Haritz LARRAÑAGA
ZARAUTZ
Entrevue
IÑIGO URDINAGA
IDAZLE ETA SURFLARIA

«Surf munduaz harago, egungo gizartea eta baloreak ere kritikatzen ditu liburu honek»

Surflari oriotarrak surfa ardatz duen euskarazko lehen liburua idatzi du. Surfaren ohiko ikuspegitik harago ikusmolde alternatiboak planteatzen ditu. Kritikoa da, surf munduarekin eta baita egungo gizarte eredu suntsitzailearekin ere. Pertsonaia errealak, egiazko kontakizunak, datu pila bat eta guztia euskara arin eta dotorean. «Paradisutik urrunago edo gertuago gaude?» galdetzen du Iñigok.

Zergatik Iñigo Urdinaga?

Iñigo Fernandez Ostolaza naiz, eta izen berarekin jende asko dago, baita jende ezaguna ere. Baina, horrez gain, liburua idazten ari nintzenean, berez lehen liburua behar lukeena, Zeelanda Berrian nengoen eta hango jendeari esaten nion “Indigo” deitzeko, atzerriko jendeari nire izena zuzen esaten kosta egiten zaiolako. Urdin mota bat da “indigo”, eta jarri zidaten bluei... Bada, gustatu zitzaidan eta horrekin geratu nintzen.

Zergatik euskaraz?

Euskaldunak gara eta nik oso natural bizi dut hori, euskaraz bizi naiz. Egia da ere euskaraz egite hutsak mezu zehatz bat ere igortzen duela. Esaterako, orain ikusten ditut gaztetxoak sare sozialetan ingelesa erabiltzen, nahiko modu artifizialean, eta, liburua kritiko samarra izanik surf munduan nagusi den korronte handi horrekin, bazterretik eta euskaraz egiteak liburuaren filosofiarekin bat egiten duela uste dut.

Surfean erdal hizkuntzek duten pisua kontuan hartuta, nola moldatu zara euskaraz idazteko?

Erreferente nagusia Orioko arrantzaleak izan dira, haiek erabiltzen dituzten hitzak hartu ditut. Egia da guk gure artean ez dugula horrela hitz egiten, baina badira oso antzeko terminoak.

Ingelesez erabiltzen diren hitz asko berriz, ingelesez mantendu ditut, adibidez, olatu gainean egiten diren ariketak, cut-back, reentry eta antzekoak. Baina hor ere saiatu naiz euskara erabiltzen, “zirt egin zion eta gero zart”, “gora eta behera egin zuen” eta antzeko esaldiekin. Komunikazio ikuspegitik ulergarria izan behar zen, baina euskaratik sortua. Ezin da idatzi datorkizun bezala, irakurlearen azalean ere jarri behar da.

Irakurleak zein mezu jasoko duela uste duzu?

Bi irakurle multzo handi izango direla uste dut. Batetik, surflariak, baina benetakoak, ez azalekoak, eta, bestetik, irakurtzea maite dutenak. Alegia, surflarientzat interesgarria izan daiteke informazio asko dagoelako eta asko bizi izan dituzten gauzekin identifika daitezkeelako. Irakurleei dagokienean, ni ere irakurlea naiz, eta uste nuen surfak eman zezakeela irakurleari zer gozatua.

Zehazki surfari dagokionean ez dakit korronte kritiko bat planteatzen dudan, baina gutxienez zer pentsatua emateko eztabaida gai batzuk mahai gainean jartzen ditut.

Indarrean den ereduarekin kritikoa zara?

Zoritxarrez, putzuaren beste aldetik hona iristen zaizkigun gauzak korronte orokorrak ekartzen ditu; multinazionalek bultzatzen duten korronte indartsu hori nagusitzen da. Txapelketen inguruko zirku hori dena, marka izenek babesten dituzten surflarien nondik norakoak eta abar. Baina, zorionez, surfaren mundua hori guztia baino askoz ere zabalagoa edo anitzagoa da. Urrun joan gabe, Orio edo Getaria bezalako arrantzale herri txiki batean surfa eta itsasoa ulertzeko modua ziur aski zarauztar batek izan dezakeenaren desberdina izango da. Herri turistiko batean itsasoa ez delako modu berean ikusten.

Surf eskolekin kritikoa zara?

Bai. Hor ere denetik dago, noski, batzuek baloreak dituzte, besteek agian ez, batzuk txikiak dira, besteak handiak... Nik ez dut esango surf eskolak itxi egin behar direnik, baina bai ardurarekin jokatu beharra dutela. Dena ez da libre.

Surf gidak ere ez dituzu maite?

