GARA
DONOSTIA

Stefan Winterren «Poem of a Cell» ikuskizunak irekiko du Donostiako Jazzaldia

Stefan Winterren «Poem of a Cell» ikuskizunak emango dio hasiera uztailaren 20an Donostiako Jazzaldiaren 52. edizioari. Ikuskizunaren mundu mailako estreinaldia izango da eta, hiru filmeko obra proiektatzen den bitartean, 60 musikari baino gehiago arituko dira zuzenean Zurriolako hondartzan. Jazzaldiko ohorezko saria Carles Lloydentzat izango da.

Donostiako Jazzaldia uztailaren 20an abiatuko da, Zurriolako hondartzan, 22.30etik aurrera, “Poem of a Cell” obraren mundu mailako estreinaldiarekin. “Poem of a Cell” irudi eta soinu ikuskizuna Stefan Winterren ekoizpen bat da eta aldi berean hiru pantailatan proiektatzen diren hiru filmez osatuta dago. Proiekzioa 60 musikari baino gehiagoren zuzeneko musikarekin osatzen da. Guztiak jazzetik, musika klasikotik, etnikotik eta koraletik datozen artistak dira. Horien artean izango dira Uri Caine, Mark Helias, Clarence Penn, Barbara Walker, Joachim Badenhorst, Fumio Yasuda, Rajab Suleiman, Saada Nassor, Fanny Winter, Kettwiger Bach Ensemble eta Forma Antiqva.

“Poem of a Cell” 138 minutu irauten duen soinu eta irudi sekuentzia bat da eta hiru amodio olerkitan oinarrituta dago: hebrearren bibliako Tanakh liburuko “Kantarik ederrena”; Matilde Magdeburgekoa zistertar lekaimearen “Jainkotasunari darion argia”; eta Basorako Rabi’a andrazko sufiaren “Jainkozkoarekin bat”.

“Poem of a Cell” lanaren mundu mailako estreinaldiaz gainera, Donostiako Jazzaldiak aurrez jada iragarritako hainbat musikariren zuzenekoak eskainiko ditu. Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi, Abdullah Ibrahim... Ehun emanaldi baino gehiagoren egoitza izango diren hamazazpi agertokitan egingo da aurtengo Jazzaldia eta hiru emanalditatik bi doakoak izango dira. Tokiko taldeek ere beren leku propioa izango dute, hogeita hamar zuzenekorekin.

Charles Lloyd

Donostiako Jazzaldiak Charles Lloyd saxofoi jotzaileari emango dio aurten bere ohorezko saria. Lloydek antolakuntzari adierazi dionez, «pozarren» jasoko du saria, aurretiaz ezaguna baitu. Izan ere, 2002an Elvin Jonesi eman zitzaion sari berberaren lekuko izan zen. Oraingoan, bere laukote berriaren buruan joko du, uztailaren 22an, Trinitate Plazan.

Charles Lloyd Memphisen jaio zen 1938ko martxoaren 15ean. New Orleansen bezala, Memphisek ere Mississippi ibaiari lotutako kultura aberatsa du, blues, gospel eta jazz musikaz blaitutako ondarea. 1965ean bere laukote propioa osatu zuen eta talde haren bidez ezagutu zituen Keith Jarrett (pianoa), Jack DeJohnette (bateria) eta Cecil McBee (baxua). Lloydek argitaratutako “Forest Flower: Live at Monterrey” (1966) diskoa izan zen milioi bat kopiatik gora saldu zituen jazzeko lehen grabazioetako bat. Eta bere laukotea izan zen San Frantziskoko Fillmore auditoriumean jo zuen lehenengo jazz taldea. Hitzordu hartan kartel berberean egon ziren Jimi Hendrix, Janis Joplin, Cream, The Grateful Dead eta Jefferson Airplane. 1967an Jazzeko Urteko Artista izendatu zuen “Downbeat” aldizkariak.

Denboraldi batez erretiratuta egon ondoren, 1981ean itzuli zen zuzenekoetara, Michel Petrucciani piano jotzailea lagun. Ordutik hona, munduan zehar han eta hemen zuzenekoak eskaintzeaz gainera, hainbat disko grabatu ditu bere laukotearekin.