Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
MIREN ARZALLUZ
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUKO ZUZENDARIA

«Kontsolidazioa eta hedakuntza kualitatiboa gauzatzea izango da Etxepareren hurrengo pausoa»

Urtea amaitzearekin batera iritsi zen Miren Arzalluzen (Bilbo, 1978) izendapena Etxepare Euskal Institutuko zuzendari gisa. Hilabete gutxi egin ditu karguan, baina etorkizunean lortu nahi dituen helburuak argi adierazi ditu lerrootan.

Bokaziotzat du Miren Arzalluzek historiarekiko zaletasuna. Deustun egin zituen ikasketak eta bere ibilbide akademiko eta profesional ia osoa atzerrian egin du. Londresen nazioarteko harremanetan sakondu zuen eta ikerketa hainbatetan parte hartu du. Baina Arzalluzen bidea aspaldiko pasio batek gurutzatu zuen, modarenak hain zuzen, profesionalki, intelektualki eta akademikoki urteetan jorratu duen eremua. Horrek eraman zuen Balenciaga museora eta azken urteetan Paris, Londres eta Anberes artean bizi izan da, erakusketetan komisario gisa lanean eta ikerlanak burutzen. Orain gutxi itzuli da etxera, hain zuzen, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaritzaren ardura hartzera. Donostiako Tabakaleran duen bulegoan hitz egin du hainbat sentipenez.

Historia, politika, moda. Nola lotzen duzu zure ibilbidea orain Etxeparen zaudela?

Iruditzen zait horrek guztiak ekarri nauela hona. Horren sentsazioa dut behintzat. Bizi izan dut batez ere politikoki, ez bakarrik konpromisoa hartuz, baizik formatuz; nazioarteko harremanak zer diren aztertzen; bestalde, kultur profesionala bilakatu naiz ere bide horretan, ondarearen kudeaketan eta museoetan lanean eta moda ikuspegi horretatik aztertu dut, ikuspegi akademiko batetik eta ondare ikuspegi batetik. Ematen du osagai horiek guztiek ekarri nautela orain hemen egotera.

Kanpoan zeundenean zein zen Etxepare Institutuaz zenuen pertzepzioa?

Oso positiboa. Oso erakunde gaztea da eta azken sei urte hauetan denbora asko eman dut kanpoan; beraz, ez dut hemen bizi izan, baina jarraitu izan dut kanpotik interes handiarekin.

Eta orain, barruan zaudela, pertzepzioa berbera da?

Orain, erantzukizuna zure gainean dagoenean, pertzepzioa desberdina da. Interesgarria iruditzen zaizu berdin-berdin, baina bestelako limitazioak dituzu, eta mugak, egin daitezkeen gauza guztiak eta erronkak. Oraindik egiteke dauden erronkak, batez ere oso erakunde gaztea delako. Orain arte hemen aritu den lantaldeak jarri du Etxepare posizio ezin hobe batean orain bigarren kontsolidazio fase bat hasteko. Fase kualitatibo bat edo hazkunde kualitatibo bat egiteko. Orain ikusten dut erronka hori.

Etxepare bada euskal kultura kanpoan zabaltzeko erreminta. Zu kanpoan bizi izan zara urte askotan eta baduzu abantailarik, badakizu euskal kultura atzerrian nola ikusten den.

Herri txikia gara eta baditugu gure limitazioak. Gainera, oso irudi distortsionatua eman da gure kulturari dagokionez eta horrek ez digu inongo mesederik egin. Eta hori bizi izan dut kanpoan nengoela. Era positibo batean ere bizi izan dut nola balioan jartzen den gure historia, gure tradizioa, gure hizkuntzak egiten duen ekarpena mundu honetan. Beti esaten zidaten, nahiz eta pedante bezala geratuko naizen ingelesezko hitzak erabiliz, ez dut parekorik aurkitzen, «uniqueness», beste inork ez du halako ekarpenik egiten guk gure hizkuntzarekin eta kulturarekin egiten dugun bezalakorik. Eta hori bai apreziatzen dela eta balioan jartzen dela. Baina ez dut sentitu sortzaile bezala gure sorkuntza garaikidean ekarpena egiten dugula ikusten denik.

Euskal kultura bada gabezia eta hutsune asko dituen kultura bat. Ez da kontrajarria etxe barruan ez dagoenaren gainetik kanpoan ikusarazteko nahi hori?

Guk lana egiten dugu etxe barruan eta etxe kanpoan. Egiten dugu lan gure sortzaile eta barne eragileekin zuzenean eta kanpokoekin aldi berean. Gure sortzaileekin egiten dugun lana batez ere da identifikatzeko dituzten beharrak, nahiak, ardurak, eta beraien lana munduan zehar ezagutzera emateko eta zabaltzeko bideak identifikatzen ditugu. Eta aldi berean, kanpoko eragileekin lan egiten dugu. Hau da, kanpoko eragileak eraginkorrak edo guretzat interesgarrienak direnak identifikatzea, beraiekin harremanetan jartzea eta sakontzea, eta horrela gure sortzaile eta eragileentzat bide berriak sortzea. Hau da, zubi lana egitea, sasiak bidetik kentzea, aukerak identifikatzea eta ahal dugun neurrian hauek bermatzea kanpoan.

Denbora gutxi daramazu hemen. Ez dakit buruan ote duzun aldaketa garrantzitsurik.

Oso lan interesgarria egin da orain arte, baina, bai, ekin behar diogu salto kualitatibo horri. Horretan gabiltza, ez ni bakarrik, zuzendaritza talde osoa baizik. Hor dugu orain ni etorri aurretik sortu berria zen Kultura Zuzendaritza. Beraz, orain egitura aldatu egin da eta orekatuagoa dago. Euskara hedatu eta sustatzeko zuzendaritza bat daukagu eta kultura sustatzeko eta hedatzeko beste zuzendaritza bat, eta beraz, alor biak oso orekatuak daude, eta horrek izango ditu ondorio positiboak etorkizunean.