Kritikoa naiz. Adibidez, perretxikoak edo lanpernak hartu dituen norbaitek Google Maps aplikazioan adieraziko balitu non topatu dituen, dagoeneko desagertu ziren lanpernak eta perretxikoak! Nik uste dut, gainera, surfaren xarma hein handi batean hor dagoela, bilaketan. Zazpi aldiz joan leku batera eta beti huts egin, baina, halako batean, lortzen duzu, eta hor dago xarma.

Zure ustez jakintza partekatu behar da?

<>Ni liburu honetan jakintza partekatzen ari naiz, baina, hain justu, ematen den informazioa korronte nagusiaren alternatiba den surfa ulertzeko da baliagarria. Inork ez du publikoki esaten, baina ni ziur naiz surflarien gehiengo zabalak surfaz gozatu nahi duela, ez duela interes handiegirik lehiaketekin eta abar. Ni saiatzen naiz jende askorentzat onargarriak izango diren planteamenduak hor jartzen.

Uste dut badela behar bat gure zaharrengandik ikastekoa, eta itsasoan urte eta belaunaldi asko daraman jendearengandik ikasi behar dugu. Arrantzaleek gauza asko erakusten dizkigute. Esaterako, angulak harrapatzen badituzu ez esan non eta noiz hartu dituzun. Orain, ordea, Facebook eta antzekoekin dena kontatzen dugu. Badugu zer ikasi...

Gauza asko utzi behar izan dituzu liburutik kanpo ?

Bai, noski. Liburuak badu asmo literario bat, nahiz eta benetako pertsona eta gertaerekin lan egiten dudan. Adibidez, Nat Young hizpide hartzen badut hitzaurrean, gutaz ere ari naiz, eta surfaren azken 50 urteetako historiaz ere ari naiz, alegia, gertaera pertsonalak kontatzen badira ere, balio sinbolikoa izan dezaten saiatzen naiz, esanahi zabalago bat izan dezaten.

Saiatu naiz gauza gutxi esan eta asko iradokitzen. Saiakera bat egingo banu 400 orrikoa, gustura geratuko nintzateke, baina oso astuna litzateke. Hortaz, egia da tonuak eta labur izan behar horrek mugatu nautela, baina arintasuna lortzeko beharrezkoa izan da.

«Putomuroa» eta paradisua, bi mutur, eta erdian itsasoa?

Paradoxa da Orioko barra eraiki zutenek gura luketen paradisua guk amesten genuenaren kontrakoa dela. Badago hor desarrollismoaren olatu horretan, gizakiaren esku hartze neurri gabekoa ongi ikusten duen multzoa, ustez paradisu bat sortzen ari direlakoan, eta beste batzuek uste dugu horrelako ekintzek paradisutik urruntzen gaituztela.

Liburuan kontatzen dut nola gure paradisu txiki hark bere alde mingarriak ere bazituen, eta modu sinbolikoan salberak aipatzen ditut. Geure paradisu zatia bagenuen, eta putomuroa egin zutenean ebatsi egin ziguten. Hor konturatu ginen guk politikaz paso egin arren, politikak ez zuela gutaz paso egiten.

Eta surfa ez da olatua mendean hartzea?

Surflari bat ikusten duzunean olatu gainean zutik, hor doa, olatuarekin batera olatuak berak ezarritako martxan, olatuari kalterik egin gabe, gozatuz, plazeraren plazeragatik, besterik gabe. Nik iradoki nahi dudana da modu ederra litzatekeela mundualdi hau ere horrela planteatuko bagenu. Alegia, ez gauzak gehiegi hobetzen, lan pila bat egiten, dirua egiten... Diruaren kulturak itsututa gaitu. Surfak erakusten digu mundu hau ez da lantoki bat, jolastoki bat baizik.

Orduan zer proposatzen duzu, soilagoak izan behar genukeela?

Gu surf egitera goaz plazeragatik. Bizitzan ere zentzu berean mugitu beharko genuke, alegia, plazeraren bila, baina orainean, eta ez “orain dirua egingo dut eta gero disfrutatuko dut”. Surfaren oinarrizko irakaspena da olatuak daudenean han egon behar dela. Hedonista hutsak gara.

Liburuan surflari asko deskribatzen dituzu eta hiru mitiko aipatzen dituzu, surfari erabat lotuak. Baina lehorrean mitikorik aipatu beharko bazenu?

Liburuan Putxadez aipatzen dut. Futbolari baten antza zuelako deitzen zioten horrela, aurpegia zimurtua, beltz-beltza, mutil zaharra, beti purua ahoan... Ez zen inoiz Oriotik atera, baina nik oso gizon librea ikusten nuen, eta oso jakintsua ere bai bere modura. Esnatu, gosaldu, purua piztu eta itsasoa ikustera joaten zen, eta bazkalostean ere bai.