J.O.
HERRIARTEKOAK

Oiartzunek bere kanporaketa irauli eta Azpeitiaren aurka jokatuko du finala

Asteburuan eskuzko Bizkaiko Herriartekoaren finala Usansolok irabazi ostean, larunbat honetan jokatuko dira Nafarroako eta Gipuzkoako txapelketen finalak. Nafarroakoan aurreko astetik jakina da azken urteetako talderik indartsuenek, Iruñeak eta Doneztebek, jokatuko dutela finala larunbat goizean. Gipuzkoan, berriz, Azpeitiak, egungo txapeldunak, eta Oiartzunek lortu dituzte finalerako txartelak, azken horrek, gainera, Zizurkilen aurka maldan gora zuen kanporaketari etxetik kanpo buelta emanaz.

Puntu bakarraz galdu zuten oiartzuarrek joaneko jardunaldian, baina, bere txarrean, 49 tantora berdinduta. Bada, azkenean, horretxek eman die sailkapena. Eta hori gauzak are zailago jarri zitzaizkiela itzulerako lehen partidan, kadeteenean, zizurkildarrek berriro 22-18 irabazi baitzuten. Horrek hutsik egiteko aukerarik gabe utzi zituen oiartzuarrak eta gazte mailan Oroitz Sein eta Ekain Etxeberriak bikain erantzun zuten, 22-9 irabaziz. Tanto alde horrekin, azken partidak erabaki zuen dena eta Salaberria-Ugaldek garaipen erosoa eskuratu zuten, 21-9 aurreratu ostean, zizurkildarrek markagailua zertxobait estutzea lortu bazuten ere (22-14).

Askoz erosoagoa izan zen gaur egungo txapeldunen, azpeitiarren, garaipena. 2-1 irabazi zuten joanekoan eta itzulerakoan aise nagusitu ziren hiru partidetan Ataunen aurka (2-22 kadeteetan, 1-22 jubeniletan eta 3-22 seniorretan).

Seigarrenaren bila

Argi dago Ilunpekoek azken urteetako talderik sendoenetako bat osatzen dutela, ez baitituzte alperrik bost txapel eskuratu XXI. mende honetan –2004, 2008, 2015 eta 2016an–. Gainera, 2008an eta 2015ean Euskal Herriko Herriartekoak ere irabazi zituzten azpeitiarrek.

Finala larunbat honetan jokatuko da, 16.30ean hasita, Donostiako Atano III.ean.