10/04/2017

JULIO SOTO EZKURDIA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

Bere laugarren txapela jantzi zuen larunbatean eta, atzo, jende askoren maitasuna jaso zuen Korrikaren amaieran. Gorritiko patxadara bueltatuta, finalak bere baitan mugitutako emozioak ordenatu nahian topatu dugu. Ez dago gustura kartzelakoan hartu zuen bidearekin. Trenbide ertzean kokatu zen, bertara botatzeko prest, eta Anaitasuna zulatu zuen. Bere egunerokoa argiagoa dela nabarmendu du.

«Nagoen baino ilunxeago eta eroriago agertzen naiz txapelketan»
Amagoia MUJIKA|GORRITI
0410_juliosotoona

Txapela kotxean utzita duela esan digu. Garai batean Julio Sotok zuzen begiratzen zion txapelari, ez luke aise utziko edozein bazterretan. Gaur egun, baina, erabat bere barrura begira dago, eta hortik kantatzen du. Ez du asko aztoratzen txapelaren presentziak. Barru-barrutik dakarren horrek aztoratzen du. Batzuetan, nahi baino gehiago.

Zer moduz zaude?

Oraindik finalari buelta batzuk ematen. Egia esan, ez dut minutu bakarra lo egin. Finalaren tentsioa eta gero, kostatu egiten da desaktibatzea eta, nahiz eta sekulako nekea izan, ezin begirik bildu. Finalak ahalegin mental eta fisiko handia eskatzen du eta horrek bere karga dakar.

Finalak emozio karga handia izan zuen, bukaeran nagusiki.

Bukaera nahiko berezia izan zen. Azkeneko kartzela horri buelta dezente ematen ari naiz. Egia esan, ez nintzen oso konforme gelditu aukeratutako bidearekin. Neure buruarekin itun bat eginda neukan, gai horri ez niola kantatuko bat-batean behintzat. Ez nuen erabili nahi baina ezin izan nion gaiari ihes egin. Gordin tratatu nuen, gordinegi, eta neure buruarekin haserre samar geratu naiz. Bertsolari bakoitzak bere barru arauak dauzka, sortzaile bezala zein muga jarri nahi dituen, eta finalaren ondoren sentitu dut nire barruko zerbait traizionatu egin dudala. Bertsotan denak ez du balio. Ongi dago barrutik kantatzea, zure min hori ateratzea, baina gero norberak jartzen dio bere buruari iragazkia eta balio ez zuen zerbait egin izanaren sentsazioa daukat, baita disgustu pixka bat ere. Gainera, ikusten nuen zein bidetik nindoan, ez nengoen gustura eta puntu batzuk narras samar joan zitzaizkidan horregatik. Horrek guztiak utzi dit pixka bat gazitik.

Oso barrutik ekarri zenituen emozioak. Burutik pasatutako gauzak ziren, ezta?

Bizitzak horrelako astinaldi bat ematen dizunean gauza asko pasatzen zaizkizu burutik. Zorionez, ideia horiek pasa egiten dira, ez dira geratzen. Baina derrigor gai askori buruz hausnartzen duzu, baita suizidioari buruz ere. Bertsoak ez ziren gezurra, baina ez ziren erabat egia. Burutan ibilitako hausnarketa batzuei jarritako hitzak ziren. Pentsatzen dut sinesgarri bezain beldurgarri suertatuko zirela eta horrekin ere geratu zait arantza. Agian egin nezake gauza bera dotoreago, izenik sartu gabe, ez hain gordin...

Une horretan plazan Julio Soto besarkatzeko gogoa sumatu zen; «aupa Julio, aurrera» irakur zitekeen bertsozale askoren begietan.

Bai, sentitu nuen eta final ostean ere sentitzen ari naiz. Ez orain, hasieratik jendea nirekin oso-oso ondo portatzen ari da eta nik sentitzen dut inguruan jendea bultzatzen ari zaigula. Oso-oso eskertuta nago. Baina nire inguruko jendea lasai dago, nahiz eta nik bertso horiek bota. Kontziente naiz bertsoa bat-bateko zerbait dela eta batzuetan nekez egiten diozula ihes barrutik datorkizun horri. Gaia entzun nuenean bizpahiru aldiz saiatu nintzen buelta ematen eta beste nonbaitetik ekartzen bertsoa, baina, azkenean, amore eman behar izan nuen.

Hala ere, irakaspen handi bat izan da niretzat. Neure burua gehiago ezagutu dut eta ikusi dut egin nahi ez ditudan gauza batzuk egin ditzakedala eta aurrera berriz ez egiteko bidea jarri diot neure buruari. Pixka bat gazitik utzi dit horrek, baina pentsatzen dut ikasgai bezala balioko didala.

Beste ariketa batean duela hamar urteko Julio Soto, buruz burukoetan Silveirarekin lehiatzen zen gazte hura, aipatu zenuen. Lehen oso plazara begira kantatzen zenuen. Orain, oso zure barrura begira.

Batzuetan barrura begira kantatze horretan, zure mundutik aritze horretan, zure bertsoa eta zure figura ilundu egin ditzakezu. Nik ulertzen dut atzo gertatu zitzaidana, txapelketan aritzeko nire modua, oholtzan egoteko nire jarrera... nahiko loturik daudela bizitzen ari naizenarekin eta nahiko nuke argitasun edo arintasun gehiago transmititu. Badut sentsazioa atzokoa nolabait ziklo baten ixtea izan daitekeela. Hemendik aurrera pentsatu nahi dut barrura begirako bide horretan, bai bertsolari bezala eta bai pertsona bezala, argitasun gehiago topatuko dudala. Bertsoaldi horrekin neure burua traizionatu dudala sentitu dut, baina, era berean, barruan nuen korapilo bat askatzen lagunduko didala uste dut.

Txapelketan kostatu egiten zaizu irri egitea, baita laugarren txapela buruan duzula.

Lagun batek esan dit, eta ni ere ohartuta nago, batik bat txapelketetan kostatu egiten zaidala iluntasun horri buelta ematea. Bertso afarietan eta saioetan lortu dut, eta eguneroko bizitzan ere barre asko egiten dut. Baina, txapelketan hainbesterainokoa da emozio saltsa, hainbeste oroitzapen ditut... bertso saio arruntetan baino askoz biluziago eta emozionatuago sentitzen zara. Nagoen baino ilunxeago, tristeago eta eroriago agertzen naiz txapelketan. Finalean saiatu nintzen horri buelta ematen, baina emozioek gaina hartu zidaten eta pixka bat handi geratu zitzaidan barruan daukadan karga hori. Gainontzean, inguruan lasai dauzkat eta ni ere lasai nago, doluaren bidean ongi goazelako. Finalean agertu nuen baino argiagoa da egunerokoa. Hori ere esan nahi dut, ez dudalako inor kezkatu nahi.

Txapelaren eskaintza, ele bitan, gurasoei.

Gurasoei omenaldi bat egin nahi nien eta ez nuen nahi aitari bertsoa itzuli beharra izatea, ez baitaki euskaraz. Erdia amarentzat eta beste erdia, aitarentzat.

Bertsolari bakoitzak bere barru arauak dauzka, sortzaile bezala zein muga jarri nahi dituen, eta finalaren ondoren sentitu dut nire barruko zerbait traizionatu egin dudala