GARA
DONOSTIA

Usurbilen trenak harrapatutako gazteak ZIUn jarraitzen du, pixkanaka hobetzen

Usurbilen duela bi larunbat Mozal Legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela trenak harrapatu zuen gazteak (M.G) Donostia Ospitalean jarraitzen du, zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU).

Parte Zaharreko gazteari babesa adierazteko atzo Bulebarrean egindako prentsaurrekoan Eleak-Libre mugimenduak aditzera eman zuenez, azken bizpahiru egunetan bere egoerak hobera egin du; «bilakaera ona da», alegia, baina lesio larriak ditu eta oraingoz han jarraituko duela erantsi zuten. Gaur hamaikagarren eguna bete da ZIUn dagoenetik eta mediku taldeak «pazientzia» eskatu dio familiari, oneratzea motela izango delako.

Gazteak parte hartu duen ekimenak ere gogoratu zituzten: «Etxegabetzeei kontra egiten, Parte Zaharreko auzoko bizitza sustatzen, gazte ikuspegitik mundua eraldatzen, ikasleen eskubideen alde, eta, oro har, beharrezkoa izan den orotan», goraipatu zuten.

Horrekin batera, bihar Donostiako Bulebarrean (19.00) egingo duten elkarretaratze eta batzarrera joateko deia egin dute. «Martinen aldeko eta Mozal Legearen kontrako» mobilizazioa izango da. «Protesta hau kolorez, jendez eta edukiz betetzeko» gonbita zabaldu zuten.