behar du, oraindik Sahararen potentzia administratzailea baita eta bere eskuetan baitago. Azken hilabete hauetan, Europako Auzitegiak esan du bi edo hiru aldiz Marokok ezin dituela saldu Saharako produktuak, eta hau pozgarria da. Gauza txikiak dira, baina hori da gure helburuetako bat, gauza horiek kontrolatzea.

Jada bigarren edota hirugarren belaunaldia jaio da. Gazteenek ez al dute interesik euren herria ezagutzeko?

Udan Euskal Herrira etortzen diren umeek itsasoa ikusi, eta beraientzat sekulakoa da. ‘Guk ere badaukagu, baina ezin dugu han bizi’, esaten dute. Ikusita beraien ohitura dela oso gazte ezkontzea, momentu honetan bigarren belaunaldikoak nahiko koxkortuta daude. 2014an hartu genuen lehendabiziko neska, orain ezkonduko da, eta beste batzuk jada gurasoak dira.

Komunikabide hau, GARA egunkaria, erabilita, zer transmititu nahiko zenuke Saharan korrika egin aurretik?

Hemen dagoen korrika egiteko ohitura aprobetxatuta, egiteko proba hori, joateko kanpamentuetara eta ikusteko zer polita den basamortuan korrika egitea, edota oinez ibiltzea. Hangoek daukaten guztia ematen dizutela ikusita, euren bozgorailuak izan behar dugu. Esaten diguten bezala, ‘mesedez, joan zure herrira eta esan nola gauden’. Badakigu astebete dela, ez dira data onak, baina munduko 25-26 herrialdetako jendea apuntatzen da; mundu osora zabaldu behar dugu Saharako herriaren egoera.