Jon LEUNDA
APUSTUA

Larrañaga eta Txikon Azpeitian neurtuko dira uztailaren 1ean

Harri-jasotzen, aizkoran eta korrikan lehiatuko dira zezen-plazan, eta kirolari bizkaitarrak bi kana-erdiko aldea izango du.

Alex Txikonek eta Mikel Larrañagak herenegun gauean itxi zuten hiru lan izango dituen apustua, eta uztailaren 1ean lehiatuko dira Azpeitiko zezen-plazan, 19.00etan.

Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharrari 20 jasoaldi eman beharko dizkio hasteko; jarraian, Mikel Larrañagak 12 kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkoran, eta Alex Txikonek bi gutxiago; eta azkenik bakoitzak 7,5 kilometro egin beharko ditu korrika.

Enborrak Alex Txikonek plazaratuko ditu, baina apustuaren egunean bertan, goizean, bien artean erabakiko dute bakoitzak zein enbor ebaki behar dituen. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu.

Txikon mendizale gisa ezaguna baldin bada ere, aizkolaria ere bada, eta bai Bizkaiko bai Euskal Herriko hainbat txapelketatan hartu du parte, nahiz eta Euskal Herrikoan Hirugarren Mailan dagoen. Oraingoz ez du maila horretako finala jokatzeko txartelik lortu.

Mikel Larrañaga aizkolari gaztea izan arren, egun dagoen onenetakoa da. Bera da egungo Gipuzkoako txapelduna, eta Euskal Herriko Lehen Mailakoan ere podiuma zapaldu zuen. Bi aizkolarien artean alde handia dagoela jakina da, eta ondorioz bi kana-erdikoren aldea izango da. Gainerakoan egin beharreko lan berbera izango dute.

Data ere ez da ohikoa; izan ere, uztailaren 1ean jokatuko baita. Normalean behin maiatza igarota ez da aizkoran apusturik jokatzen, eta hori horrela izateko faktore bat baino gehiago izaten da. Alde batetik egin dezakeen beroa, bestetik txapelketen garaia ere bada, bai eta herriko jaietako erakustaldien sasoia ere.

Hala ere, ilunabarrean jokatuko dute norgehiagoka hau, eta ikusi beharko da eguna nolakoa izaten duten. Apustua ixtea ez zen erraza izan, eta amaieran Larrañagak esan zuenez, berak nahi zuena baino gehiago egin beharko du korrika. Txikon, lehen ere Joseba Otaegiren aurka neurtu zen, tankera horretako lan batean.