Asier AIESTARAN
Arrauna

Traineruentzat test garrantzitsua Ondarroan

Larunbat arratsaldean jokatuko da VI. Antiguako Ama estropada. Erlojuarenaurkako moldea erabiliko dute eta 26 ontzik hartuko dute parte.

Behin trainerilla denboraldia amaituta, traineruen garaia iritsiko da hemendik aurrera. Eta etapa berri horretako aurreneko kapitulua larunbat honetan bertan idatziko da, Ondarroako VI. Antiguako Ama estropadarekin. Denboraldi-aurreko test estropada izango da, erlojuaren aurkako moldean jokatuko dena, eta 17.30ean hasiko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakumezkoen mailan bost traineruk hartuko dute parte: Lea-Artibai, Portugalete, Arraun Lagunak, Deustu eta Pasai Donibane. Gizonezkoetan, berriz, 21 ontzi izango dira lehian, hiru txandatan banatuta. Aurrenekoan Iparraldeko Arraunlariak, Deustu B, San Juan, Kaiku B, Lutxana, Bermeo-Mundaka, Donostiarra eta Getxo irtengo dira. Bigarrengoan Santurtzi, Arkote, Hondarribia, Orio B, Deustu, Isuntza, Getaria eta Portugalete. Eta azkenengoan San Pedro, Orio, Kaiku, Bermeo eta Ondarroa.

Hain zuzen, etxeko trainerua izango da irteera hartzen azkena, 19.10 aldera, eta estropadak ere beste urte batzuetan baino ikusmin handiagoa sor dezake herrian, eta ez alferrik, Ondarroak gorengo mailan egingo duelako arraun aurten lehen aldiz, Eusko Label Ligan. Aurreko astean konfirmatu zenez, Liga hori uztailaren 1ean hasiko da Bilbon, Euskal Herritik kanpo hasteko negoziazioak fruiturik ez dutelako eman azkenean.

Larunbatean Ondarroan gailentzeko faborito nagusiak ere Eusko Label Ligako puntan ibiliko diren traineruak dira. Hondarribiak, esaterako, San Pedroko testa eta Orioko jaitsiera irabazi ditu aurten, baina Bermeok aurre hartu zion Hondarribiko jaitsieran eta Oriok ere lortu zuen garaipena Astilleron.

KAE Ligako traineruei dagokienez, denbora gutxiago falta zaie lehiaketa ofizialari ekiteko, maila horretako bi multzoek ekainaren 18an dutelako aurreneko estropada puntuagarria. KAE1 Ligako 12 ontziek Santurtzin ekingo diote lehiaketari, eta KAE2 Ligakoek Lutxanan.