Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Mont Blanc-eko ipar hormetan kalitatezko mugimendua izan da

Neguaren amaieran, Chamonixeko Groupe Militaire de Haute Montagne taldeko hainbat kidek Les Droitesetako «Rhem-Vimal», Grandes Jorassesetako «Rollig Stones» eta Petit Druko «Lesueur» eta «Voie des guides» marrak eskalatu zituzten.

Lasai asko aitor genezake Mont Blanc-eko mendilerroan dauden ipar hormatzar esanguratsuenetan neguko jarduera interesgarririk apenas izan dela. Horietako batzuk egin ziren, ordea, urtaro horren amaieran; denak ala denak, gainera, Chamonixeko Groupe Militaire de Haute Montagne taldeko hainbat kidek eginikoak.

Ingurumari hartan (eta kanpoan ere) alpinistok izen handia dute; izan ere, Mont Blanc-eko mendilerroko ipar hormetan eta ospe handiko beste zenbaitzutan azpimarratzeko eskaladak egin dituzte. Jakina, egunero-egunero ipar horma horiek ondo baino hobeto aztertzen dituzte. Hots, haien inguruko informazioa oso eskura dute.

Honen inguruan zera azaldu dute: «Azken urteotan ohartu gara martxoaren 10etik 20ra eguraldi onak bisitatzen gaituela. Kasualitatea ote? Ala klima aldaketa gurean geratu da? Eskalatzaileontzat ez dago arau finkorik, baina neguaren hamargarren eta hamaikagarren asteetan neguko igoera bat egiten saiatzen gara. Beraz, antizikloia heldu zen, eta harekin bost eguneko eguraldi leiho bikaina. Ipar haizeak gogor astitzen zuen. Eiger-en bide mitiko bat eskalatzeko aukera baztertu genuen, eta, azkenean, ‘etxean’ bertan jarduteko aukera ederra zabaldu zen».

Hau guztia aprobetxatuta, GMHM taldekoek neguaren azken hondarretan hainbat eskalada bikain egin zituzten. Honakoak dira lerroburuak.

Martxoaren 13tik 15era, Max Bonniot, Leo Billon eta Pierre Labbrek Grandes Jorassesetako “Rolling Stones” bidea igo zuten: «Bidearen giltza (M8) librean eskalatu genuen, baina 24. eta 25. luzeak (M7+ eta M7) ez ziren era askean atera. Uste dugu esloveniarrek eskalatu zuten bidetik pixka bat aldendu ginela. Bide hau oso ona iruditu zaigu, baina era berean oso arriskutsua; izan ere, arrokaren kalitatea txarra da».

Jarduera hau egin eta gero, Bonniotek berak soka hartu, Sebastien Ratel eta Pierre Sancier kideen gerrira lotu eta Les Droitesetako “Rhem-Vimal” marra eskalatu zuen. 1992. urtean ireki zen, eta errepikapen gutxi izaten ditu. Berez, “Colton-Brooks”-etik hasten da, eta, ondoren, eskuinera jo eta amaieran “Couzy-Salson”-ekin bat egiten du. 2009. urtean lehen aldiz era askean igo zen, eta hirukote hori gai izan da Les Droitesetako bide hori egunean igotzeko; ziur aski hori egiten lehenak izan dira.

Hirugarren igoera Ratel eta Jerome Parak sinatu zuten. Hain zuzen ere, Petit Druren “Voie des guides” marra: «Mont Blanc mendilerroan dauden bide gogorren artetik hau oso ederra da: arroka ona du, babesteko aukerak ematen ditu eta azkar igotzeko aukera ematen du. Gainera, oraindik ez da era askean igo, eta uste dugu eite horrek asko esaten duela».

Beste bi taldek, azkenik, “Leuseur” bidean jardun zuten. Horietako batek, gainera, egunean igotzeko aukera izan zuen.

Errepikapenak

Grandes Jorassesetako “Rolling Stones” bidean eginiko jarduerari buruz, Bonniotek adierazi du hormatzar horretan bost eguneko eskalada aurreikusi zutela: «Martxoaren 13an, martxan jarri ginen; oso goiz, gainera. Aiguille du Midi-ra igoko gaituen teleferikoa hartu genuen. Ilargiak gure alde egin zuen, eta eguraldia oso egonkorra zen. Haran Zurian gure izterrak berotzen ari ginela, ia oharkabean Leschaux-eko bidegurutzera heldu ginen. Elurra gogorra zegoenez, hurbilketa bidea nahiko erosoa izan zen. Eguerdia izateko ordu erdia falta zenean, bidearen sarrerara iritsi ginen. Tresneria guztia ondo antolatu eta lehen urratsak egin genituen».

