Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

Cerro Muralloneko ekialdeko aurpegiak lehen bidea jaso du

David Bacci, Matteo Bernasconi eta Matteo Della Bordella italiarrek «El valor del miedo» marra zabaldu dute. Hilaren 4 eta 5 artean, alpinistok 1.000 metro eta 90º, M6 eta A2 zailtasunak gainditu behar izan zituzten. Jaitsiera, berriz, oso gogorra izan zen.

Irakurle batek baino gehiagok galdetu digu zer gertatu ote den aurten Patagonian. Hots, ohiko denboraldian orriotan jardueren berri ez dugula eman. Erantzuna oso soila eta argia da: eguraldi gaiztoa izan da nagusi.

Patagoniako erpinetan espezialista den eskalatzaile batek hau adierazi digu: «Patagonian urteak generamatzan ezohiko klima eta eguraldiarekin. Denboraldi horietan ere eguraldi zakarra izan genuen, baina, bederen, leiho on batzuk aprobetxatzeko aukera eman zigun. Aurten, aldiz, ezberdina izan da oso: Patagoniako betiko klima izan dugu! Zoritxarrez, apenas izan dugun leiho onik, eta izan direnak txiki-txikiak izan dira. Jarduera erraz eta azkar bat egiteko “baimena” ematen zigun soilik».

Eta lagun honek aitortu diguna ez da txantxa; guztiz kontrakoa baizik. Irakurleak gogoan izango du azken urteotan Patagoniako udako sasoian makina bat jarduera azpimarragarri jorratu ditugula. Aurten, berriz, orain arte bat bera ere ez.

Baina, “zorionez”, egoera ilun horretatik irteteko hirukote italiar batek Cerro Murallonen eginiko eskalada aurkeztu digu. Lerroburuetan aurreratuko dizuegu. Hilaren 4an eta 5ean, David Bacci, Matto Bernasconi eta Matteo Della Bordellak mendiaren eki aurpegian lehen bidea sortu dute. “El valor del miedo” du izena, eta honako egiaztagiria du: 90°, M6, A2, 1.000 metro. Lehen eskalada egunean eguraldi nahiko egokia izan zuten, baina bigarrenean okertu eta ekaitz bortitz batek harrapatu zituen. Gailurra eguerdiko ordu batean egin zuten, eta jaitsiera, berriz, hego-mendebaldeko aurpegitik. Cono izeneko glaziarrera jo zuten. Berez, jaitsiera erraza da, baina eskalatzaileok apenas ezer ikusten zuten. Hitz batean esanda: jaitsiera epikoa izan zuten.

Gogoratu behar dugu ere, 1999. urtean marra horretan Laurence Monnoyeur eta Bruno Sourzac frantziarrak saiatu zirela; baina, bidearen erdialdean zirela, ekaitz intentsu batek jaistera behartu zituen. Ordurako, 90°, A2 eta M5 zailtasunak gaindituta zituzten.

Laburpen hau egin eta gero, aipatu behar dugu italiarrek, Cerro Torre edo Fitz Roy mendikateak ez bezala, ohikoa ez den mendi bat aukeratu zutela: Cerro Murallon. Batzuen batzuek diote, oso urruti egoteaz gain, Patagoniako mendirik basatienetariko bat dela.

Alabaina, aitortu behar da mendi hori alpinismorako eremu arras interesgarria dela.. Hain zuzen ere, beste hirukote italiar batek (Carlo Alde, Casimiro Ferrari eta Paolo Vitalik) mendi hori lehen aldiz eskalatu zuen. 1984. urtea zen, eta urte asko pasa behar izan ziren bigarren igoera bat heldu arte. Hiru urtez jarraian saiatu ondoren, Stefan Glowacz, Robert Jasper eta Klaus Fengler-ek osatutako sokadak 2003. urtean mendiaren ipar horman “The lost world” (1.100 m, 6b, M8) eta bi urte geroago “Gone with the wind” bideak zabaldu zituen.

Aipatzekoa da ere, 2012. urtean Pedro Galan, Lise Billon, François Poncet, Jeremy Stagnetto eta Jerome Sullivanek ipar-ekialdeko ertz estetikoan “Pilar del sol naciente” ireki zutela.

