Jon LEUNDA
sokatira

Beti Gazte eta Gaztedi izan dira jardunaldiko onenak

Gaztedi, nesketan, eta Beti Gazte, mutiletan, izan ziren herenegun Artaxoan jokatu ziren saioetan irabazle. Gizonezkoen ligaxkako azkeneko saioa zen, eta emakumezkoena, berriz, aurrenekoa.

Gizonezkoak 600 kilokoan neurtu ziren, eta azkeneko jardunaldian Abadiño eta Murueta B falta izan ziren. Amaierako jardunaldian Beti Gazte izan zen talderik onena. Lesakakoen atzetik, Ñapurrak, Murueta A, Sokarri, Ibarra, Gaztedi eta Berriozar sailkatu ziren.

Behin bigarren jardunaldia jokatuta, bi saioetako batuketak egin behar izan ziren finalean zeintzuk izango ziren jakiteko, eta datorren asteburuan jokatuko den azkeneko saiorako, Beti Gazte, Ñapurrak, Murueta A, Sokarri, Ibarra eta Gaztedi sailkatu dira. Euren artean egongo da maila honetako txapelduna.

Neskak 375eko mailan aritu ziren, eta hemen hiru jardunaldiko liga jokatu behar dute. Aurrenekoan, Gaztedi izan zen nagusi, tiraldi guztiak irabazita. Bigarren Ibarra izan zen. Gipuzkoarrek Gaztedirekin galdu egin zituzten bi tiraldiak, baina gainerako guztietan garaile atera ziren.

Hirugarren postuan sailkatu zen Txantrea, Berriozarri eta Goiherriri irabazita, eta gainerako talde guztiekin galduta. Laugarren lekuan geratu zen Berriozar, Goiherri taldeari bi tiraldiak irabazi eta gainerakoekin galduta, eta sailkapena Goiherrik itxi zuen jokatutako tiraldietako bakar bat irabazi gabe.

Sailkapen nagusia ere era horretantxe geratzen da, eta lehen jardunaldian ikusitakoaren arabera, Gaztedi taldea izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Ibarra izan daiteke aurre egin liezaiokeena.