Zeintzuk dira epe motzean ikusten dituzun erronkak?

Hor dauzkagu euskararen arloan oso zehazki aipa ditzakedan erronka batzuk. Orain arte euskararen irakaskuntza munduan, alor akademikoan batez ere, jorratu izan da nazioarteko unibertsitateetan daukagun irakurletza sare horren bitartez. Eta oraintsu sailaren barnean hartu den erabaki baten ondorioz Euskara Munduan programa, hau da, munduko euskal etxeetan egiten den euskararen irakaskuntza, orain arte Habek kudeatzen zuena, orain guk kudeatuko dugu. Trantsizio horretan gaude eta ikusiko dugu zein epetan egingo dugun, denok nahi dugu lehenbailehen bideratzen hastea. Horrek ekarriko du ez bakarrik proiektu berri bat baizik eta izugarrizko aukera munduko euskal etxeekin gu ere zuzenean aritzeko, orain arte ez duguna egin.

Hori euskarari dagokionez, eta kulturaren arloan zeintzuk dira apustu nagusiak?

Kulturaren arloan oso aukera potenteak identifikatu ditugu. Adibidez, dimentsio handiko nazioarteko programazioak, zeinetan gure sortzaile asko edo ugari txertatu. Identifikatu eta aukerak bermatzen ari gara eta orain bermatu behar duguna da horiek gauzatzea. Ezin dizkizut izenak eman oraindik, ez dugulako ezer bermatua, baina nahi ditugu programazio eta aukera potoloak ikusgarritasunaren bila, gure sortzaileek munduan zehar beren lanak ezagutzera emateko.

Horretan ja sartzen gara baliabideen alorrean, guk daukagun aurrekontua daukaguna da, eta dudarik gabe hor aritu beharko gara erakunde batzuekin elkarlanean, bai publikoak eta bai pribatuak.

Zenbateko aurrekontuaz hitz egiten ari gara?

Oraingo aurrekontuak onartzen badira, 2,3 milioiko aurrekontua izango dugu. Beraz, %6ko hazkundea izango dugu, iazko zifrei dagokienez. Eta hazkunde hori dator batez ere lehen aipatu dizudan egitura hori bermatzeko.

Zein alorretan ikusten duzu izango duzuela zailtasun gehien?

Dena da zaila, baina kultur alorra oso anitza da. Gainera, irizpide akademiko zorrotz batekin oso ondo planifikatutako estrategia daukagu martxan euskararen irakaskuntzari dagokionez.

Erronka handiago bat da solaskide eraginkorrenak identifikatzea, sortzaile guztien ahotsak kontuan izatea; eta askotarikoa denez, eragileak kanpoan ere askotarikoagoak dira. Ez da berdina Veneziako Bienal batekin hitz egitea edo musika tradizionaleko programatzaile batekin hitz egitea. Denak dira erronkak, baina askotarikoagoa denez, zailagoa ere egiten da.

Fronte desberdinak dituzu zabalik.

Bai. Ikusten ditut gauza horiek guztiak hedatzen eta kontsolidazio eta hedakuntza kualitatibo hori gauzatzea izango da hurrengo pausoa.

Atzerriaz ari zara, Etxepare bera mundura begira dagoelako, baina ez dakit ariketarik aurreikusten duzuen etxe barrura begira. Herritarrek ba al dute nahikoa erreferentziarik Etxeparekiko?

Horretan ari gara. Identifikatu dugu, bai, ezagutza falta bat, jendeak ez du oso argi ikusten Etxepare zer den, zertarako sortu zen. Askotan esaten digute Cervantes bat ote garen. Dimentsio aldetik ez gara gehiago, baina kontzeptualki eremu handiago bat hartzen dugu. Ez gara bakarrik hizkuntzaren hedapenean egiten dugun lana, baizik eta kultur arloa ere sustatzen dugu. Beste herrialde batzuetan erakunde batek baino gehiagok egiten duten lana egiten saiatzen gara hemendik. Bai identifikatu dugula ezagutza falta hori eta aztertzen ari gara une honetan nola horri aurre egin eta nola aldatu jendeak duen perspektiba.

Euskara hizkuntza gutxitua da eta txikitasunetik handitasunera joate hori bada harro egoteko moduko zerbait.

Existitzearekin sekulako ekarpena egiten diogu munduari. Estrategia bezala euskara irakurletzak goi mailako erakunde akademikoetan kokatzeak, hedapena ez ezik, prestigioa ere ekartzen du. Baina baita ere, hor, eta hori da beste erronka bat, gure irakurleekin harremana sendotzea. 34 irakurle ditugu dagoeneko 34 nazioarteko unibertsitatetan, zortzi katedra ere badauzkagu, eta beraz, beraiekin harremana sendotzea, eta beraiek kultur dinamizatzaile bezala duten rol hori bultzatzea, hemendik babesa ematea.

Irakurletzez ari zara. Joseba Sarrionandiak Habanako unibertsitatean lortutakoa izan da azkena. Atzerrian bizi da azken hiru hamarkadetan eta euskal literaturak duen idazle erreferentziala da. Etxepareren ispilu da? Edo ispiluaren beste aldea?

Zalantzarik gabe. Kasu honetan irakurle honek egiten digun ekarpena esan dezakegu kualitatiboki ohikoa dena baino handiagoa dela, sinbolikoki izan duen esanahia ere kontuan izanda.