Lehenak

Bien bitartean, Bacci, Bernasconi eta Della Bordellak Cerro Muralloneko ekialdeko aurpegiaren korapiloa askatzea helburu zuten. Baccik, adibidez, adierazi du xede horrekin oso motibatuta zeudela: «Cerro Murallonen maila handiko marrak sortu dira, baina ekialdeko aurpegia oraindik askatu gabe zegoen. Eta helburua lortu dugu. Inolako zalantzarik gabe, abentura handia izan da; beste garai batzuetara eramaten gaituena. Bai, eite batzuetan Patagonia zen bezala bizi izan dugu».

Ziur aski, hala izango da; arestian aipatu dugun bezala, aurtengo denboraldia kaskarra izan delako oso eta apenas jarduera azpimarragarririk egin den. Italiarren kasuan, gainera, gogoratu behar da jarduera hori estilo alpinoan egin dutela. Ez dute paraboltik erabili eta tresneria guztia gainean garraiatu dute.

Era batera edo bestera esanda, esan dezakegu protagonistok Cerro Muralloneko aitzindarien lekukoa hartu dutela. Bai lehenak, baita bigarrenak ere, Italian eta mundu zabalean sona handia duen “Ragni de Lecco” taldeko kideak dira. Ziur aski, Ferrari eta enparauen historiak bultzatuta, Bacci, Bernasconi eta Della Bordella Cerro Murallonekin inspiratu ziren. Jakina, frantziarrek mendiaren ekialdeko aurpegian eginiko saioaren berri zuten, eta haiek hasitako lana bukatzea otu zitzaien.

Horretarako, iaz Bacci eta Della Bordellak Cerro Murallon lehen aldiz bisitatu zuten. Helburua oso nabarmena zen: 1.000 metroko izotzezko zein arrokazko murru erraldoia aztertzea. Eta, antza denez, behar zen informazio egokia eskuratu zuten. Ondoren, Patagoniako hainbat erpinetan eskalada bikainak egin zituzten.

Baccik esan duenez, iazko bidaiaren ondoren, Patagoniaren sarean harrapatuta geratu zen: «Bi hilabete eta erdiko bidaia izan zen. Makina bat eskalada egin nituen, eta horrek guztiak Cerro Muralloneko ekialdeko aurpegiaren korapiloa askatzera eraman ninduen. Bai, inspiratu ninduen. Eta amets hori partekatu nahi nuen. Della Bordellarekin murru erraldoi horri lehen bisita egin eta Bernasconi orain egin dugun eskaladan parte hartzera gonbidatu genuen».

Hilaren 3an, hirukote hau hormatzarraren oinarrian aurkeztu zen: «Eguraldi kaskarrarengatik apenas izan dugun saiorik egiteko. Ia egunero euria, elurra eta haizeteak jasan behar izan genituen. Mendira hurbiltzen ari ginenean, adibidez, Pascaleko aterpean astebete blokeatuta geratu ginen. Eguraldiak aurkeztu zuen aurpegi horrekin jakin bagenekien Cerro Muralloneko ekialdeko aurpegian saiatzeko oso aukera gutxi izango genituela. Nahiz eta euria egin, hilaren 3an murruaren azpira abiatu ginen. Iragarpenek zioten aurretik leiho ‘on’ txiki bat genuela. Bi eguneko eguraldi txukuna: haize gutxiago eta eguzki pixka bat».

Biharamunean, hirukoteak lehen urratsak egin zituen. Della Bordelllak, adibidez, onartu du eskalatu duen hormatzarra kitzikagarria zela: «Frantziarrek eginiko eskaladaren informazioa bagenuen. Lehen egunean, eguraldiak lagunduta, erritmo onean eskalatu genuen. Zailtasun tekniko handiak gainditu bagenituen ere, hirurok ala hirurok paretari eta non kokatuta dagoen eiteari garrantzi handiagoa eman diegu. Hormatzar hori inoiz ikusi dudan konprometituena eta basatiena da».

Biharamunean, Bacci, Bernasconi eta Della Bordellak gailurra iritsi zuten. Bide berria amaitzeko azken metroak oso eguraldi kaskarrarekin egin zituzten: «Eguerdiko ordu batean tontorrean geunden, baina bezperan ez bezala, eguraldiak okerrera egin eta ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen. Egoera gordin horrek jaitsiera gogorra egitera behartu gintuen. Hego-mendebaldeko isuritik hasi ginen eta galdu egin ginen. Azkenean, glaziarrera onik iritsi ginen».

Era horretara, “Ragni di Lecco” taldeko ordezkari hauek Patagoniako historian beste pasarte bat idatzi dute.