Maider IANTZI
COMBI JARDUNALDIA

ZAINTZAN HIZKUNTZA GUTXITUAN KOMUNIKATZEKO GAKOAK

ZAINTZAKO LANGILEEK LANEAN HIZKUNTZA GUTXITUAN KOMUNIKATZEKO GAITASUNA LORTZEKO METODO BERRIAK LANTZEN ARI DIRA COMBI EUROPAR PROIEKTUAN. DONOSTIAKO JARDUNALDIAN, EMAITZAK AURKEZTEAZ GAIN, PRAKTIKA ONAK AZALDU DITUZTE. FINLANDIAKO AXXELL PROIEKTUKO ADITUEK ETA ELHUYARREKOEK ESPERIENTZIAK PARTEKATU DITUZTE.

«Egun on. Elina Tuomikoski naiz. Finlandiakoa, Helsinkikoa, Axxell-ekoa». Euskaraz, irribarrez aurkeztu du bere burua hizlariak, Donostiako Carlos Santamaria zentroan elkartutako lagunen aitzinean. Suediera eta finlandiera dira Europa iparraldeko herrialdeko hizkuntza ofizialak. Samiera ere aitortua dago. Axxell proiektuan samiera eta suediera ikasteko metodo berri bat garatu dute, laneko premiak betetzeko. Komunikazioa da xedea, ikaslea ardatza.

Lantokirako samiera kontzeptua nahiko berria da. Enplegu zerbitzuekin eskuz esku garatu dute. Hizkuntza-behar jakin batzuk dituzten enpresak eta samieraz ongi moldatzen ez diren langileak –etorkinak aunitzetan– biltzen ditu egitasmoak. Eta horien hizkuntza-gaitasuna handitzea du helburu, ikasketak beharretara egokituz.

«Samierazko ikastaro batzuk egin ditugu lantokian bertan, zaintzaren sektorean, umeekin eta nagusiekin aritzen diren pertsonekin. Zein zeregin dituzten aztertzen dugu, ikastaroa ahalik eta zehatzen egokitzeko», kontatu du Tuomikoskik.

Jarraian Jutta Kosola kideari eman dio hitza. Honek jaramon gehiegi egiten ez zaien bi alderdi jarri ditu mahai gainean: beharren analisia eta ondorengo ebaluazioa. Lehenbizikoarekin hasita, ikasleak zer ikasi behar duen zehazten dute. Enplegatzaileak hizkuntzari dagokionez zein itxaropen eta premia dituen ere aztertzen dute, eta zein den abiapuntua, alegia, zein hizkuntza mailatik hasiko diren eragiten.

Hori guztia jakiteko galdetegiak erabiltzen dituzte aurrena, eta ondotik eztabaidak, banaka zein taldeka. «Irakasleen eta enplegu-emaileen arteko elkarrizketak oso inportanteak dira. Garrantzitsua da irakasleak lana eta enpresa ongi ezagutzea, eta enplegu-emaileak irakaslea eta ikastaroa ere bai», nabarmendu du Kosolak.

Beharren analisia eta ebaluazioa ikastaroaren parte dira Axxell-en. «Gure ikasleentzat zail samarra izaten da beharrei buruz hitz egitea. Zertan naiz ona? Zertan ez? Zertarako gai naiz eta zertarako ez? Zer interesatzen zait eta zer ez? Halako galderei erantzun behar diete. Beren laneguna ere deskribatzen dute».

Agertu du, adibidez, batzuetan langile etorkinei ez dietela bilera handietan kasurik egiten. «Praktika dezakegu nola egin hitza hartzeko». Langile bat aunitz lotsatzen zen umeentzat ozenki irakurtzen, eta praktikatu eta praktikatu ibili zen lortu arte. Bertze bati gurasoekin solastatzea kostatzen zitzaion, hauek presaka izaten ziren eta inportantea zen umearen eguna eurei kontatzea. Hori hartu zuen xede nagusitzat. Esperientzia hauek kideekin partekatu zituzten gero.

Ikasketa ez da ikastaroarekin amaitzen eta jarraitzeko laguntza ematen diete langileei. Zaintzan, batez ere zaharrekin, badago beharra samiera eta suediera, biak jakiteko.

Elhuyarren Eusle

Interes handiz aditu dute Axxell-en esperientzia hizkuntzaren arloan lanean ari diren hainbat herritako lagunek. Hori erakusten dute sortu diren galdera ugariek, baina lehenago jardunaldiaren antolatzaileen artean den Elhuyarrek martxan dituen egitasmo batzuk konpartitu ditu. Horietako bat da EkoLingua karta jokoa, Soziolinguistika Klusterrarekin garatua.

«Gai polemikoak aztertzeko balio du. Berdintasunean eta hirigintzan erabiltzen dugu», hasi da Helene Armentia esplikatzen. «Talde bat euskaraz ari bada eta erdaldun bat iristen bada, zer egin behar dugu? Karta jokoarekin landu daiteke. Euskaldunon ikuspegitik egin zen eta erdaldunek aipatu ziguten beste egoera batzuk erantsiko lituzketela. Beren lekuan jartzeko eskatu ziguten. Hori ere bada erronka bat».

Eusle metodologiaz ere mintzatu da. Lankide talde bati eskaintzen zaion tresna bat da; gero eurek erabakiko dute erabili ala ez. Eguneroko lanean garatzen da eta beharrezkoa da gutxienez euskara ulertzea. Eusleek (taldearen %20 inguru) konpromisoa hartzen dute beti euskaraz egiteko. Gainerakoek nahi duten bezala egin dezakete. Helburua da eusleen bidez bertzeak ere euskarara pasatzea. Emaitza onak ematen ari dela eta jendea hagitz eskertuta dagoela adierazi du Armentiak hunkituta.