Hirukote honek jakin bazekien Grandes Jorassesetako ipar horma oso lehor zegoela, eta, baldintza horiengatik, “Rolling Stones” bidetik hasi beharrean, “Cassin”-etik eskalatzen hasi zen: «Taldearen buru ni neu jarri nintzen, eta segituan ‘Rolling Stones’-en sartu ginen. Mistoko hainbat luze egin eta gero, bederatzigarren bileran bibaka antolatu genuen».

Soka finkatuta, Billon eta Labbre bibakera heldu, eta, adierazi dutenez, gau deserosoa igaro zuten: «Biharamunean, Leo elurrezko zelaietatik abiatu zen. Esku artean genuen krokisarekin nahastu eta hainbat metro ‘Perillat-Glairon’ eta ‘Moulin’ bideen artean egin genituen. Azkenean, hamaseigarren bilerara iritsi ginen; gainera, pixka bat harrituta. Izan ere, arrokan luze ederrak eta zailtasunean jarrai- tutasuna zutenak eskalatu genituen».

Hogeigarren bilerara arte, Labbrek sokaburu jardun zuen: «Arrokaren kalitatea txarra zen, baina, zorionez, erlaitz batean aukera bikaina izan genuen bibak eroso bat atontzeko. Jakin bagenekien biharamunean bidearen giltzari ekin behar geniola. Berriro sokaburu jarri nintzen, eta luze horretan lan eskerga behar izan nuen egin. Arroka txarra zen, baina friendak jartzen ondo moldatu nintzen. Zorionez, luze gogor hori patrikara eraman nuen. Hirurok bat egin ondoren, ‘Cassin’ bidetik ‘Desmaison’-ek dituen azken elur aldatsetara abiatu ginen. Azken metro horiek Leok lideratu zituen. Tontorrera heldu bezain laster, eguzki izpi batzuek ongi etorria eman ziguten. Baina gaua gainean genuen, eta bibak hotz baina eroso batek burutu berri genuen abentura eder bati amaiera eman zion».

Grandes Jorassesetatik Drus-etara egingo dugu salto jarraian, orriotara ekarri nahi ditugun beste bi jarduerak haren ipar aurpegian egin baitziren. Arnaud Bayol, Antoine Bletton eta Alban Alozyk ia-ia poltsikoratu zuten “Lesueur” bidea: «Martxoaren 13an, hormaren oinarrian bibaka egin genuen. Eskalatzen, berez, goizeko bostetan hasi ginen. Luzeen zailtasunak oso jarraiak ziren. Hauek gainditzen denbora asko pasatu genuen. Gaueko hamarretan bibak bat antolatzen saiatu ginen, baina ez genuen ezer aurkitu. Tontorretik 100 metrora geunden, eta bide guztia rappelatzea erabaki genuen. Goizeko bostetan dendara heldu ginen. Jardun ederra izan zen, baina ez genuen gure helburua lortu».

Etsipen egoera hori iraultzea, berriz, hirukote horren beste bi kidek lortu zuten, hain zuzen: Dimitry Muñoz eta Cyril Duchenek. Beren kideek ez bezala, azken sokada horrek oso arin jardun zuen; besteak beste, bibakerako tresneria ez zuten eraman. Martxoaren 16an, goizeko hiruretan, martxan ziren, eta Drusetako lepora arratsaldeko seietan iritsi ziren. Hiru ordu eta erdi geroago, bidearen sarreran zeuden.

Azkenik, “Lesueur” bidetik oso hurbil dagoen “Voie des guides”-en Ratel eta Parak martxoaren 14an eskalatu zuten: «Marra enigmatikoa da. Oso gutxitan errepikatzen da, eta ziur aski bide hori neguan igotzen lehenak izan gara. Iltze batzuk ikusi eta bide onetik gindoazela erakutsi ziguten. Artifizialeko luzeak egun dry-toolingean egiteko aukera dago; joera modernokoak zein tenteak dira. Bibaka horma-hobian egin genuen, eta biharamunean, mistoko ageriko zein kalitate handiko luzeak egin eta gero, lepoan arratsaldeko bostetan heldu ginen».